Software librearen zapalkuntzari buruz

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Matxinea 2016ko urr. 21a, 08:47

Pertsona asko daude software librearen aurka; bizitzan horrelako batekin baino gehiagorekin topatu naiz. Halere, gehienek ez dute tutik ere ulertzen gai honen inguruan. Ez dakite zer den, eta, gainera, software librearen eta freeware edo debaldeko softwarearen arteko nahasmena izaten dute. Normalean horrela bada ere, software librea ez da freewarearen sinonimo; printzipio jakin batzuk errespetatzen dituen software mota bat da.

Oinarri hauek ditu:

  • Programa erabiltzeko libertatea, edozein delarik helburua (0. askatasuna)
  • Programaren funtzionamendua ezagutzeko eta ikasteko burujabetasuna eta hori zure beharretara egokitzeko jaretasuna (1. askatasuna)
  • Komunitateari laguntzeko asmoz kopiak banatzeko libertatea (2. askatasuna)
  • Programa hobetzeko eta horiek publiko egiteko askatasuna, berriz ere komunitateak onurak lor ditzan (3. askatasuna)

Askatasun horietako batzuek behar-beharrezkoa dute eskura izatea programaren kodea (nolabait esateko, programaren tripak); 1. eta 3. askatasunek, hain zuzen.

Software librea laguntza komunitarioan oinarritzen da; ez da enpresa baten esku bakarrik dagoen zer edo zer. Bakoitzak bere alea eskainiz guztion artean egindako zerbait dugu, berezia eta, noski, askea.

Software pribatiboaren abantaila nagusia eta erabilera handiagoa izatearen arrazoi gorena esklusibotasunean, jendearen ezjakintasunean eta dependentzian oinarritzen da. Nik azken horretan nahiko nuke sakondu, hori baita arrazoi nagusia.

Nola sortzen da mendekotasuna? Eta, are gehiago, zergatik ez gara konturatzen dependentzia daukagula? Mendekotasuna sortzearen arrazoi nagusiak hezkuntza eta gu geu gara.

Ordenagailua, erostean, Windowsekin etorri ohi da (bai, Windows pribatiboa da, Microsoften sistema eragile partikularra eta, software librea maite dugunontzat, deabru softwarizatua; esaten den bezala, "Windowsen eta birus baten arteko desberdintasuna birusa doakoa dela da"), eta ez dugu planteatu ere egiten aldatzea, gehienetan ez dakigulako. Gainera, ofimatika aplikazioak (testu prozesadorea eta abar) instalatu beharko dizkiogu, eta, ziurrenik, horiek Microsoft Office izango dira, pribatiboak horiek ere. Hutsetik erosita eta “tranpa” egin gabe, 200 bat euro gastatu ditugu bi produktu horietan. Jadanik ekoizkin horiek ditugula, ez dugu beste alternatibarik ezagutzen, eta horren errua hezkuntzak dauka. Txikitatik horixe saldu digute, eta bizitza osoan hori bakarrik ezagutu dugu. Lanera joaten garenean “iruzur” egitea ezinezkoa duen enpresa batera, zer erosi eta jarriko digute? Microsoft Windows eta Microsoft Office, beinke, "besterik ez dakit erabiltzen eta". Beraz, nor izango da irabazlea? Microsoft, software pribatiboa.

Eskolen kasuan, nik behintzat, informatika ikasten hasi aurretik behin ikusi nuen GNU/Linux, eta irakasleak ez zuen jakin azaltzen zer den eta nola funtzionatzen duen. Eskola publikoetan ez da irakasten eta aipatu ere ez dute egiten zeintzuk diren horren abantailak (askotarikoak) eta desabantailak (urriak oso) software pribatiboarekin alderatuta.

Software libreak funtziona dezake, eta guztiok edo ia gehienok dakigu erabiltzen. Horren adierazle Android dugu, Linux distribuzio bat, gaur egun edozeinen mugikorrean aurki dezakeguna. Gainera, komunitatearen aportazioari esker da gaur egun dena, baina kontu hori beste baterako utziko dugu.

Eta hau da nire ustez behar dena... "Gizarte askeak, software librea" (Richard Stallman, 2004).

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide