Porrota zigor

Erabiltzailearen aurpegia Amamaren kutxa 2022ko uzt. 28a, 14:33

Aitor Arruti Rezabalek eta Koldo Campos Sagasetak Amamaren Kutxan idatzi duten ekarpen berria: 'Porrota zigor'.

Ameriketako Estatu Batuetan, 1791ko lege batek agintzen du ezin dela mugatu herritarrek armak edukitzeko duten eskubidea. Horren aldekoen argudio nagusia da herri isolatu asko daudela han, armen beharra gertatuz gero, poliziak orduak beharko lituzkeela horietara iristen. Hala, etxeak armategi bihurtu ditu askok, balizko etsaiei aurre egiteko. Egia guztiz bestelakoa da ordea.

Joan den maiatzean, esate baterako, Texaseko Uvalde hiriko lehen hezkuntzako eskolara armekin sartu zen ikasle ohi bat, eta polizia bertan zen lau minutu geroago, baina agenteek 40 minutu protokoloa berrikusten eman zituzten. Bitartean, ikasle ohia bezperetan eragozpenik gabe erositako bi eraso-armak erabiltzen hasi zen, hogeita bat lagun hil zituen, ikasleak eta irakasleak, eta hainbat zauritu eragin; hori guztia, aldez aurretik sareetan zeuzkan asmoen berri eman ostean.

Maiatzean bertan, Buffalo hirian gazte supremazista zuri bat pertsona beltzak joan ohi diren supermerkatu batera iritsi zen autoan. Jaitsi orduko, kanpoan jendeari tiroka hasi zen aurrena, denda barrura sartu eta jendea hiltzen jarraitu zuen gero. Hamar lagun hil zituen. Soinean zeraman kamera batekin grabatu zuen guztia.

Chicagoko auzo batean, Uztailaren 4ko ospakizun betean, gazte zuri bat jendeari tiroka hasi zen teilatu batetik, irismen luzeko errifle batekin. Sei pertsona hil zituen, 40 zauritu eragin.

AEBetako gizartean ohiko gertakari odoltsuak dira horiek. Tiroketa masiboen errekorra hautsi zuten iaz, 693rekin, bai eta tiroka hildako lagunena ere, 40.000 baino gehiagorekin.

Hala ere, bi mendeko lege hori ez da AEBetan oihaneko araua ezartzen duen bakarra, ezta hainbeste ero izateko arrazoi bakarra ere. Norberak ahal den gehiena edukitzeko hezten duen gizartea da, ez banatzekoa; errezeloa pizten duena, ez konfiantza; lehia bilatzen duena, ez parte hartzea; irabazten erakusten du, ez bizitzen. Frustrazioa eta miseria besterik ez du ereiten, eta porrota du zigor.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide