Taldearen eta negozioaren jabeek, jokatzeko hamaika jokalari behar zirela jakin zutenean, jokalari-taldea hamaika lagunera mugatzea erabaki zuten, gastuak aurreztuz, etekinak biderkatuz. Erdiko aurrelariak orkatila hautsi zuenean, haren lana egiteko, beste aurrelariari erasoan bikoizteko eskatu zioten, aparteko orduak egiteko.
Sakrifikatzeko garaia zen, denen onerako, taldearen onerako. Gehiegi saiatzearen eraginez, aurrelari bakarra lesionatu egin zen, ordea, eta erdilariei txandak bikoizteko eskatu zieten. Ahalegin apartekoa egin behar zen bajak berdintzeko, baliabideak optimizatu behar ziren.
Geroxeago, eskuin hegaleko atzelariari txartel gorria atera ziotenean, hiruko defentsa osatu zuten, hark zigorra bete bitartean. Alabaina, kanporatua taldera itzuli orduko, zoritxarra orduan ere bakarrik ez, ezkerreko erdilariari eta atezainari giharretako lesioak berritu zitzaizkien; hegaleko bakarrak eskularruak jantzi behar izan zituen.
Lau jokalari bakarrik geratzen ziren jokatzeko moduan, eta sarrerak saltzeaz, uniformeak garbitzeaz eta aldagelak garbitzeaz gain, partida irabazten saiatu behar zuten. Orduan, bat-batean, pandemia iritsi zen; hara hor negozioaren jabeek kudeaketa kaskarra eta emaitzak justifikatzeko aitzakia ezin hobea.
Eta ez, ez gara futboleko negozioaz ari, hala badirudi ere, adinekoen egoitzetako negozioaz ari gara.
Koldo Campos Sagaseta
Aitor Arruti Rezabal