Bi aldiz oihukatu behar izan zuen apaizak nire izena, ez bainintzen ohartu. Apaiz hura artaldea gidatuz zihoan umezurtz-etxera bueltan, batzuetan artzain-mutil bezala, beste batzuetan artzain-zakur moduan, eta ni nintzen ardia atzean geratu zitzaion. Bederatzi urte nituen, eta arreta galduta nenbilen, ez entzumena; hirugarren gaitzespena entzun nion.
- Orain ere txoritan!
Orduan ez nekien txoritan egotea, biziora daraman jarrera nagia izanik, bekatu larria zela.
Egia esan, artaldean txori haiek nituen aukerarik atseginena, ekaitz eta guzti; neure memoriarekin lotzen ninduen hari moduko bat. Indartsu, sortzaile eta, batez ere, sentibera bihurtzen ninduten txoriek. Hala jakin nuenez, txoriek amets txarrak uxatzen dizkigute, eta egun on kantatzen digute goizero.
Artzainak bestelako ikuspegia zuen, ordea. Txoriek zitalkeriaren gurutzea zekarten, txoritan egotea izarrei edo ilargiari begira egotea bezalakoa zen, ergel-lana, galbidea, okerkeria...
Mozoloa behar zuen izan, oinik mugitu gabe txori-hegalez hainbeste lekutara iristeko; hala ere, hainbeste urte geroago, txori horiexek ditut gaur ere lagunik leialenak, konpainiarik jainkozkoena.
Une honetan, jolas parkea itxita, oihala jaitsita eta argiak itzalita daudenean, bi metrora, erdian pareta, ez futbolik, ez mezarik, ez tabernarik, etxean giltzapean, ahal bada bakarrik... agian, burua altxatzeko unea izan daiteke.
Koldo Campos Sagaseta
Aitor Arruti Rezabal