Gizonak euren maskulinotasunari buruz pentsatzen jarrarazi nahi zituen. Harremanetarako eta izateko era gozagarriagoak aurki zitzaten ahalegintzen zen, horiekin gozatuz ezinbestean errespetatzera iritsiko zirelakoan.
Langintza horretan, Nikaraguako herrixka isolatu batera iritsi zen Patrick, bertako herritarrekin hitz egiteko asmoz. Bazekien herriko patriarkarekin hastea izango zuela onena; autoritate moralaren ordezkaria zen adinagatik, eta denek zor zioten errespetua. Bazekien bere proposamenak aurrera egitea, neurri handi batean, haren onespenaren baitan zegoela.
Patriarkarekin elkartu zen, bada, Patrick, eta matxismoaren indarkeria jorratzeko herritarrekin bilera bat egitea komeni zela azaldu zionean, patriarkak, keinuz urri, hitzez urriago, baiezkoa adierazi zion buruarekin.
Arratsaldean, herrixkako hirurogei lagun inguru elkartu ziren zeiba baten itzalpean; patriarka ere hantxe zegoen. Jendea ez zegoen ohituta denen aurrean euren kontuez hitz egiten, baina hasierako beldurrak gainditu zituzten: arratsaldeak aurrera egin ahala, dogmak deseraiki eta ikarak biluztu ziren, txantxa eta irri artean. Arian-arian, emakume batzuk eta zenbait neska-mutiko ere batu zitzaizkien, eta parte hartzen ausartu ziren; bat egin zuten bizitza beste begi batzuekin ikusten ikasteko ahaleginean, bizipenak eta istorioak kontatuta. Bestelako begiekin, ezin da inoren begiradarik debekatu edo menderatu.
Halatan, patriarka zen isilik jarraitzen zuen bakarra. Iluntzeak gaua ekarri zuelarik, bukatzeko garaia iritsi zen, eta, bat-batean, eskua jaso zuen patriarkak. Ordurako jaikita zebiltzan guztiak eseri ziren atzera berriz, eta, den-denak isildu zirenean, hala esan zuen patriarkak:
- Matxismoa eukaliptikoa da!
Harrituta, hitz egiten ausartu zen Patrick:
- Ez zenuen ba apokaliptikoa esan nahiko…
- Ez! –erantzun zuen irmo patriarkak–. Matxismoa eukaliptikoa da. Matxismoak, eukaliptoak bezala, inguruko bizia agortu beharra du bizi ahal izateko, besteren bizitzekin elikatzen delako, inguruan hazten doan guztia hilaraziz.
Horixe bera izan zitekeen matxismoaz sekula egin den definiziorik onena, ezaugarri bat tartean izango ez balitz: eukalipto agortzaileak berak ere zerbaiterako balio du.
Koldo Campos Sagaseta
Aitor Arruti Rezabal