Matxismoak sortutakoari buelta nola eman lantzen

Erabiltzailearen aurpegia ugalde_amaia 2016ko aza. 25a, 11:29

Argazkian, Sostenipe taldeko kideak.

Feminismoa lantzeko talde bat sortu dute Azkoitian: Sostenipe. Gizarteari betaurreko moreekin begiratu nahi diote, eta horretan ari dira: naturaltzat hartu ohi diren emakume eta gizonen arteko desberdintasunak ikuspegi kritikoz lantzen. Argi dute indarkeria matxista indarkeria fisikoa baino askoz ere gehiago dela.

 

Sostenipeko kideekin solasaldia izateko, Matadeira joan gara, bi asterik behin biltzen diren lekura. Bilera bakoitzean gai bat lantzen dute, eta gaurkoan feminismoaren historiaz jardun dute hizketan. Izan ere, “nondik gatozen jakin behar da nora goazen jakiteko”. Barne lanketan eta formazioan buru-belarri dabiltza, baina laster, azaroaren 25ean, kalera irtengo dira. Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Egunean beltzez jantzi eta plazan puntu beltz bat osatzeko deia egingo dute, besteak beste. Aurreraxeago emango dituzte xehetasunak.

Taldea sortzeko sua autodefentsa feministako tailer baten hasi zen pizten. Tailerrotan, norbere burua indartsu sentitzen trebatzeko lana egiten da, eta gizarteko desberdintasunek nola eragiten diguten hausnartzeko tokia izaten da. Bada, autodefentsa tailer hartako giro onak eraginda, hilabete askoz luzatu zuten ikastaroa. Bukatutakoan, lanketan segitzeko gogoz geratu ziren. Gogo hori iazko azaroaren 25ean indartu zen. Artean berdintasun teknikaria zegoen udalean, eta indarkeria matxistaren inguruan zer edo zer egiteko deia egin zien ahalduntze eskoletan ibilitako emakumeei. Ekintza ikusgarria egin zuten, Women in Black: beltzez jantzita, lurrean etzan ziren hainbat emakume, 2015ean eraildako emakumeak irudikatzeko. Gero, Gabonen bueltan jostailu sexisten inguruko Urte berri feministon! egitasmoa egin zuten, jolas giroan. Taldea pixkanaka joan zen eratzen, era naturalean, eta gaur egun hamabi lagun dabiltza Sostenipen.

Ikasten

Autodefentsa talde autonomo gisa definitzen dute beren taldea: “Ikuspegi kritiko batekin, emakume izatearekin zerikusia duten gaiak lantzen ditugu, eta hori autodefentsa da; ahalduntze modu bat, norbanako bezala eta gure artean kolektiboki”.

Landu nahi dituzten gaiekin zerrenda bat egiten dute, eta saioak binaka prestatzen dituzte, txandaka. Taldearen aniztasuna nabarmendu dute: “Batek Zuzenbidea ikasi du, besteak Historia…”. Bakoitzak bere ezagutzetatik eta interesetatik gai bat lantzeko konpromisoa hartzen du, eta gero bilerara ekarri. “Oso aberasgarria da, eta gu geu ahalduntzeko ere balio digu; saioa prestatzen duzunean indartuta sentitzen zara”.

 

Kaleko jarduna

Gaur egun Azkoitian ez dago berdintasun teknikaririk, eta berdintasun mahaia ere desegin zen. Beraz, indarkeria matxistagatik hilketak izan direnean, Sostenipek hartu du bere gain elkarretaratzeak egiteko ardura. “Hutsune hori hor zegoela ikusten genuen, eta baten batek erantzun behar zuela”. Baina, oraingoz, herrira begirako lana ez da taldearen lehentasuna. Barne formazioan dabiltza buru-belarri: “Gure erritmora eta ahalmenen arabera ibili nahi dugu, pixkanaka-pixkanaka, inongo konpromisorik gabe. Kanpora begira zer edo zer egiteak ez dezala taldea baldintzatu.”

Tarteka bai, izango dira kalean, eta azaroaren 25ean deialdia egingo diete azkoitiar denei indarkeria matxistaren kontrako egitasmoan parte hartzeko. Oraingoz aurreratu dute plazan puntu beltz sinboliko bat osatu nahi dutela, beltzez jantzi eta borobil bat elkarrekin osotuta. Aurreraxeago emango dute zehatzago horren berri.

 

Indarkeria hizpide

Matxismoaren alde deigarri eta larriena eraso fisikoena eta hilketena da. Gai horiek hedabideetan oro har duten trataera ez da ona, Sostenipeko kideentzat: “Emakumeen kontrako indarkeria gauza puntual bat balitz bezala lantzen dute. Erasotzailea munstro bat dela eta gertatutakoa pertsona jakin horren arazoa dela transmititzen da”. Horrelakoetan testuingurua falta izaten dela azaldu dute: “Gure gizartea horrelako gauzak pasatzeko moduan dago egituratuta”.

Emakume taldekoen hitzetan, indarkeria fisikoa baino askoz ere gauza zabalagoa da indarkeria matxista. “Deigarriena hori da, baina eraso asko daude, identifikatzen zailak”. Indarkeriaren erroak era grafikoan ikusten dira Amnistia Internazionalak kaleratutako Icebergaren Teorian. Piropoen adibidea jarri dute Sostenipekoek: “Kaletik piropo bat botatzen digutenean eta gu burumakur joaten garenean, jendeak ‘hori ona ez al da, ba?’ esaten du”. Bada, ezezagun batek deseroso sentiarazten bazaitu, ez. Hizkuntza sexista, txisteak, hedabideetan emakumeei buruz ematen den irudia, publizitatea, “neska, ez zikindu”, “mutil, negarrik ez” moduko mezuak… “Horiek identifikatzen jakitea oso inportantea da. Horrelako kontuak kuestionatzen ez badituzu, ezin duzu horren kontra egin. Antzematen baditugu, gauzak aldatzeko gai izango gara”.

 

Feminismoaren interpretazio okerrak

Gizartean feminismoa ulertzeko modu nahaskorra dagoela komentatu dute Sostenipeko kideek. Feminismoa matxismoaren kontrakoa dela pentsatzen du jende askok: “Esaten dute emakumea gizonen gainetik jarri nahi dugula, esajeratu batzuk garela, arazoa ez dagoen lekuan ikusten dugula… Kritikatzeko, lehenengo informatu egin behar da zer den”. Taldeko kideek argi dute: “Feminismoak berdintasuna esan nahi du”. Azaldu dute feminismoak boterea banatzeko beste era bat planteatzen duela: “Emakumeak ahalduntzeak ez dakar berekin mutilak zapaltzea, parekidetasuna lortzea baizik”.

Normaltzat ditugun hainbat kontu deseraikitzeak gizonei ere on egingo diela nabarmendu dute: “Subjektu bezala libreago eraikiko genuke geure burua honekin guztiarekin puskatuz gero”. Sostenipekoek argi dute txikitatik neska edo mutil izaten irakasten digutela. Neskentzako mezuek pertsona lasai, txukun, garbi eta pasibo izatera bideratzen dituzte; mutilek, berriz, aktibo, abenturazale eta gogor izateko mezuak entzuten dituzte txikitatik. Horrela, gizartean normaltzat hartutako jarrerak sortzen dira: espazio publikoetan gizonek emakumeek baino gehiago parte hartzea eta ozenago hitz egitea, adibidez; edota autobusean gizonak hankak zabal-zabalik esertzea, eta emakumeak hankak gurutzatuta. “Begiak irekitzen dituzunean, denean ikusten dituzu desberdintasunak”, diote: “Jendeak pentsatzen du ez dagoen lekuan ikusten dituzula, baina ez dira konturatzen arrainak uretan bizi direla eta ez dutela urik ikusten. ‘Denean ura ikusten duzu’, esan ahal dizute, eta halaxe da: uretan bizi gara”.

Gaian interesa duten azkoitiarrei dei eginez amaitu dute hizketaldia: “Baten batek kuriositatea badu, edo zer edo zer pasatu bazaio eta erantzun bat eman nahi badu, gu laguntzeko prest gaude”.

 

"Ez gara konturatzen mugimendu feministari zenbat zor diogun"

Historian mugimendu feminista gaizki ikusi izan dela nabarmendu dute Sostenipekoek: “Tristea da, mugimendu feministari ez baitzaio prestigiorik eman, adibidez, langile mugimenduari eman zaion moduan, eta feministengatik izan ez balitz, egun dauzkagun eskubide asko ez genituzke edukiko; ez gara konturatzen mugimendu feministari zenbat zor diogun”. Aurrerapauso guztien atzean borroka bat egon dela nabarmendu dute, eta, esaterako, sufragistak bere garaian muturreko zoroak zirela ingurukoentzat: “Jendeak ezin zuen ulertu zer eskatzen zebiltzan”. Haratago joan dira: “Pentsatzen dugu gizartean aldaketak izan direla beste gabe, jendea jatorra delako. Ez da horrela izan. Egon dira pertsona batzuk kartzelara joan direnak, erbesteratu dituztenak, gillotinatu dituztenak, erre dituztenak… Eta horiek denek lortutako garaipen txiki horiei esker gaude gu hemen. Garrantzitsua da nondik gatozen jakitea nora goazen jakiteko ere”. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide