Nondik hasi? Bada, hasieratik. Munoaundin aurkitutako aztarnetatik tiraka hasi ziren lehen saioan, eta pixkanaka-pixkanaka XIV. mendean hiribildua sortu zen garaira iritsi dira. Garai horretatik aurrera gertatutakoaren informazio gehiago dagoenez, azaldu dute orain denboran salto txikiagoak egingo dituztela.
Irratsaioetan umorea eta tertulia giroa izaten da nagusi. Rol markatuak dituztela diote. Mendizabalek Erdi Aroa eta XVIII. mendera artekoak kontrolatzen ditu; Etxezarretak, berriz, XIX. mendea eta XX. mendea landu ditu gehiago, eta saioan umore puntua jartzen aritzen da. Historialari bien erdian ibiltzen da Arenaza, historian aditua ez den norbaitek egingo lituzkeen galderak egiten eta bidea zuzentzen. Izan ere, batzuetan “putzu batetik bestera akordatzeke” ibiltzen dira.
Entzuleek, harrera ona
Orain arteko irratsaioek harrera ona izan dutela azaldu dute hiru zakelek. Juan Bautistak lore batzuk entzun ditu: “Edadeko jendeak esan dit Arrate irratia topatzen hasten direla, eta, danba, ezagutu egiten gaituzte, eta ‘ene, ze kontu eder!’. Uste dut arrosarioaren ordez gu aditzen gaituztela”. Arenazak esan duenez, Internetez ere hainbatek entzun ditu lehen saioak. Izan ere, asmoa programa hiru asteartetik behin egitea da, eta, gero, audioa sare sozialetan eta Maxixatzen.eus-eko komunitatearen bidez zabaltzea.
Arenazak gonbidatu zituen historialariak irratira. Herriko istorio batzuk entzun eta gero piztu zitzaion harra; adibidez, Pako-pako-ri irakurri zionean Karmen Kerejeta andereñoa 1933an udaleko gestorako buru izan zela, artean bozkatzeko eskubiderik edukitzeke. “Horrelako kontu kuriosoak jakin egin behar nituela uste nuen, eta ederra izango zela tabernan kontatuta bezala aditzea eta grabatzea. Horrela, jende gehiagok entzun dezake, eta, gainera, gordeta gelditzen da”.
Nola kontatzen den historia
Eskolan, askorentzat historia ikasgai astunetako bat izaten da. Hori irakasten den moduagatik dela diote irratsaioko kideek. Etxezarretaren hitzetan, “gazteentzat erakargarria ez den historia bigarren batxilergoko historia hori da, bai edo bai ikasi behar dena”. Karreran ere gauza asko buruz ikasi behar izan zituela du gogoan Mendizabalek: “Oso astuna zen; nik faraoien dinastia denak buruz ikasi behar izan nituen!”. Irratikoa desberdina da: “Kontatzen duguna gure historia da, geurea, eta, hortaz, entzuten dutenena; hori polita da”. Etxezarretaren ustez, etxean hasten da sarri historiarekiko irrika: “Familian herriko kontuei buruz hitz egiten pitz daiteke interes hori”.
Hau esan ohi da: historia irabazten dutenek idazten dute. Kontakizun ofizial horretatik kanpo, bestelako detaileetan sakondu nahi dute Zakel Zaltuk saioan: “Inork ezagutzen ez dituen etxeetako istorioak kontatu nahi ditugu”, dio Mendizabalek; “izan ere, gure aurrekoak ez ziren palazioetan bizi, balio artistikorik ez zeukatelako erraz bota zituzten etxeetan baizik”.
Argi-ilunak
“Nik uste dut Azkoitian, munduko historia, txikian, dena gertatu dela”, dio Mendizabalek. Tartean sekula kontatu ez diren pasarteak ere bai: “Esklaboak, esklaboen trafikoa, krimenak… Historia latzak”. Gerretan “itxuragabeko kontuak” izan direla azaldu du: “Azkoitia dezente erradikala izan da horretan, eta herri apurketa handiak izan dira”.
Harro egoteko moduko pasarteren bat aukeratzea kosta egin zaio Mendizabali. Bi garai aukeratu ditu azkenean: XVI. mendea eta burdinolei esker Azkoitian eta bailaran egon zen bizitasuna, eta XVIII. mendea, “bere kontraesan guztiekin”. Etxezarretak XIX. mendean eta XX. mende hasieran izan zen abarketen langile mugimenduko grebak aipatu ditu: “Oso interesgarria iruditzen zait garai batean hemen egon zen industria hura, eta nola jendea mobilizatu zen bere eskubideen alde”.
Mendizabalek beretzat “txundigarriak” diren hainbat kontu aipatu ditu: XVI. mendean, esaterako, Sevillako kontratazio etxeko lehenengotako notarioa azkoitiarra izan zen, “ustelenetarikoa, gainera”. Ilustrazio garaian azkoitiarrek Russeau eta Voltairerekin tratatzen zutela irudikatzea ere itzela da Mendizabalentzat. Kontraesanak, ugari: “Hauek denak jauntxoak ziren, eta jauntxo bezala jokatu zuten; eta, tartean, episodio bat izan zen, beltza”. Duela 250 urteko matxinadaz ari da Mendizabal: “Ez dut gai horretan behatza asko sartu nahi. Nik neure burua Peñafloridako kondearengandik baino hurbilago ikusten dut matxinoengandik, baina gertaera hark ezin du bota mugimendu batek egindako dena. Erlatibizatu egin behar da”.
Galderak eta parte hartzeko deia
Zakel Zaltuk saioan herritarrek egindako galderak erantzuten hasi dira, eta gustura jasotzen dituzte galderak. Taldea irekia dela azaldu dute, eta gairen bat landu nahi duenak lekua izango duela irratsaioan. Gainera, argi dute beraiek ez dakitela dena. Beraz, beraiek ere botako dituzte galderak tarteka. Adibidez, badaki norbaitek azkoitiarrei zer dela-eta esaten zaien zakelak?