Sekula ez dut jokorako zaletasunik izan. Ez dakit musean jokatzen, ezta pokerrean ere. Inoiz ez dut zentimo bat bota txanpon makinara. Eta Joni Missillek ez nauka bezero onenen zerrendan. Erosi izan dut Gabonetako zozketarako loteria txartelen bat edo beste inguruko guztiek erosten zutela ikusita, baina ezer tokatzeko esperantzarik gabe. Eta erosi izan ditut musika eskolako, igeriketa elkarteko eta futbol taldeko errifak, zientoka, beste erremediorik izan ez dudalako, baina horietan ere sekula ez zait ezer tokatu.
Norberak erabakita parte hartzen dugun zozketa horiez gain, badira beste era bateko loteriak ere; nahita ala nahi gabe, txartelik erosi ala ez, denok halabeharrez jokatzen ditugunak. Bizitzaren loteria, esaterako; gutxien espero duzunean ustekaberik handienak ematen dizkizun hori, izan txarrerako izan onerako. Edo azkenaldian jokatzea egokitu zaigun beste loteria hori. Nik behintzat, PCRen emaitzek baldintzatuta bizi garen garaiotan, une oro loterian jokatzen ari garen sentipena daukat. Eta Gabonetakoan ez, baina horretan badut tokatuko zaidan esperantza. Hurbil sumatzen dut saria, geroz eta hurbilago, eskuak bete txartel izango banitu bezala. Eta tokatu artean, zain, beti ingurukoren baten PCR emaitzaren zain, konfinamenduaren mamuaren mehatxupean.
Semearen lagun baten amonak positibo eman duelako eta semea haien etxean egon delako, zain. Ama positibo batekin egon delako eta amarekin egon naizelako, zain. Alabaren gelako batek positibo eman duelako eta gelakideak kontaktu zuzentzat jo dituztelako, zain. Herrian asintomatikoak detektatzeko baheketa selektiboa egin dutelako eta herritar arduratsu gisa PCRa egitea erabaki dudalako, zain.
Eta zain gauden artean, egunero erretolika bera entzun behar, gainera. Maskara jantzita, gel hidroalkoholikoz igurtzita eta distantziak neurtuta ibili arren, ez dela nahikoa. Umeei eztul bat egin orduko termometroa besapean jarri eta eskolara joatea galarazten diegun arren, ez dela nahikoa. Ostegunetako pintxopoteak eta igandeetako familia bazkariak egiteari utzi diogun arren, ez dela nahikoa. Ganorazko parranda bat bota gabe hilabeteak eraman arren, ez dela nahikoa.
Zenbakiek ez omen dute hobera egiten, eta eskatu digute bizitza soziala are gehiago murrizteko, bizitza sozialik ez izateraino. Eta neurriak hartzea norberaren ardura omen den arren, badaezpada ere, eskatutakoa egingo dugula ziurtatzeko, neurri murriztaile gehiago ezarri dizkigute. Eta ezarriko dizkigute. Lanera bai, baina, gainontzean, autokonfinatu gaitezela. Eta nik galdetzen dut: hau bizitzea al da ba? Hainbeste arau, muga eta debekurekin ni lotuta sentitzen naiz; koronabirusaren loteria ez tokatzearren, bizitzaren loteria jokatzea galarazi balidate bezala. Martxa honetan, bizitzari emozio pixka bat jartzearren edo, ikusten nago Missilleren bezero izaten bukatuko dudala! 100.000 euroko saria tokatuko balitzait sikiera…