Erreakzioa ekintza, estimulu edo gertaera baten ondorioz gertatzen den erantzun edo efektu bat da. Terminoa egunerokotasunerako erabil daiteke, norbaiten jarreren aurrean erreakzionatzen badugu, adibidez. Kimikan ere erabiltzen da, sustantzia jakin bat beste sustantzia batean bihurtzen den momentua deskribatzeko. Fisikari dagokionez, Newtonen hirugarren legeak ere erreakzioa ekintza bati erantzuteko sortzen den indarra bezala aurkezten digu. Baina, hemen interesatzen zaigun erreakzioa termino politikoei dagokiona da, hau da, egoera historiko jakin batzuen aurrean, aurrera egin nahi ez eta iraganeko egoerak ezarri nahi dituen ideiei eta joerei dagokiena.
Kezkaz bizi ditugu erreakzio hauek: miseriaren zabalpena, pertsona etorkinen aurkako kriminalizazio zein gorroto diskurtso arriskutsuak eta diskurtso horiek gizartean errotzeko duten erraztasuna. "Segurtasuna" gero eta urriagoa omen da heldu den etorkin kopurua dela eta. Hala diote ildo ideologiko beretik doazen instituzioetako alderdi jakin batzuek, sare sozialetako influencer anitzek eta komunikabide tradizionaletako informazio fluxuek. Aktore horiek guztiek prestatu duten lur erreakzionario lokaztu horretan ere badira nahita edo nahi gabe zikintzen dabiltzan norbanakoak eta herri ekimen desberdinak.
Hala ere, ezbaian jartzeko baieztapenak dira horiek: 2004tik 2024ra EAEko etorkinak biztanleriaren %3 izatetik %12,5 izatera pasatu dira. Kopurua laukoiztu arren, kriminalitate tasak ez du gora egin. Azken hamar urteetako datuei erreparatuz, EUSTATek dio tasa hori egonkorra dela, urterik urte %4 eta %4,3 artean mugituz. Ondorioz, zer dago aurretik aipatutako baieztapenen atzean, errealitatea lausotu eta kolektibo jakin batzuen kontra egitea ez bada?
Baina eztabaida honetan axola zaizkigunak ez dira buloak egi edo gezur diren edota datuek hau edo beste esaten diguten, baizik eta sektore faxistak egoera honetan guztian etorkinez, segurtasunaz eta delinkuentziaz egiten ari diren erabilpena. Historikoki, faxismoak krisi garaiak erabili ditu gizartean dauden beldurrak eta ziurgabetasunak beraien interesen alde lerrokatzeko. Aldaketaren beldurraz eta krisi sozialek zein ekonomikoek sortzen duten ziurgabetasunaz elikatzen dira. "Bestearen" beldurra elikatzen dute arrazoi kulturalak, erlijiosoak edo ekonomikoak direla medio, gizartean mehatxu horien aurka jarduteko premia sentsazioa sortuz.
Ideia erreakzionarioen paperak berebiziko garrantzia du faxismoaren zabalkundean, horiek baitira faxismoaren diskurtsoa legitimatzen duten oinarri ideologikoa, jarraitzaileak mobilizatzen dituztenak eta bere praktika autoritarioak justifikatzen dituen kontakizuna eraikitzen dutenak.
Ideia horiek normalizatu ez daitezen eta faxismoak gizartean tokirik izan ez dezan, guztion zeregina da horiek identifikatzea eta aurre egitea.