Zapalduak zapaltzaileari

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Arruti Rezabal

(Pixabay)

Aitor Arruti kolaboratzaileak ekaineko Azkoitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau: Zapalduak zapaltzaileari.

Eman dezagun herriko azokan debekatu egin dutela hebreeraz hitz egitea. Israelgo enbaxadorea berehala entzungo genuke udalaren erabakia antisemita dela adierazten, arrazoi osoz. Demagun leku berean arabieraz mintzatzea ere eragotzi dutela, eta, jakina, neurri islamofobo moduan salatu duela Arabiar Ligak. Pentsa dezagun, ordenantza baten aginduz, merkatuan ezingo dela gehiago euskaraz ere hitzik ahoskatu, isunik ordaindu nahi ez bada. Halakorik gertatuz gero, euskarak ez luke erakunde indartsurik izango bere alde. Kontua da horixe gertatu zela, hain zuzen, Huesca hirian 1349an, ordenantza bidez arabiera, hebreera eta euskara galarazi zituztenean. 

Halaxe galdu izan ditu euskarak lurrak eta hiztunak, agintariek legea indarrez ezarri ahala, zigorraren mehatxuz, agintarien hizkuntza nahitaez behartuz. Geroztik, lege-indarrez hedatu dituzte euskara hizkuntza traketsa delako berriak, ez dela agintarien mintzaira bezain balekoa. Euskaldunok sinetsi egin ditugu zapaltzaileen albiste interesatu horiek, gaur egun sare sozialetakoak sinesten ditugun bezalaxe. Euskaldun askori iruditzen zaio zakarra dela kafe bat euskaraz eskatzea gaztelania maiteago duen tabernari bati, non eta, Urretxun, Lekeition, Bilbon, Euskal Herrian, euskararen herrian, Huescan izateko beharrik gabe. Lehen eta orain, agintariek legea eta epaileak darabiltzate hori onartzen ez duen jendea behartzeko lehen pauso moduan, polizia ondoren, armada azkenik. 

Zapaltzaileek adierazi digute, legea eskuetan hartuta, zapalduok garela zapaltzaile

Azkenaldian, zapaltzaileek adierazi digute, legea eskuetan hartuta, zapalduok garela zapaltzaile, gure hizkuntza inposatzen dugula, ea zer den euskaraz bizi nahi izate hori. Kopetan zigilatu nahi digute ez dela naturala Euskal Herrian euskaraz egitea. Salatu egin gaituzte, langileen eskubideak urratzen ari garela diote, bihozgabe hutsak garela, langile batek euskara ez ikasteko duen eskubide indibiduala nola ez den bada izango hizkuntza bat erabiltzeko aukera baino lehenagokoa. Zapaltzaileak inposatzaile deitu digu, erronka jo digu legearen indarrez, egonarria galtzeraino sutu gaitezen, etsi dezagun behingoz. Euskal Herrian kafea espainolez, ingelesez, frantsesez edo alemanez arazorik gabe ateratzen duenak eskubide osoa du, akabo ba, euskaraz ez ulertzeko. Hala ere, ulertzea komeniko zaio euskaraz eskatzen jarraituko dion jendea izango duela aurrean, gaur, bihar, etzi, etzidamu. Langile moduan, hobe izango du entenditzea, euskaldunoi erronka jotzen digutenean, agortzen ez den indar bat pizten zaigula.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide