Beldurrik gabe

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Arruti Rezabal 2025ko api. 29a, 08:30

Bi lagun eskua emanda. (Pixabay)

Aitor Arruti kolaboratzaileak martxoko Azkoitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau: Beldurrik gabe.

Auskalo zer giro zegoen, ehun errefuxiatu pasatxo itsas bazterrera iristean, kontinentez aldatuta. Etxea uztera behartutako jendea zen, beldurrak habia egina zien gorputzean, bizimodu berri baten bila itsasoratu ziren. Bidaia luzeak ahulduta, tokiko jendeak ez zien harrera guztiz txarrik egin, ez zien zuzenean eraso, ez zituen kanporatu. Hala, indarberritu egin ziren atzerritarrak, baina beldurrak jarraitu zuten, euren jainkoaganako fede itsuak ez zien izua uxatu, harik eta bertako biztanleak sarraskituz haiei lurrak lapurtu zizkieten arte. Harrezkero, biziraun duten jatorrizko herritar apurrek ez dute giro izan sorterrian, 1620an iritsitako fanatikoen oinordekoek beldurra izan dietelako beti desberdinei, munduaren jabe sentitzen den Ameriketako Estatu Batuak izeneko lurraldean.

Desberdinari beldurra diona, lehenago ala beranduago, beldurgarri bihurtzen da. Lluis Quintana-Murci genetistak baieztatu zuenez, ezaugarri genetikoak eta kulturalak nahasten ez direnean, gorrotoa pizten da. Pasteur institutuko irakasle hark adierazita dakigu europarrok gutxienez lau biztanle motaren nahasketa garela, baita Britainia Handitik izututa alde egin zuten haiek ere. Bata, 300.000 urte baino gehiagoan kontinente zaharreko biztanleekin nahastutako neandertalak. Bigarrena, duela 50.000 urte Afrikatik iritsi ziren paleolitikoko gizakiak. Hirugarrena, duela 10.000 urte Ekialde Erditik nekazaritza ekarri ziguten gizakiak. Laugarrena, duela 4.000 urte ekialdetik hizkuntza indoeuroparrak mintzatuz etorri zirenak. Hizkuntza indoeuroparren sustraiak eta euskararen erroak bi landare desberdini dagozkiela jakinda, euskaldunok aniztasun eredu garbia gara. Gaur egun kontu egiaztatua denez, direnak eta ez direnak igaro dira gure lur honetatik, hainbat zibilizaziorekin izan ditugu harremanak, guztiekin nahastu ditugu gure geneak eta kultura.

Desberdinari beldurra diona, beldurgarri bihurtzen da

Orain dela gutxi, euskaldunak espainolak baino itxiagoak garela esan zigun etorri berri batek, patxada ederrean, eta kostatu zitzaigun geure patxadari eustea. Quintana-Murcik eta beste zientzialari ugarik egiaztatutakoaren argitan, ez nuke esango ez euskaldunak beste inor baino itxiagoak garenik, ez desberdinei beldur berezirik diegunik. Esango nuke gu itxiak garela egoskor zabaltzen ari denak bai, beldurra diela desberdinei, berak nahi bezala berdindu nahi gaituela denok, ezin litekeen berdintasun baten fanatikoa dela. Horregatik ekingo die erasoan desberdintasunei, gure kultura desberdinari, gure hizkuntza bestelakoari, beldurrik gabe bizitzeari.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide