Astoak eta imitazioa

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Arruti Rezabal 2025ko urt. 9a, 15:00

Asto bat. (Pixabay)

Aitor Arruti kolaboratzaileak abenduko Azkoitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: Astoak eta imitazioa.

Udazkenak lurra hosto eroriz bete digun honetan, astoak arrantzaka entzuten ari gara sarri, inguruko belardi sailetan badabiltzala aldarrikatzen ariko balira bezala. Asto kontuez nik baino gehiago dakitenei galdetuta, jakin dut astoek arrantza egiten dutela goseak daudelako, janari eske, elkarri norbere egiak adierazteko, edo nagusiari ongi etorria egiteko.

Astoekin bateratsu, orroka dabiltzanak ugaritu egin zaizkigu, kalean eta hedabideetan. Astoen imitatzaile horiek, norbere egiak baino gehiago, komeni zaizkien gezurrak oihukatzen dituzte. Ez dira, horrenbestez, astoen kategoriara iristen. Gainera, egiazko astoa izan gabe arrantzaka aritzea intrusismo ariketa garbia da, zigorra merezi beharko luke baimenik gabe besteren terrenotan sartzeak.

Gizakiek egindako arrantza horietako batzuetan ulertu dut etorkinek hondamendira eramango dutela euskara. Ez naiz ni igarlea, baina ez dut uste imitatzailearen arrantzak hor egia munduratu duenik. Guztiz oker ez baldin banago, etorkinek ez dute erabaki hemen zer hizkuntza hitz egiten den, ez lehen eta ez orain. Legeak aurka jartzen ari zaizkigun arren, lege guztiak aurka dituztela sortu izan dituzte euskaldunek euskaraz aritzeko taldeak, txokoak, sareak, elkarteak, egiturak, erakundeak. Mendebalde osoan orain modan dagoen errudun-bilaketaren kiratsa dario imitatzailearen arrantzari. Etorkinei ezingo diegu ba eskatu guk geuk egiten ez dugunik, are gutxiago guri ikusten ez digutena egiteko ardurarik. Nor behartu dute etorkinek euskaraz ez bizitzera, egunero euskarazko egunkaria ez irakurtzera, euskarazko hedabideak ez kontsumitzera, ahal dugun guztietan euskaraz ez mintzatzera, horiek guztiak aukeran ditugunean. Imitatzaile arrantzariak gehitxo ezagutzen ditut, baina etorkinek isilarazitako mihi euskaldunik ez. Euskaldunok salbatu beharko dugu euskara; leku bizigarriaren bila etorri direnei euskara salbatzeko eskatzen ari dena nolako pertsona da, zer ardura hartzen du herritar moduan, herri bezala. Hasiera batean, etorkinak ez dira inoiz euskararen salbatzaileak izango, baldin eta guk geuk euskaraz egiteko beharra daukagula sinestarazten ez badiegu.

Astoekin bateratsu, orroka dabiltzanak ugaritu egin zaizkigu, kalean eta hedabideetan

Herria herriak berak salbatzen duela aditu dugu orain gutxi, herritarrei hondamena iritsi eta gero. Astoek arrazoi hobeak darabiltzate arrantzaka. Badakite nagusia nor duten, hari eskatzen dizkiote kontuak. Itxura denez, guk ez dakigu nagusia daukagunik ere, eta arrantzaka hasten gara, astoak trakets imitatuz, arrantza zeini egin behar diogun jakin gabe.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide