Argi izpiak makal artean

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Arruti Rezabal 2024ko aza. 5a, 15:35

'Saturraran' operaren estrainaldiko irudia. (E. Moreno Esquibel / Arriaga antzokia)

Aitor Arruti kolaboratzaileak iraileko Azkoitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau: Argi izpiak makal artean.

Edozein azkoitiarrek dakien moduan, bapo egon zaitezke Uxerko jarleku batean eserita, makaldian belarra janez dabiltzan ardien zintzarrien musika entzunez, mundua deskubritzen, lurrean ilaran doazen inurriei begira. Tartean behin bizkortzen zait burua niri ere, gutxitan, egia, eta patxada honetan uler dezaket indar berak bulkatzen gaituela ilarako inurriak, larreko arkumeak, makalei igurtzika dabiltzan ardiak, zerurantz luzatzen diren makalak, gu geu. Bizi garen lur zatira egokitzen asmatzea da kontua gero, bizia aldatu ahala eguneratzen jakitea, hemen eta Paramaribon.

Jakingo zuen hainbeste Jesus Guridi musikariak, euskarari operarako behar zuen tornuia ematea erabaki zuenean. 1920ko maiatzaren 22an estreinatu zen hark sortutako Amaya opera, euskaraz, Bilboko Coliseo Albia antzokian. Ukitu erromantiko nabarmena zuen, Wagnerren lanak zekartzan gogora. Estreinaldian lortutako arrakastaren ondoren, beste bost emanaldi ere eskaini zituzten, eta, urte asko geroago, 1998an, grabatu ere egin zuten saioetako bat. Antzoki bertan estreinatu zuten euskarazko hurrengo opera, Francisco Escuderoren Zigor, 1967ko urriaren 4an, kontzertu bertsioan ordea. Eszenaratzea urtebete geroago egin zuten, Madrilgo Zarzuela antzokian, 1968ko ekainaren 6an.

Guridiren eta Perezen estreinaldien artean 104 urte igaro izanak zer pentsatua ematen du

Guridiren estreinalditik ehun eta lau urtera, opera euskaraz jarri du kantuan Juan Carlos Perezek Saturraran lanean, joan den ekainaren 20an eta 22an, Bilbon bertan, oraingoan Arriaga antzokian. Zazpi urteko inurri lanean josi du Azkoitiko mutrikuarrak aspaldian barrundatzen zebilkion ideia, notak banan-banan idatziz, Kirmen Uriberi libretoa idazteko eskatu eta gero. Bi emanaldietan, Perezen musika klasiko garaikideko partiturak interpretatu zituzten zortzi solistak, Bilboko Koral Elkarteko berrogei kide inguruk eta Bilboko Orkestra Sinfonikoak, ordu eta erdiko eszenaratze txundigarrian.

Euskarazko kulturaren gailurretako bat da Saturraran, musika munduan zailtasun gradu handieneko artelana. Diru publikoa tropikoetan telesaioak espainolez filmatzera bideratzen duen herrian, ezin espero Perezen lanak merezitako proiekzioa izango duenik. Kontuak kontu, halako obra baten oihartzuna neurtzeko oraindik goiz samar izango den arren, Guridiren eta Perezen estreinaldien artean 104 urte igaro izanak zer pentsatua ematen du. Historiaren ahoak denetik irentsi du bitartean, baina, begirada lurrera jaisten dudanean, inurriek ohiko erritmoan jarraitzen dutela ikus dezaket, ilarako lanean, horietako zenbait euskaraz.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide