Maldizioka ekingo zion Antonio Stradivari luthierrak, bai seguru, musika instrumentuak egiteko behar zuen egurra gero eta okerragoa zela konturatu zenean. Giroa epeltzeari zuzenduko zizkion biraoak, jakitun izango zen azkenaldiko hotz boladak jarraitzea komeni zitzaiola, izotzak norbera gaixotzeko arriskua gorabehera, zura nahi bezain trinkoa izan zedin, eraztun estukoa, hari erregularrekoa. Ibaian behera almadietan jaisten ziren izei enborrak Alpeen magaletik Cremonara. Astigarra, berriz, Veneziako portuan lurreratuta iristen zitzaion Antoniori, Dalmaziatik Piazza San Domenicon zeukan lantegira. Amati maisuari aspaldi ikasi zion Stradivarik astigarrez eratu behar zirela instrumentuaren azpialdea eta ertzak, izeiaz gainaldea.
Eguraldia epeltzen hasi zenetik, zuraren ezaugarriak aldatu orduko, artisaua konturatuko zen osatu zituen lauteak, biolinak, gitarrak, biolontxeloak ez zirela lehenago egindakoak bezain bikainak, eta txarrerako aldaketa eraman ezinda ibiliko zen. Inork baino hobeto jakingo zuen hark aparteko gradua duen materiala hobetu egiten dela denboraren joanean, areago sarri erabiltzen baldin bada, zurik onenak ontzen jarraitzen duela zahartu ahala. Hirurogeita hamar urte baino gehiago izango zituen maisuak ordurako, eta konturatuko zen ez zuela berriro lortuko iraganeko instrumentuen tinbre bera, alferrik izango zirela ahalegin guztiak, klimaren aurka ez zeukala ahalmenik.
Klima beti izan dugu aurka euskaldunok, baina ekai oneko tresna da nonbait euskara
Hiru mende joan dira harrezkero, pieza estimatuak izan dira beti Stradivarius instrumentuak, munduko musika tresnarik ezagunenak dira orain izen horretako biolinak. Dirutza balio du haietako bakoitzak, estetika lirainekoak izateaz gain, egileak ezarri zien tinbreari eutsi ez ezik, are hobea ere beretzen joan izan direlako. Museoetan ikusgai daude batzuk, betiere aldika jotzen jarraitzeko ateratzen dituztela. Euskara ere museoetan erakusgai nahiko luke batek baino gehiagok, sekula inork berriz ez erabiltzeko moduan. Traza horretako zenbaitek boterea dauka gainera, euskararen inguruko klima aldatzerainokoa. Euskararen aurkako klima eragin du jende horrek, klima kontra daukagu euskaldunok oraindik orain. Tira, klima beti izan dugu aurka euskaldunok, baina, Stradivarius onenaren pare, ekai oneko tresna da nonbait euskara, erabili ahala afinatzen dena, gaurdaino inoiz lortu gabeko zorroztasuna, gradu estetikoa, trebezia eta tinbrea erdietsi dituelako, etorkizuneko euskaldunen mingainetan gradazio are hobean afinatzen jarraituko duena.