Ez dut nik asmatu, ez komuna, ez eta beste kontu komun bat ere. Komuna balio ikaragarriko asmakuntza den arren, are balio handiagokoa izango zaio euskarari hizkuntza beharrezkoa bihurtzea, ezinbestekoa izatea, komuneko lanetarako orobat, baldin eta noizbait nahitaezko hizkuntza gradua lortzen badu. Zenbat eta hizkuntza biziagoa izan, orduan eta hobe, zenbat eta zehatzagoa izan, are desiragarriago, zenbat eta benetakoagoa izan, zatiaz ederrago. Eta mintzaira bizia, zehatza, benetakoa izan dadin, euskaratik bertatik sortzea da biderik argiena, gainerakoei adi beti, norbere adimenetik ordea.
Komunari komunetik erreparatzen hasita, parrastaka entzuten eta leitzen dira edonon ez biziak, ez zehatzak, ez benetakoak diren jardunak. Erdara komunean hitz egiten edo idazten du jendeak sarri, euskarazko hitz komunekin, euskaraz ari delako ustean. Erdarazko forma komunak dira nagusi, konturatu ala ez, askoren euskarazko jardun komunean; euskaraz jantzitako erdara usu aditzen, irakurtzen, sumatzen da euskal herrietan. Zertaz ari naizen azaltzeko, pare bat adibide jartzea izango dut onena.
Behin batean, ezagun bati kontatu nion euskaldunok gogotik akordatu izan garela beti falta dugun jendeaz, inor faltan bota beharrik gabe, ezer bota barik, ezeren faltak inori jaurtitzeke. Nik esandakoa eta faltan bota esatea ez zela berdina erantzun zidan solaskideak, ez duela balio bera. Iradoki zidan zahar irteerak egiten ari nintzela, hizkuntzak eboluzionatu egin behar duela, atzera begira nabilela aurrerantz baino gehiago; traban nengoela aurrerabidearen erdian, hobe nuela paretik kentzea.
Eta komuneko kontuetara itzuliz, beste behin, esaldi bihurri bat entzun nuen irratian. "Biek komunean daukaten zerbait". Demagun euskaraz soilik dakien hiztun bat badela nonbait. Zer ulertuko ote luke hori entzunda, "biak bat datozen zerbait", "biek komun barruan daukaten zerbait", edo nork jakin zer. Erdarak dakizkigulako ulertzen dugu hiztunak hor zer esan nahi duen, bestela, morokil formala buruan.
Komunak dira norbere hizkuntzarekiko kezkak, ez naiz ni zaharruno maniatiko bakarra. Espainian eta Frantzian, esaterako, aspaldietan kezkatuta dabiltza espainieraren eta frantsesaren akademiak, ingelesaren indarraren aurrean. Dena dela, arazoak badu antidoto komuna, hizkuntza bizia, zehatza eta benetakoa baliatzea, badira eredu egokiak mintzaira guztietan, euskaraz ere bai. Horri helduko diogu, ezeren faltarik igarri ez dezagun, komunean irten ezinik gelditu ez gaitezen.