Literaturako Nobel saria jaso baino lehentxeago, hitzaldia eman zuen Annie Ernaux idazleak, joan den abenduaren hasieran. Idazten hasi zenean, pentsatu zuen liburuak sortuz gai izango zela etxekoen sufrimendu bidegabeak mendekatzeko, haien hitz egiteko moduagatik jasandako lotsak berdintzeko, gazte xaloa zen garaian. Uste osoz landu zuen frantsesa, arbasoen egiazko izaera duin jasotzeko idazkera lortzeko ahaleginean. Eskuratu berri duen sariak erakusten digu zenbateraino lortu duen.
Normandiakoa da Ernaux, eta frantziarrek patois deitzen dituzten hizkuntzetako batean mintzo ziren haren gurasoak, paristarren iritziz "hankekin hitz egiten" ziren horietako mintzaira batean. Idazleak zehatz azaldu zituen aitaren lotsak Lekua liburuan, haren frantsesez hitz egiteko irrika, baldar bazen ere. Edozer nahiago ezjakin agertu baino, ez baitzion balio normandierak, mendez mende lur haietan bizitza osorik ulertzeko egoki erabili zuten arren. Nahiz eta zeukan azentua bizi osoan barregarri iruditu askori. Eta alabak bidegabekeria hori mendekatu nahi izan zuen idazten hasi zenean.
Ez dakit normandieraren egoera nolakoa den gaur egun, zehazki behintzat ez. Dena dela, badakit Annie Ernauxek frantsesez idazten duela, ez dela gai normandieraz frantsesez bezala idazteko. Estatu handiek mila modu dauzkaten herritarrak behartzeko, euskararen aurkako azkenaldiko epaiak ditugu horren lekuko; hala lortu zuen Frantziako estatuak Ernauxek gurasoen hizkuntza ez ikastea. Estatu handi batek lehenetsitako hizkuntza bakarrik ikasi duena jakintsuagoa da bi, hiru edo hamaika bestelako mintzaira dakizkiena baino. Egunero erakusten digute hori erdaldun elebakar askok, ezjakinak gu, jakintsuak haiek.
Frantses askoren ustez, euskara patois bat da, normandiera, okzitaniera edo katalana diren bezalaxe. Berdin pentsatzen dute espainol ugarik ere. Baina guk euskaraz hitz egiteko ez daukagu hankak dantzatu beharrik, nahi dugun guztirako balio digu gure hizkuntzak, beste edozein hizkuntza osok adina, eta hala jarraituko du izaten, baldin eta geuk hala nahi badugu. Ehunka urtean nahi izan dugun moduan, erasoak eraso, gure artean edozeinek dakielako bi jakiteak bakarra jakiteak baino gehiago balio duela. Eta balio hori hilabete batzuk barru egiaztatuko da beste behin, Gema Lopez azkoitiarrak Annie Ernaux berak idatzitako La famme gelée, dotore itzuli eta gero, Emakume izoztua bihurtuko duenean. Gustura hartuko du berria Ernauxek.