Argia luzatzen doa udaberrian, arazoek konpontzeko errazagoak dirudite, lagunarteko uneak beteagoak, bizitza gozagarriagoa balitz bezala. Gainera, ziklismo zalea izanez gero, urteko hitzordurik ederrenetako bat jokatzeko garaia da: Italiako Giroa. Ia umetatik jarraitu izan dut, Italiako parajeek, kulturak eta hizkuntzak ere bultzatuta.
Azkeneko urte mordoxka batean telebistaz ikusi izan ditut Giroko etapak, bai eta ezagutu ere Dolomitak, Apeninoak, Abruzzoak, Sibilinioak, Sizilia, Toscana, Friuli eta beste hainbat bazter. Leku horiek ezagutzeko gogoa piztu izan zait horrela, baina nire baitan ez lirateke hain pizgarriak izango italieraren doinurik gabe. Giroak zaletasunaren harian erakutsi dit salita mendatea dela italieraz, baina passo beste aldera igarobidea duenean, maglia maillota, complimenti zorionak, duomo katedrala, eta azken kilometroa ultimo chilometro.
Giroak zaletasunaren harian erakutsi dit 'salita' mendatea dela italieraz.
Badira urte batzuk, ordea, Giroa ingelesez ematen hasi zirela, Ruper Ordorikak kantatu zuen moduan, "arrazoi komertzialak direla medio". Orduan, ultimo chilometro xarmakoa last kilometer arrunta bihurtu zuten; akabo Italiako bizimodua italiarren doinuan kontatzeko grazia. Areago dena, Alessandro De Marchi italiar txirrindulariak lehen sailkatuaren maglia rosa lortu zuen egunean, italiar ziklistentzat ohorerik handiena eskuratuta, Italiako Apenino mendietan, mundu zabaleko ikusleen aurrean, sentitzen zuena ingelesez azaldu behar izan zuen telebistako elkarrizketan. Hori ikusita, norbaitek De Marchiren arima saldu zuela iruditu zitzaidan. Italiako norbaiti, Italian bertan, hango ohore handienetakoa eskuratuta, elkarrizketa nagusia ingelesez eginarazten badiote, zertarako balio du italierak?
Antzeko zerbait gertatu zitzaidan behin hemen, gure herri hauetan. Pako Aristi idazle adiskideari elkarrizketa egin zioten Radio Euskadin, gaztelaniaz, aldez aurretik hark euskaraz egiteko eskaera ukatu ostean. Herrikide batek entzun egin zuen irratiz hitz egiten, eta, kontatu zidanez, oso ondo mintzatu zen Pako espainolez. Ehunka elkarrizketa egin dizkiote euskaraz, eta herrikideak ez dit horri buruz txintik esan inoiz. Espainolez egoki aritzeak du grazia hemen. Euskarari gradu hori ukatu dion euskaldunak saldua dio arima deabruari, Goetheren Faustok bezala, baina trukean ezer irabazi gabe.