Jon Andoni Martin: "Azkoitiarren erretratuak egin ditut azkenaldian, eta haietako asko egongo dira erakusketan"

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Arruti Rezabal 2016ko api. 22a, 11:00

Ferrotipo nahiz anbrotipo harrigarriak erakusten dituen “Barne marrak” tailer-erakusketa izango da ikusgai Torre Zurin apirilaren 23tik maiatzaren 8ra arte.

 

Ez dago geldirik egoteko Jon Andoni Martin argazkilaria. Bere pasioari jarraituz, azken urte hauetan argazkilaritzako hainbat esparru probatu ditu bere kabuz, eta baita ikastaroak, erakusketak eta tailerrak antolatu ere. Horren lekuko dira argazkilaritza estenopeikoa, solarigrafia eta Azkoitiko hamabi sortzaileren testuak biltzen dituen “Mundua jostorratz begi batean” erakusketa -Zumaiako Oxford aretoan ikusgai orain-, nopodigigrafian murgildutako “Mundua hankaz gora” tailer-erakusketa, eta ferrotipo nahiz anbrotipo harrigarriak erakusten dituen “Barne marrak” tailer-erakusketa. Azken hori Torre Zurin izango da ikusgai apirilaren 23tik maiatzaren 8ra arte.

Bada nahiko arrazoi horretaz guztiaz protagonistarekin bi hitz egiteko:

Nondik eta nora antolatu duzu “Barne marrak” tailer-erakusketa?

Orain bi urte Maxixatzenekin batera antolatutako erakusketak oso harrera izan du erakutsi dugun tokietan -Azkoitia, Azpeitia, Zarautz, Zumaia-, eta horrek bide bat erakutsi izan dit egiten ari naizen argazkiak eta metodoak jendeari erakusteko. Iaz etxola bat jarri genuen Udalaren laguntzarekin Balda plazan, eta jendeak interes handiz parte hartu zuen tailerretan. Andoainen ere horrekin lotutako erakusketa batean parte hartu nuen. Aurten Torre Zurin kolodion hezearekin orain lantzen ari naizen ferrotipo eta anbrotipoak erakutsiko ditut, eta bi tailer izango dira: apirilaren 23an argazki estenopeikoena eta 30ean kolodion hezeari buruzkoa, goizeko 9:30etik aurrera.

 

 

Zein eratako jendearentzako dira tailerrak?

23koa edozeinen herritarrentzako izango da. Iaz ume asko ibili zen argazki estenopeikoak egiten: kamera-poteak nola erabili behar zituzten azaltzen nien, eta gustura ibili zen jendea. Kolodion hezearen 30eko tailerra, berriz, kontu handiagoz ibili beharrekoa da, erabiltzen diren likidoengatik. Orduan, argazkilaritzan interes berezia duen jendeari gomendatuko nioke.

Eta zer berezitasun du oraingo erakusketak?

XIX. mendeko metodoak erabiltzen ditut ferrotipoak eta anbrotipoak egiteko. Euskarri gisa aluminioa eta kristala erabiltzen da, ohiko paperarik ez. Kolodion hezeak film fotografikoaren lana egiten du aluminiozko edo kristalezko plakaren gainean. Oso kontu handiz egin beharreko prozesua da argazkia lortu arte. Azkoitiko hainbat lagunen erretratuak egin ditut azkenaldian, eta haietako asko jarriko ditut ikusgai erakusketan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide