Hitz biziak eta hildako hitzak

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Arruti Rezabal 2015ko ira. 10a, 15:40

Otarre jatetxeko zelaian baloiarekin jolasean gabiltzala, mutil gazte bat etorri zaigu galdezka, hesiaz bestaldera martxan zain geratu den auto batetik irtenda.

 

-Iepa, arratsaldeon! Irikita al dago tabernie?

-Bai, irikita ziok.

-Kanpuen ez diagu inor ikusi eta... eskerrik asko.

-Ez horregatik, motel.

 

Laster batean itzuli da mutila, eta gure arteko hizketa entzunda, galdezka hasi zaigu ostera:

-Nunguek zerate zuek?

-Axkoitin bizi gaituk.

-Azpeitikuek gaituk gu. Akzidentien hildako hiru mutilen entierrora gitxiek orain Errezilera, haietako bat lagune ginean eta.

-Sentitzen diat...

-Lasai, zer egingo dek ba... biziye horrelaxe dek eta!

 

Eta mutila autoan lagunekin elkartzera zihoala, sentimenduak aztoratzen dituzten hitzak pilatu zaizkit gogoan: istripuak, gaitzak, heriotza...

Eta ikastetxeetan urte berria hasi den egun hauetan, otu zait heriotza bizitzako gauza ziur bakarretakoa izanik, ez duela apenas lekurik gure eskoletan.

Eta iruditu zait hainbeste baldintzatzen gaituen gertaera ziurra izanda, umetatik hasi beharko genukeela heriotza ezagutzen, hura hurbileko bizikide gisa onartzen, iristen zaigunerako baliabideak metatzen, nola etxean, hala ikastetxean.

Eta pentsatu dut natural jaiotakoa natural hil ordez aspaldi honetan ez ote gabiltzan hilezkor izateko ameskeriak lelotuta, betiko gazte izateko kontsumo-eskaintzak liluratuta, ergel, berezko zorra ahaztuta: jaiotzen denak hiltzea zor.

 

 

Aitor Arruti Rezabal

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide