Egiari zor

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Arruti Rezabal 2015ko uzt. 11a, 07:38

Egiari zor, lagunari irribarrea eragiteko, burutazioak ordenatzeko, eta jendeari adarra jotzeko erabiltzen dugun tresna da hizkuntza, eta hori guztia desberdin egiten dugu hizkuntza batean edo bestean.

 

Egiari zor, alde ederra dago erabiltzen duzun hizkuntza bat ala bestea izan; euskaraz bizi nahi dugunok ederki dakigu hori, espainolez bizi nahi dutenek ez bezala.

Egiari zor, bizi dugunetik asko adieraz dezakegu hizkuntzaren bidez; askoz errazago, hizkuntza hori gure inguruan nagusi bada; hala nola, espainola gure artean.

Egiari zor, jende gehienak ez du uste arteak benetan zerbaiterako balio duenik, hain gutxi jendearen hizkuntza joerak aldatzeko.

Egiari zor, Lutxo Egia idazleak hilabetez Bilbon euskaraz bakarrik hitz eginez bizitzeko erabakia performance artistikoa baino zerbait gehiago da euskaldunontzat.

Egiari zor, hainbatek ekimen horri balioa kendu badio ere, euskalduna espainolaren lekuan jarri du Egiak, eta espainola euskaldunaren lekuan.

Egiari zor diogu euskaraz, eta ezinbestekoa zenean ingelesez, Bilbo erdian hogeita hamar egunez bizi izana; hogeita hamar euskaldun elebakar agertuko dira egun batean beharbada Bilbon, beste bana Euskal Herriko hogeita hamar herritan gero agian, baliteke horiek hogeita hamar aldiz biderkatzea ondoren, auskalo.

Egiari zor diogu gure esker ona, hori da egia. Zorionak, Lutxo Egia.

 

 

Aitor Arruti Rezabal

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide