San Joan, txarra sutan erreta eroan… surik bada

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Arruti Rezabal 2015ko eka. 24a, 07:14

Gure arbasoek ez zuten erloju eta mugikor beharrik, ondo baino hobeto moldatzen ziren haiek denborak bidaltzen dituen mezuak irakurtzeko: eguzkiaren eta ilargiaren zikloak, landareen loratzea, zuhaitzen hostaldiak, xomorroen joan-etorriak eta abar.

Horien arabera, bazekiten noiz zer ospatu behar zuten. Eguzkia gurtzen zuten, hark emandako beroak eta argiak sortzen dutelako bizia, eta horrekin lotutakoak dira solstizio egunetako ospakizunak.

Eguzkiaren zikloan udako eta neguko mugak ziren solstizio haien ospakizunak baliatuz, Gabonak eta San Joan eguna ezarri zituen eliza katolikoak. Eguzkiaren sinboloa da sua, eta bi ospakizun horietan da protagonista.

San Joan bezperako suak gaitzak erretzen ditu eta hurrengo urte osoan lurraren emankortasuna babesten du. Suaren gainetik salto eginez araztu egiten da norbera, gaitzak jauziarekin batera desegiten baititu suaren beroak. Suaren inguruan jan-edanez elkartzeak, kantu eta dantza egiteak, kontu-kontari aritzeak ona besterik ez dakar, inondik ere, sinesmen zaharrak barneratu ala ez.

Nolanahi ere, hori guztia ganoraz egiteko suak iraun egin behar du bere denbora bat, eman egin behar du berea, erre egin behar ditu gaitzak, uxatu madarikazioak. Atzokoan, ordea, madarikazioak erakarri egin zituen suak Azkoitiko Balda plazan. Izan ere, suak uko egin zion atzo txarrak erretzeari, intsumisioa aldarrikatu baitzuen nolabait bere urteroko zitarik ponpoxoenean.

Erre beharrekoa erretzen ez, eta erretzeko ez dena erre beharrean, dena gure esku omen dagoen garaiko lemak gogoan, teoriak josten hasi zen borondateko oneko jendea.

Suak ezin baditu sutarako pinu-adarrak erre, hainbestekoak izan ote dira aurten egindako gaiztakeriak?

Suak ezin baditu aurten egindako okerkeriak menderatu, neurriz kanpokoak egin ote ditugu?

Udako konjurua beteaz, suak gaitza desagerrarazi ez badu, bermatutako ote dago gaur hasiko den urtealdiko emankortasuna?

 

Galdera eta kezka gehiegi sabel barrenetan, gau magiko eta liluragarri bakarrean.

 

 

Aitor Arruti Rezabal

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide