Goldatzen dakiten politikariak

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Arruti Rezabal 2015ko mai. 15a, 16:37

Gure lur hauetan, aspaldietan aspaldietatik dator beharren arabera herri-lurrak erabiltzeko tradizioa. Alabaina, herri-lurrak herritar guztien premiak asetzeko erabili beharrean, batzuen onurarako bakarrik erabili izan dira behin baino gehiagotan. Une horietan, herri-lur guztiak goldez iraultzeko garaia da.

Ezagutu izan ditugu politikari erreformistak, urte askoan gainera; lurra emankor bihur zedin sakon irauliko zutela esan, eta azaleko belarra bakarrik jaso izan dute. Lampedusaren Il gattopardo nobelan printze protagonistak dioen moduan, “zerbait aldatu behar da, denak berdin jarrai dezan”.

Ezagutu izan ditugu politikari iraultzaileak; lurra irauliko zutela esan, eta lurra erretzen aritu direnak, inguruko zenbait lursail errausteraino. Erabat antzututako lurrean alferrik da goldea sartzea, nekez aterako da handik herritarrak elikatzeko janaririk.

Ezagutzen ditut, ordea, bi adiskide, politika herrigintza bezala ulertu eta azken urteotan herri-lurrak iraultzen ahalegindu direnak. Gorriak ikusi dituzte askotan, aurrepauso bakoitza neke handiz eman behar izan dutelako.

Ikastolan ezagutu nuen bata, Julen Garate bipila, saltsa askotako perrexila. Ezagutzen dudanetik, bere iritziz zuzenak ziren kausen aldeko borrokan murgilduta ibili da. Orain hamasei urte hartu zuen goldea eskuetan, eta ahalegin betean saiatu izan da herri-lurrak iraultzen, ahal zuen ildorik zuzenenak zabalduz. Askotan, lortutako babak eskuak zartatu dizkiotenak izan dira, ez lurrak eman dizkionak. Hala ere, herritarrek euren lurra beraiek landu ditzaketela erakutsi du, bitartekorik gabe.

Orain gutxi ezagutu dut bigarren laguna, Urrategi Alberdi. Gizakion balore onetan zinez sinesten duen pertsona da, eta, herriko alkatearen goldea hartuta, Julen bezalako herritarrek zabaldutako ildoa sakon zabaltzen jarraitu du. Bere lantaldearen buru, azpikoz gora irauli dute udaleko politika, eta herritar guztiei eman diete aukera benetan herri-lurretan oraingo eta etorkizuneko haziak ereiteko.

Herrigintza behetik gora ulertzen duten politikariak dira Julen eta Urrategi. Esaten dugunak baino gehiago, egiten dugunak definitzen gaituenez, horrelako jendea nahi dut nik politikan, alderdiak alderdi, eta siglak sigla.

 

Aitor Arruti Rezabal

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide