Lucia Valorrek zazpigarren postua lortu du euskal selekzioarekin erkidegoen arteko xake txapelketan

Lucia Valor xake jokalaria. (Anaitasuna Kakute)

Espainiako erkidegoen arteko xake txapelketa jokatu du Anaitasuna Kakute xake taldeko Lucia Valor azkoitiarrak, Albaceten (Espainia). Zazpigarren postua lortu du xakeko euskal selekzioak han.

Anaitasuna Kakute xake taldeko Lucia Valorrek zazpigarren postua lortu du euskal selekzioarekin Espainiako erkidegoen arteko xake txapelketan. Albaceten (Espainia) jokatu dute 14 urtez azpikoen txapelketa, eta Kataluniak irabazi du lehia. Haren atzetik sailkatu dira Madril, Kantabria, Kanariak, Asturias eta Extremadura; euskal selekzioak, berriz, zazpigarren postua eskuratu du

Valor azkoitiarrak hiru partida jokatu zituen Albaceten, eta hirurak galdu zituen. Lehen partidan, hasiberriaren okerra garesti ordaindu zuen hark; bigarren lehian ere kale egin zuen Valorrek, eta hirugarren eta azken partidan nahastu egin zen, abantaila guztia galduz. Selekzioko Leire Menoyok eta Siena Ibarrak emaitza ona eskuratu zuten, eta hein batean, haien puntuei esker lortu du euskal selekzioak zazpigarren postua. Oier Sarasketak, Dani Odriozolak eta Gorka Tafallek puntu bakarra eskaini zuten, partida oso gogorrak jokatu baitzituzten. 

Meritu handia duen postua da euskal xake jokalariena. Beste selekzio guztiek lau urteko abantaila dute euskal xake jokalariekiko; izan ere, gainerako erkidegoetan 8 urtez azpiko xake jokalariak lehian hasten dira, eta hemengo klubetan adin horretan formakuntza saioak baino ezin dira eskaini.

Txapelketak esperientzia hartzeko balioko dio Valorri. Txapelketa gehiago falta dituzte, eta horretarako prestatzen hasiko da azkoitiarra datozen asteetan. Hain justu, Salobreñan (Espainia) jokatuko dute  14 urtez azpikoen Espainiako xake txapelketa, eta Anaitasuna Kakute taldeko begiraleek txapelketa hori prestatzen lagunduko diote Valorri. Ez da txapelketa erraza izango; izan ere, 140 xake jokalari gaztek parte hartuko dute.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide