Ostegunean, maiatzaren 15ean, Nakba Eguna ospatuko da; arabieraz "hondamendi" edo "zorigaitz" esan nahi duen hitz horrek 1948ko palestinarren exodo masiboari egiten dio erreferentzia. Su-eten faltsu baten ondorengo ofentsibaren areagotzearen erdian, maiatzaren 17an, urtemuga hori oinarri hartuta, manifestazio nazionala antolatu du Palestinarekin Elkartasuna plataformak Iruñean (12:30). Manifestazio horren helburua, ordea, ez da efemeridea gogoratzea soilik, momentu horretako exodoaren erantzuleak zein gaur egun Israel babesten jarraitzen duten instituzioak (enpresak, bankuak, gobernuak, alderdi politikoak…) seinalatzea baizik.
Hasteko, esan beharra dago Nakba Nazio Batuen Erakundeak (NBE) bultzatutako 1947ko Partizio Planak eragin zuela. Plan horrek Israeli eman zion Palestinako lurren zati bat, horrek mendebaldeko estatu kapitalisten interes geopolitikoei erantzuten ziolako. Horren ondorioz, 700.000 bat palestinarrek beren etxea utzi eta migratu egin behar izan zuten.
Bestetik, erresistentzia palestinarraren zilegitasuna eta Israelgo estatuaren suntsipena aldarrikatzen ditugu. Kontrara, bi estatuen soluzioan zein NBE bezalako instituzioen bitartekaritzan oinarritutako bidea planteatzeak Palestinaren askatasunerako eskubidea ukatzen duela adierazi nahi dugu. Izan ere, Partizio Planaren kasuan garbi ikus daitekeen bezala, NBE ezin dugu instituzio neutraltzat hartu; instituzio hori estatu inperialisten interesen mende dago. Gainera, bere eraginkortasuna mugatua da; horren adibide da Israelek inpunitate osoz palestinarrak erailtzen jarraitu duela bere aurkako deklarazioak tarteko. Gainera, Ameriketako Estatu Batuek eta Ingalaterrak, besteak beste, beto eskubidea dute erakunde horretako Segurtasun Kontseiluan; beraz, ez da posible potentzia horien interesen aurka joango den erabaki errealik gauzatzea.
Hari beretik, mendebaldeko estatuek Israelekin mantentzen dituzten harremanak seinalatu behar ditugu. Izan ere, Palestinaren aurkako sarraskia ez litzateke posible izango harreman horiek gabe. Euskal Herrian –eta Urola erdian– harreman horiek anitzak dira: Israel armaz zein bestelako baliabidez hornitzen duten enpresak (ITP Aero, Sapa, CAF...), industria hori finantzatzen duten bankuak (BBVA, Laboral Kutxa...), bestelako entitateak (Eusko jaurlaritza, EHU...)... Zentzu horretan, Israel hemen hasten da, eta Euskal Herritik egin dezakegun ekarpen handiena konplizitate hori seinalatu eta horri aurre egitea da.
Urola Erdiko Kontseilu Sozialistatik manifestaziora kotxez joateko hitzordua antolatu dugu larunbaterako; 11:00etan elkartuko dira, Azpeitiko anbulatorioaren aurrean. Gaiarekin kezkatuta dagoen eta bere ekarpena egin nahi duen oro gerturatzera animatu nahi dugu.
Israel desegin, harreman oro eten!