Zer da Etxebizitza Sindikatua? Zergatik sortzen da?
Etxebizitza sindikatua Kontseilu Sozialistak martxan jarritako kolektiboa da. Honen asmoa etxebizitzaren esparruan jasaten dugun eraso eta gehiegikeriei era kolektiboan aurre egitea da, gure baldintzak hobetzearen alde borrokatzearekin batera.
Etxejabeek, bankuek, higiezinen agentziek, putre funtsek eta instituzio publikoek alokairuak garestitzen dizkigute, etxetik joateko presioa egiten digute edo zuzenean etxetik botatzen gaituzte. Laburbilduz, guk kalitatezko etxebizitza baterako sarbidea bermatu gabe izatearen arduradun zuzenak dira. Etxebizitza Sindikatuak langile klasearen antolakuntzarako espazioa izan nahi du, eta modu horretan, sozialismoaren aldeko borrokan ekarpena egin. Beraz, behar horietatik sortzen dela esan genezake.
Zertan ibili zarete orain arte?
Azaroan sortu zen Urola Erdiko Etxebizitza Sindikatua, eta gure eskualdean etxebizitzaren problematika nola gorpuzten den aztertzen egon gara. Gainera, hainbat dei jaso ditugu, eta iritsi zaizkigun kasu desberdinak bideratzen aritu gara. Horietatik gehienak etxegabetze mehatxuak izan dira, alokairu-kontratua amaitzeagatik edota etxejabeen presioengatik. Hala ere, etxebizitzaren auziak bestelako problematika sozialekin lotura zuzena duela jakitun, bestelako gaien inguruan ere egin ditugu lanketak. Horren adibidea da, RGI lege berriaren harira martxan jarri ditugun dinamikak, edota azken hilabeteetan jorratzen ari garen erroldaren gaiarena.
Zer dela eta hasi zineten erroldaren auzia lantzen?
Denborarekin sindikatua gizarteratzen eta sektore desberdinetara iristen joan da; hori dela eta, erroldarekin arazoak dituzten pertsonen deiak jasotzen hasi ginen. Pixkanaka pertsona horiekin gelditzen eta erroldaren auzia aztertzen hasi ginen. Izan ere, errolda pertsona ororen eskubidea eta erakunde publikoen betebeharra da. Legearen arabera, pertsona guztiek derrigor egon behar dute erroldatuta, baina praktikan ikusten da herritar askori errolda ukatzen zaiela.
Nola eragiten die errolda ez izateak pertsona horiei?
Zentzu askotan eragiten die erroldarik ez izateak edo errolda ukatzeak. Lehen aipatu bezala, pertsona hauetako gehiengoa atzerritarra dela jakinik, lurraldean egonkortzea galarazten zaie. Gainera, osasun txartela lortzeko edota ikastaro zein formakuntzak egiteko errolda eskatzen dute. Iritsi zaizkigun pertsona askok zerbitzu hauekin loturiko arazoak dituzte. Horietako batzuk gaixo daude, baina ezin dute ordaindu beharrezkoa zaien medikazioa, osasun-txartela eskuratzeko errolda eskatzen baitute. Beste batzuek, ikastaroak egin nahi dituzte lana aurkitu ahal izateko, baina ezin dute formakuntza jaso, erroldarik ez dutelako. Finean, beraien bizi-proiektua garatu ezinik gelditzen dira.
Erroldak filtro burokratiko funtzioa betetzen du gaur egun, hau da, bitarteko burokratiko honen arabera erabakitzen da zerbitzuetarako sarbidea nork izango duen eta nork ez. Ondorioz, biztanleria zaurgarriena babesgabe aurkitzen da. Horrenbestez, gaiaren larritasuna ikusita, erroldaren auziari heltzea erabaki genuen Etxebizitza Sindikatutik, eta horretan gabiltza.
Nolako kasuak iritsi zaizkizue?
Erroldarekin arazoak dituzten pertsonen 30etik gora dei jaso ditugu azken hilabeteetan. Esan beharra dago, guztiek antzeko errealitatea azaldu digutela. Atzerritarrak dira, eta arrazoi ezberdinengatik gure eskualdean amaitu dute. Etxebizitza eskari urriaren eta alokairu prezio altuen ondorioz ezin dute alokairura sartu, eta horren aurrean beste alternatiba bat topatu behar izan dute. Horietatik asko familiaren edo lagunaren etxean bizi dira, eta etxejabeek ez diete pertsona bat gehiago erroldatzen uzten. Beste batzuk berriz, logeletan bizi dira baina legezko kontraturik gabe. Hau da, diruaren truke bizi dira logeletan baina ahozko kontratu baten bitartez, eta ondorioz, dokumentu ofizialak falta zaizkie erroldatu ahal izateko. Aipatu beharra dago, logelen alokairu irregularrek azken urteetan izan duen gorakada. Bizitzaren garestitzearen eta proletarizazio prozesuaren ondorioz, bizi-eredu gero eta prekarioagoak ari dira normalizatzen gaur egun, eta logelen merkatua horien adibide garbia da.
Erroldaren auzia eskualdeko problematika dela esan genezake, baina iritsi zaizkigun kasu ia guztien atzean Azkoitiko herritarrak daudela ikusita, erroldaren auzia Azkoitian lantzen hasi ginen.
Zein da Azkoitiko errealitatea? Nola ikusten duzue egoera?
Errolda, udalak egiten duen tramite bat da, eta herritarrak bizi diren etxebizitzan erregistratzea du helburu. Horretarako, normalean, jabetza-titulua edota alokairu kontratua eskatzen dute, horiek baitira bertan bizi zarela frogatzeko modu edo bitarteko errazenak. Hala ere, beste modu batzuk existitzen dira bizitokia frogatzeko hala nola, fakturak edota bestelako dokumentu ofizialak. Gainera, dokumentu horiek falta bazaizkizu, etxebizitzan bizi zarela frogatzeko eska diezaiokezu udalari gizarte langilea bertaratzea, eta horrela, frogatuta geratzen da bertan bizi zarela. Azken urteetan ordea, errolda lortzeko gero eta oztopo gehiago jartzen ari direla ikus daiteke. Izan ere, orain derrigorrez entregatu behar da alokairu-kontratua errolda lortzeko, ezin duzu beste dokumentuekin frogatu, eta, ondorioz, herritar askori errolda ukatzen zaie.
Aipatzekoa da errolda ematerako orduan, bestelako errealitate batzuk ere normalizatzen ari direla: errolda tramitatzean etxejabea bertaratzea derrigortzen dute edo kontratuan zehazki agertu behar da erroldatu egiten duzula, errolda negozio bilakatu dute errolda diru-truk eskainiz, eta poliziaren errepresioa igotzen ari da…
Poliziaren errepresioa aipatu duzue, zerren inguruan ari zarete zehazki?
Udala derrigortua dago bertan bizi den jendea erroldatzera, pertsona horien egoera juridikoa aintzat hartu gabe. Hau da, erroldatzeko berdin du egoera erregularrean zauden edo ez, eta ezin da hori epaitzen hasi. Hala ere, entzun ditugu kasuak non erresidentzia baimenik ez duten baina errolda lortu duten pertsonei gutuna iristen zaien Polizia Nazionalera joateko esaten. Bertan, beraien asmoen gainean galdetzen diete eta Lurraldetik Kanporatzeko Espedientea irekitzen zaie. Hori oso larria da, aipatu den bezala, erroldatzean ez baita egoera juridikoaren gainean epaitu behar.
Zer eskumen du udalak, zehazki?
Nahiz eta Espainiako Estatu mailako legeak egon badauden, udal bakoitzak erabakitzen du errolda zer kriterioren arabera emango den. Hau da, zer dokumentu konkretu eskatuko dituen. Azkoitiko udalak errolda eskuratzeko geroz eta kriterio zorrotzagoak jartzen ditu, eta ondorioz, biztanleriaren zati handi bat erroldarik gabe dago. Lehen ez zen derrigorrezkoa alokairu-kontratu bat izatea, baina gaur egun, dokumentu hau izatea derrigortzen dute. Oro har, ikusten ari gara migrazioaren eta pobreziaren igoeraren ondorioz udalek gero eta traba gehiago jartzen dituztela errolda emateko. Alokairura sartu ezin duten herritarren kopurua gorantz doa, eta errolda-irizpideak malgutu eta egoerara egokitu beharrean, zuzenean herritar hauei erroldatzeko aukera ukatzen zaie.
Modu horretan, udalek etxejabeen irabaziak bultzatzen dituzte, eta gainera, baliabide publikoak aurrezten dituzte erroldarik ez dutenei baliabide horiek ukatuz. Erroldaturik ez dauden pertsonak ez daude herritar gisa erregistratuta, eta, beraz, ez dira beraien kargu egiten. Gainera, udalak baditu baliabideak erroldaren auziari erantzuteko, baina ikusten da irizpide zorrotzak jartzen dituela. Horren adibide garbia da errolda soziala.
Zer da errolda soziala?
Egun, errolda sozial gisa ulertzen dena bi eskubideren nahasketa bat da: erroldatzeko eskubidea eta betebeharra dago batetik, eta gizarte-sektore zaurgarrienen babesa bermatzeko administrazioaren betebeharra bestetik. Bigarrena posible izan dadin, erroldatzeak posible izan behar du sektore zaurgarri horientzat, eta paper hori bete beharko luke errolda sozialak. Tokian tokiko gizarte zerbitzuek erregulatzen dute errolda hau, eta udalaren jabetzakoa den eraikin batean erroldatzen dira pertsona hauek. Azkoitiko kasuan, kalean bizi direnei edota droga adikzioak dituztenei bideratzen zaien errolda mota da. Horrela, herritar ugari geratzen da errolda horretatik kanpo, izan ere, erroldarik ez dutenen egoera bestelakoa da: familia edo lagunen etxean bizi dira, logeletan bizi dira… Ondorioz, errolda soziala emateko irizpideek ez diete erantzuten gaur egungo errealitateari, ez da errealki eraginkorra den tresna bat.
Zer asmo ditu Etxebizitza Sindikatuak aurrera begira?
Etxebizitza Sindikatutik erakundeetatik kanpo antolatzeko hautua egiten dugu; beraz, erroldaren auzian sakontzeko espazioak sortzea ezinbestekoa iruditzen zaigu. Garrantzitsua da lehenik eta behin, Azkoitian existitzen den errealitatea ezagutzea eta pixkanaka horren inguruko kontzientzia hartzen joatea.
Ezinbestekoa da udala egungo egoerara moldatzeko prest egotea eta guztien errolda bermatzeko neurriak hartzea; izan ere, pertsonei errolda eskubidea bermatzeko errolda eskuratzeko irizpideak aldatu beharra dago. Eta, beraz, Azkoitiko udalari eskatzen diogu egoera horren aurrean neurriak har ditzala.