Asteartean erroldaren inguruko tailerra egin genuen Etxebizitza Sindikatuko kideok. Bertan, Azkoitiko egoera izan genuen hizpide. Etxebizitza eskaintza urriaren eta alokairu prezio altuen ondorioz, hainbat errealitate normalizatzen ari direla argi ikusi genuen: Lagunen edo familien etxean bizitzea, kontraturik gabeko logeletan bizitzea, etengabe bizitokiz aldatu behar izatea... Egoera horien ondorioz erroldarik ez duten herritar ugari daude Azkoitian. Erakundeetatik azken urteetan errolda lortzeko gero eta traba gehiago jartzen ari direla azpimarratu genuen. Horren aurrean, errolda lortzeko hainbat gomendio aipatu ziren eta esperientzia ezberdinak elkarbanatu genituen.
Azken hilabeteetan erroldarekin arazoak zituzten hainbat kasu iritsi zitzaizkigun, eta gaiaren larritasuna ikusirik, lanean hasi ginen. Iritsi zaizkigun kasuak eta problematika aztertzeaz gain, Asanblada Irekiak ere deitu ditugu azken hilabetean. Bide beretik antolatu dugu tailer hau ere. Hemendik aurrera ere, erroldaren auzia lantzen jarraituko dugu!
Errolda eskubidea denontzat!
Filtro burokratikoen aurka borrokatu!