Alokairu prezio altuen ondorioz, asko dira logela partekatuetan bizi direnak, edota familiaren zein lagunen etxean bizitzea beste aukerarik ez duten herritarrak. Gauzak horrela, errolda lortzeko ezintasunekin aurkitzen dira asko.
Errolda ez izateak ondorio latzak dakartza. Izan ere, erroldarik gabe ez zara herriko biztanletzat ageri, ezin duzu osasun arreta jarraia jaso, ezin dituzu zure egoera erregulatzeko kurtsoak egin, ezin duzu lan kontratu duinik lortu… Finean, errolda ukatzean, lurraldean beraien egoera egonkortzea oztopatzen zaie atzerritarrei, erabat babesgabe utziz. Izan ere, erroldak filtro burokratikoaren funtzioa betetzen du gaur egun, hau da, bitarteko burokratiko horren arabera erabakitzen da zerbitzuetara sarbidea nork izango duen eta nork ez. Horren aurrean, instituzioak ez dira gai arazoari irtenbide erreala emateko, eta miseria hori kudeatzera mugatzen dute bere jarduna.
Gaiaren larritasuna ikusirik, eta Azkoitian luzaroan ematen ari den errealitate bat dela jakitun, Etxebizitza Sindikatuak erroldaren inguruko tailer bat antolatu du: Azkoitiko egoera eta instituzioen egitekoa aztertzeko eta gaiaren inguruko aholkuak eskaintzeko helburuarekin. Maiatzaren 14an, asteartez, egingo da tailerra, Elkarguneko Floreaga aretoan, 18:00etan.
Errolda sarbidea denontzat!
Filtro burokratikoen aurka borrokatu!