Azkenaldian izan diren lan kaleratzeen harira

Erabiltzailearen aurpegia Kontseilu Sozialista 2023ko api. 28a, 07:26

Azkenaldian, lan esparruarekin lotuta, nabarmendu beharreko gertakariak eman dira, hala nola, GRI Castings ixteko eta bertako 61 langileak kaleratzeko saiakera, Domusa Teknikek azken hilabeteetan kaleraturiko 60 langileak eta Sidenorreko aldi baterako lan kontratuen salaketa. Ondorengoa da Kontseilu Sozialistak gertakari horien harira atera berri duen irakurketa.

Azken hilabeteotan, lan esparruarekin lotuta, gure eskualdean nabarmendu beharreko hainbat gertakari eman dira: GRI Castings ixteko eta, ondorioz, bertako 61 langileak kaleratzeko saiakera, Domusa Teknikek azken hilabeteetan kaleraturiko 60 langiletik gora, Sidenorreko aldi-baterako lan kontratuen salaketa, Azpeitiko anbulategiko langileen egoera... Esan daiteke adibide esanguratsuak direla lan esparruan eman daitezkeen adierazpen gordinenetakoak diren heinean; aldiz, lehen begiratuan ikus daitezkeen gertakari horien atzean, oharkabean, igarotzen diren lan eskubide urraketa ugari ematen ari dira. Horrelako hainbat kasuren berri izan dugu azken boladan Laneko Autodefentsa Sarean ere. Honek guztiak bizitzen ari garen burgesiaren ofentsiba ekonomikoari erantzuten dio: lan-baldintzen kaskartzea, eskubide urraketa sistematikoak, kaleratzeak eta bestelako hainbat egoera.

Bada, azken hilabeteotan oharkabean eman dira Domusa Teknik kooperatibako 60tik gora kaleratze. Gertaera horiek agerian uzten dute kooperatibek zailtasunen aurrean hartu ohi duten jarrera, baita ere, enpresa eredu hau berdin-berdin probesten dela babesik gabeko langileez; langabezia kronikora kondenatuta dauden aldizkako kontratu finkodun langileez, kasu. Izan ere, kooperatibak merkatu kapitalistaren legepean autonomoen edo enpresa txiki eta ertain askoren kasuan bezala, langileen esplotaziorako mekanismoak dira, zeharka bada ere. Bestalde, garbi geratu da jarrera hauek Euskal Herrian duten inpunitatea: haien burua langileen defendatzaile izendatzen dutenek ere ez baitute beren eginbeharra denik egoera hauei aurre egitea.

Sarritan errazegi jartzen dira aurrez aurre enpresa pribatua eta kooperatibismoa, bataren izaera ilun eta gupidagabea eta bestearen eredu demokratiko eta humanoa. Enpresa pribatua etekin ekonomikoetara bideratuta dagoen bitartean, kooperatibismoak langileen elkartasuna omen du oinarri. Enpresa pribatuak merkatuan inbertitzen duen bitartean, kooperatibismoak gai sozialetan esku hartzen omen du.

Baina horrelako injustizia egoeretan konplizitate jarrera hartzen dutenak zapaltzailearen aldean lerratzen dira nahitaez. Gure partetik, aldiz, egoera hau salatzeaz gain, gure babes eta elkartasun guztia adierazi nahi diegu egoera hau jasaten ari diren langile klaseko sektore guztiei, bai enpresa pribatuetakoei, handietakoei nahiz txikietakoei; eta noski, kooperatibetakoei.

Bukatzeko, Laneko Autodefentsa Saretik maiatzaren 27an Azpeitiko Sindikatu Zaharrean tailerra izango dugu, goizeko 11:00etan. Bertan langileok gure lanpostuetan ditugun eskubideez eta kaleratzeen aurrean hartu beharreko jarrerez eta hainbat gomendioz arituko gara.

Basakeria kapitalista gelditu! Autodefentsa sozialista antolatu!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide