Azkeneko Kejie ta desditxie irakurtzen ari nintzela gogoratu nuen plaza denona omen dela. Nola? Baloiak betetzen du leku guztia autorik ez dagoenean eta euririk ari ez duenean. Lanerako eta etxerako bidean plazatik pasatu behar izaten dut, baina sarri gira-biraka egin behar izaten dut bidea baloiak daudelako. Ez baloi bat; bi, hiru edota lau baloi aritzen dira elkarrekin dantzan, dinbili danbala! Txikiei kolpe bat eman eta atzeraka lurrera; eta kolpea denean, pozik. Zaharrekin eta helduekin gauza bera gertatzen da, uneoro nondik saihestu pentsatu behar.
Eguraldi ona iristen denean besterik ez da izaten herriko plazan: baloia. Udaltzainengana jo izan dut bizpahiru kolpe hartua naizelako. Haien esanetan, herriko plaza ez omen da baloiarekin jolasteko lekua. Antza, hori ez daki inork. Parke estalira joan eta han ere gauza bera; baloiarekin jolasean dabiltzanei horretarako lekua ez dela esaten badiezu, berriz, "ez du kartelik jartzen" erantzun eta beraienari eusten diote. Patinekin saltoak ere praktikatzen dituzte txikien gunean.
Bat legea da, eta bestea gizalegea. Larruzko baloi gogorrak indarrez jaurtiak diren leku horietan beldurra izaten dut, noiz eta nola joko ote didan. Umearekin plazara ez naiz gerturatzen, ez dut sentitzen plaza guztiona denik. Eskertuko genuke nik eta ni bezalako herritarrok kartxeltxoak jartzea, baloiarekin non ezin den eta nola ibili zehaztuz. Ez naiz baloiaren aurkakoa baldin eta ez badidate jotzen edota haurra botatzen. Jolastu errespetuz.