Urola Erdian Etxe Argiak

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Berritzen 2017ko aza. 10a, 09:50

Urola Erdiko Energia Planaren baitan, Iraurgi Berritzenek, eskualdeko Udalekin elkarlanean, “Etxe Argiak” ekimena abiatu du. Eskualdeko bizilagunei zuzenduta dago eta elektrizitate kontsumoa murriztea zein herritarren zaurgarritasun energetikoa ekiditea ditu helburu. Kanpainan parte hartzeko izena eman beharko da, azaroaren 15a baino lehen.

 

Urola Erdiak urteak daramatza energia burujabetasunaren alde lan egiten. Horretarako Plan zehatz bat egin zen zeinetan eskualdeko eragile eta herritar ezberdinek parte hartu zuten. Planak hainbat erronka jasotzen ditu, horien artean eraginkortasuna eta aurrezkian oinarritutako kultura energetiko berria bultzatzea eta ahultasun energetikoa murriztea daudelarik.

Orain abian jartzen den ekimen honek ildo horietan aurrerapausoak ematen eta eskualdeko eredu energetiko berriranzko bidea jarraitzen lagunduko du.

 

Zergatik Etxe Argiak?

"Etxe Argiak" izenarekin ekimenak berak batzen dituen bi kontzeptu uztartu nahi izan dira: batetik, energia kontsumo arduratsua eta adimentsua egiten duten etxeak eta, bestetik, egoera larrian egon daitezkeen etxe argiztatuak.

 

Etxe Argia izateak zer suposatzen du?

Ekimen honetan parte hartu nahi duten etxeei, lehenik eta behin, bisita energetiko bat egingo zaie, hau da, pertsona bat euren etxera joango da eta haiekin batera zer nolako energia kontsumoa duten aztertuko da.

Informazio horretan oinarrituta, energia plan pertsonalizatu bat egingo zaie, non kontsumoa murrizteko eta eraginkorragoa egiteko ekintzen proposamen sorta bat proposatuko zaien. Lau hilabete emango dira ekintza horiek martxan jartzeko eta, denbora horretan zehar, hainbat aholku eta jardunbide on azalduko zaizkie.

Azkenik, lau hilabete ondoren, etxebizitza bakoitzaren emaitzak aztertuko dira eta etxe bakoitzak bere emaitzak azaltzen dituen txosten bat jasoko du.

 

Nola egin Etxe Argia izateko?

Ekimen honetan parte hartzea erraza da eta bide ezberdinak ireki dira izena eman ahal izateko: 943026069 telefonora deituz (Iraurgi Berritzen), etxeargiak@gmail.com posta elektronikora idatziz ala norberaren udaletxera hurbilduz.

OHARRA: ekimenerako kontsumo datuen jasoketa on-line plataforma batean oinarrituko denez, ezinbestekoa da posta elektroniko eta interneterako konexioa izatea.

Informazio gehiago kartel honetan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide