15-16 urteko gazteei Memoria historikoa orainalditik ikastaroan proposatutako galdera izaten da hau: emakumeek gerrako lehen lerroan parte hartu zuten? Erantzuna, gehienetan, ezezkoa izaten da. Transmisioak, orokorrean ezetz dioen arren, historia ikertu ahala, bestelakoa da errealitatea.
Gabina Viana, donostiarra: 1891ko otsailaren 19an jaio zen. Handik urte batzuetara, Bartzelonara joan zen bizitzera. Han ere euskal kulturari nabarmen lotuta jarraitu zuen. Alderdi Sozialistako Bartzelonako emakumeen arduraduna izaki, Katalunian zein Balear Uharteetan konferentzia ugari eman zituen: kazikismoa eta klerikalismoa salatu eta klaseen arteko borrokaren berri ere ematen zuen, besteak beste, mitinetan.
1936ko otsaileko hauteskundeetarako izugarrizko propaganda egin zuen. Garai hartan, Kataluniako Unio Socialistako militantea zen, zeina aldi berean, Front Català d’Esquerras-en barnean kokatzen zen. PSUC sortzean, Unio Socialistak osatzen zuen, eta gerran zehar zeresan handia izango zuen alderdi horretako militante bihurtu zen.
Estatu kolpea eman eta kolpisten aurkako indarrak biltzeko eta antolatzeko 1936ko uztailaren 30ean egindako batzarraren ostean, PSUCeko emakumeen miliziak sortu zituzten. Erakundearen buruzagiak Eloïna Malasecheverria eta Carme Julia Puiggros izan ziren. Egoitza Bartzelonako Gràcia kaleko 34. zenbakian kokatu zuten, eta bertan zerrendatu ziren Kataluniako Milizia Antifaxistetan parte hartuko zuten emakumeak.
Hego Euskal Herrian jaio, bizi edo borrokatu zuten 279 emakume miliziano ditugu
Zazpi sail ezberdinek osatu zuten erakundea, eta Gabina Viana Gerrako Sailaz arduratu zen. Viana eta haren kamaradek prestakuntza horiekin guztiekin bi helburu nagusi zituzten: emakume haiek atzegoardian lan egitea eta emakumeen ejertzitoa sortzea. 1936ko abuztuaren 16ko Crónica egunkariko artikuluan Vianak horrela zioen: "(...) El miedo ridículo que antes tenía la mujer a las armas de fuego era preciso que desapareciera por completo. ¡Hay que ver ahora la naturalidad con que las chicas disparan una ametralladora!(...). No, en realidad, necesitan poco tiempo para ello, y lo mismo para aprender la instrucción. (...) El entusiasmo es tal, que cada día se va haciendo mayor el número de solicitudes para ingresar en las milicias femeninas". (Berger, Gonzalo; Balló, Tania, 2021. Les Combatents. La història oblidada de les milicianes antifeixistes. Rosa dels Vents, Barcelona).
Gaur egunera arte, Hego Euskal Herrian jaio, bizi edo borrokatu zuten 279 emakume miliziano ditugu. Historia ikertzeak errealitatean gertatu zena ezagutzea ahalbidetzen digu.