Hainbat aburu

"Maitasuna umearentzat…

Erabiltzailearen aurpegia Ione Zuloaga Muxika 2025ko api. 19a, 08:52

Isabel Etxeberria Gorriti. (andra.eus)

Ione Zuloaga kolaboratzaileak martxoko Azkoitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau:

Zergatikan umeak beti onak dira. Eta onetasun hori ahalegiña ein det goratzeko". Isabel Etxeberria Gorriti. XX. mende hasieran jaio zinen, 1915eko urtarrilaren 31n, duela 110 urte. Lehenengo Mundu Gerra betea zen. Gaztaroan, II. Errepublika garaian hasi zenituen irakasle ikasketak Donostian, Marcelino Domingo Instrukzio Publikoko ministroaren hezkuntza erreformaren barruan.

Hezkuntzaren oinarri berriak ongi transmititzen jakin zenuen, nahiz eta diktadura frankistaren garaiko errepresioa ere zure azalean jasan beharra izan. Gerra hastean, Quintanilla de la Riberan (Araba) zeunden irakasle lanetan eta handik, tropa frankistak sartzean, lanpostutik kendu eta Getariara lekualdatu zintuzten. Zure lekualdatzea ez zen zuk aukeratutakoa izan, frankistek hartutako erabakien eraginez lekualdatu zintuzten lanpostutik. 1939ko irailean Gabiriako (Gipuzkoa) eskolara lekualdaketa, Getarian zenuen lanpostuan frankistekin soldadu izandako gizonezko bat ezarri baitzuten irakasle. Handik, 1943an gobernu frankistak irakasleak postuetan kokatzeko egindako lehiaketaren ostean, egin ahal izan zenituen aukeren artetik (II. Errepublikan ikasketak burutu zenituzten irakasleak zerrendetan azkenak kokatu, eta horregatik ezin izan zenuten postua euskal lurraldeetan aukeratu), 1943ko abenduaren 4an, gaur egun bizi zaren Gironako (Katalunia) herritxo arrantzalean, Llançan lortu zenuen irakasle postua. 1944ko urtarrilaren 1ean bertako eskolan lanean hasi zinen. 1980ko ekainaren 30ean jubilatu zinenera arte eman zenituen klaseak. Ogibidea pasio izan zenuen.

Frankisten ideologiarekin bat egiten ez zutenak lanik gabe utzi zituzten

Frankistek, besteak beste, Eskola Nazionaletako irakasleak depuratu zituzten, labur, epaiak egin zizkieten beraien ideologiakoak ziren ala ez frogatzeko. Frankisten ideologiarekin bat egiten ez zuten irakasle abertzaleak, anarkistak, errepublikanoak, komunistak, sozialistak… lanik gabe utzi zituzten (irakasleak ez ziren egoera hori jasan zuten bakarrak izan), Catalina Baños Errezilgo bitarteko maistra kasu "(…) fue destituida por esta Junta Local de 1ª Enseñanza por ser una persona anticristiana". Beste batzuk, berriz, kartzelan sartu eta fusilatu ere egin zituzten. Huraxe izan zen Maximo Puerta Otxoa Aizarnako irakasle izandakoaren edo Antoni Benaigesen kasua, zeina El maestro que prometió el mar pelikula hunkigarrian ikus dezakezuen: "Haurrak ezin dira izan norberak nahi duena. Ez dira gauzak. Ezkutatzen dituzten balioen araberakoak izan behar dute. Horixe bera, beraiek. Pentsa dezatela, senti dezatela eta maita dezatela. Utz diezaiegun umeei. Errespeta ditzagun une oro".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide