Bigarren Errepublika ezartzeak, besteak beste, ordura arteko genero ordena tradizionalaren hausketa eragin zuen. Beste hitz batzuetan, ordura arte, orokorrean, Hego Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan, emakumea, legearen aurrean eta beraz, gizartearen begitan guztiz sumisoa zen, gizonaren menpekoa, bigarren mailakoa, baztertua. Bigarren Errepublikaren etorrerarekin, kaleetan urte luzez borrokatutako zenbait eskubide lortu zituzten emakumeek: sufragiorako, dibortziorako eta aborturako eskubideak, besteak beste.
Emakumeek ordurako espazio publikoan ere lan egiten zuten (fabrika, denda, telefono, irakasle eta abar), eta lege berri ezberdinen bidez, lan baldintzak hobetzea lortu zuten, nahiz eta oraindik soldataren arrakalak bere horretan jarraitzen zuen, esaterako. Hala, legearen aurrean egindako aurrerapen ezberdinek, gizartearen multzo batek behintzat, emakumeak, ama eta emazte ona izatetik harago ere izan zitezkeela ikusi, defendatu, eta zenbait kasutan, gorpuztu zuten.
Genero ordena gorpuzten ez zuten emakume guztiak errepresaliatu zituzten frankistek
Haietako batzuk izan ziren Pilar eta Dolores Arrillaga, Evarista Sasianbarrena, Pilar Garcia, Ignacia Don, Gregoria eta Maria Jesus Irazu, Bigarren Errepublika garaian espazio publikoa hartuz ideia abertzaleak defendatzeagatik, diktadura frankistan zehar, Donostian epaitegi militarrean epaitu eta Guardia Zibikoaren hitzetan "rabiosas separatistas" izateagatik kondenatuak. Haien ideologiagatik ez ezik, moralki ere kondenatu zituzten, abertzale "sutsuak" izateagatik. Ez zen kasu bakarra izan; Gregoria Gonzalez Yanguas tolosarrari egindako epaiketan "sus ideas rabiosamente izquierdistas" zirela adierazi zuten. Filomena Gastesi Iturrioz Bigarren Errepublikan zehar Emakume Abertzale Batzako militantea izandako alegiarrari, berriz, "por indeseable", denbora batez ez zioten Alegiara sartzen utzi, eta horren eraginez, Altzon bizi behar izan zuen haren seme txikienarekin.
Frankistek zeritzoten beraiek goraipatzen zuten emakume "ama, emazte ona eta otzanarekin" hausten zutela zigortutako emakume horiek. Finean, frankistek ezarritako genero ordenarekin hausten zuten. Hala, aipatu genero ordena gorpuzten ez zuten emakume guztiak errepresaliatu zituzten gizonezko zein emakumezko frankistek. Adierazitakoak ez ziren garai hartan genero ordena tradizionalarekin hautsi zuten emakumeak jazartzeko erabilitako hitz bakarrak izan, gehienoi gaur egun ere ezagunak egingo zaizkizuen "puta", "zoro" eta "por tiorra" hitzen bidez jazarri zituzten emakume haiek ere, ama eta emazte ona izatetik harago, haien bizitzak pentsatzen eta egiten zituzten emakumeak. Gutxienez bi aldiz epaituak, ideologikoki eta moralki.