Azkoitia Oroimena, iragan hurbila ezagutzeko erreminta

Erabiltzailearen aurpegia Ione Zuloaga Muxika 2024ko urr. 21a, 15:35

Ione Zuloaga kolaboratzaileak Azkoitia Gukaren iraileko aldizkariko Hainbat aburu atalerako idatzitako iritzi artikulua: 'Azkoitia Oroimena, iragan hurbila ezagutzeko erreminta'.

Urtarrilaren amaieran Azkoitia Oroimena webgunea aurkeztu genuen. Webgunea Azkoitiko Udalak lagunduta Aranzadi zientzia elkarteak egindako ikerketaren emaitza da. Ez nator gure webgunearen propaganda egitera, hark herri honen historia jakiteko duen garrantziaz berri ematera baizik.

Lankideek ikerketa hasi zutenean, liburu sorta bikaina zuten esku artean 1936-1959 artean Azkoitian gertatu zena ikertu ahal izateko. Ikerketako lehen pausoa egiteko ezinbestekoak gertatu zitzaizkien. Baina bigarren mailako iturriak izaki, ezinbestekoa egin zitzaien hainbestetan azpimarratu dugun metodologia zientifikoaren erabilera. Labur azalduta, lehen mailako iturrietatik (artxibo ezberdinetako dokumentu historikoak edo herritarrei hartutako lekukotzak, kasurako) hartutako informazioa, haren testuinguru historikoan ikertzea. Horretarako, herriko artxiboa, Gipuzkoako artxibo ezberdinak (Oñatiko Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoa, kasurako), Hego Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko artxibo ezberdinetako dokumentazio historikoa ikertu zuten. Azken horien kasuan, Espainiako Gobernuaren kudeaketa duten artxiboak eta artxibo militarrak desberdindu behar ditugu, besteak beste. Lehenengoen kasuan, Centro Documental de la Memoria Historica (Salamanca) edo Archivo General de la Administracioneko dokumentuak ikertu zituzten, besteak beste. Bigarrenen kasuan, Ipar-mendebaldeko Tarteko Eskualdeko Artxibo Militarreko (Ferrol), Guadalajarako Artxibo Militar Orokorreko (Guadalajara), Avilako Artxibo Militarra eta Madrilen zein Bartzelonan kokatzen diren artxibo militarrak, besteak beste.

Herritarrek, urtea amaitu bitartean, informazio gehitzeko edo galdetzeko aukera dute

Dokumentu historikoez gain, lekukotzak ere hartu ziren, ahalik eta iturri anitzenetako informazioa baliatuz, ulertzen baitugu garaiko testuinguru historikoaren deskribapen osoena emango dugula. Azkoitia Oroimena webgunea Nazio Batuen Erakundeak ezarritako giza eskubideen urraketak kontutan hartuz dago osatuta, eta hala, garai historiko hartan dokumentatu ahal izan ditugun herritarren edo herrian urraketaren bat jasan zuten pertsonak barnebiltzen ditu. Horrenbeste urtetan isiltasunera kondenatu zituztenen urraketak, beraz, webgunean jasota daude.

Litekeena da haietako batzuk ikerketan zehar dokumentazioan agertu ez izana edo lekukotzen bidez ez jasotzea; herritarrek, Azkoitiko udalaren laguntzaz, urtea amaitu bitartean, informazioa gehitu edo galdetzeko aukera dute. Jasotako informazioaren bidez, iragan hura hobeto ulertzeko, pertsona horiek guztiak garai historikoan kokatu eta haien historia kontatzea bide egokia litzateke.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide