Orain pare bat hilabete jaso nuen deia. Deiak proposamena zekarren. Maxixatzen aldizkariko iritzi ataletako batean zutabea idazteko proposamena, aukera, eskaini zidaten. Pozarren hartu nuen notizia, lerro batzuk eskaini ahalko nizkizuen hain maitea dudan historiari eta herritarroi.
Historia iraganeko gertakariz osatutako prozesu luzea da, luzea eta ez lineala. Historia gorabeheratsua da. Eskolan marrazten genuen ardatz kronologikoa zuzena izan arren, beti izan naiz lurrikaren intentsitatea neurtzen duten menditxoen bidez marraztearen aldekoa. Menditxoen altuera ezberdinek gizakiarengan eta munduan eragina izan zuten eta duten gertakari historikoak adieraziko lituzkete. Ardatza zuzena eta jarraia izateak, berriz, bisualki, historian, iragana beti garai okerrago, gatazkatsuago, labur esateko, "txarrago", izan zelako ustea sortzen duela iruditzen zait, ardatza zuzen aurrera doalako inongo gorabeherarik adierazi gabe. Aldiz, bizi garen garaia garatuagoa, hobea, delako ustea sortzen da. Eta hori, beti, ez da hala. Esaterako, bat baino gehiago harrituta geratuko zatekeen Hego Euskal Herrian XX. mendeko 30eko hamarkadan emakumeek lortutako eskubideekin.
Isiltasunera kondenatu zituztenen historia kontatzen saiatuko naiz
1931ko urriaren 1ean, esaterako, emakumeek boto eskubidea lortu zuten Bigarren Errepublikan, urte luzez hainbat alderdik eta sindikatuk borrokatu zutena. 1932ko otsailaren 25ean, dibortziatzeko eskubidea, adulterioaren legea bertan behera utzita; 1937ko urtarrilaren 9an, gerra betean, Generalitatak abortatzeko eskubidea onartu zuen, gobernu errepublikanoak hori ukatu bitartean. Hala eta guztiz ere, gobernu hartako osasun ministroa zen Federica Montseny anarkistak Errepublikako gobernuaren menpe jarraitzen zuten lurraldeetan (gerra testuinguruan lurralde batzuk kolpisten eskuetan zeuden) abortua aplikatuko zuela adierazi zuen. Errepublikak ere izan zituen arrakalak, gaur haietan sakonduko ez dudan arren.
Hala ere, 1936ko otsaileko hauteskundeen ondoren osatutako Fronte Popularraren gobernuak, argi izpi bat, itxaropena, bizirauten bizitzetik benetako bizitza izatera igarotzeko aukera suposatu zuen zenbaitentzat. Itxaropen hura 1936ko uztailaren 17-18an oligarkia eta militarren zati batek gobernu haren aurkako estatu kolpea eman, porrota jasan eta gerra hastearekin zapuztu zuten. Herritar batzuek Errepublikako gobernuaren alde egin zuten; besteek, kolpistekin bat egin zuten. Ordutik aurrera gertatutakoa guztiontzat aski ezaguna dela esatea gustatuko litzaidake. Baina ez da hala. Beraz, hemen idazteko aukera baliatuta, datozen hilabeteetan aski ezezaguna zaigun historia kontatzen saiatuko naiz, isiltasunera kondenatu zituztenen historia. Isiltasuna apur dadin.