Aurkezpen baten bidez, euskararen ezagupenaren zifrez, Azkoitiko datuez, erabileran eragiten duten faktore nagusiez, gazte euskaldunen ezaugarriez, gurasook egin genezakeenaz, “nik” egin dezakedanaz, motibatzeaz… aritu zitzaigun.
Bere bizipenen artean, amak Euskara frankismo garaian ikasi zuela azaldu zigun. “Familiako bizi esperientzia honek erakutsi dit baldintzarik txarrenetan ere, eutsi dakiokeela hizkuntzari eta baita ikasi ere gertuko komunitateak eusten badio, eta familian hizkuntzarekiko maitasuna transmititzen bada. Eta gure etorkizuneko saria izango da, Gipuzkoako eta Euskal Herriko familia gehienetan euskara eta hizkuntzarekiko maitasuna transmititu dadin lortzea; batez ere, haurrak izaten ari diren guraso euskaldun berrien etxeetan. Etxe horietan euskara haurren ohiko hizkuntza izatea lortzen badugu, etorkizuna oinarri sendoan finkatuko dugu” dio Kikek.
Ohiturez ere aritu zitzaigun hizketan: “Ondo dakigu zenbat kostatzen den beti erdaraz egin duzun norbaitekin euskaraz egiten hastea. Beti erdaraz egin duzun zerbait euskaraz egiten hastea. Horregatik da inertziak puskatu eta gainditzeko garaia: administrazioan, lan munduan, elkarteetan, kuadrilletan eta familietan. Gipuzkoa aitzindari izan da, da eta izaten jarraitu behar du inertziak gainditu eta erabilera dinamika sendoak sortzen”.
Aurkezpena amaitu aurretik, gurasook egin genezakeena azaldu zigun bost puntutan:
- Gurasook haurren eredu gara.
- Euskararekiko maitasuna transmititu.
- Familian egitea da euskara ikasteko bermerik onena eta modurik naturalena eta eragingarriena.
- Dakigun euskara erabili, inolako konplexurik gabe.
- Ez badugu normalean euskaraz egiten, jauzi hori egiteko modua aurkitu.
Ordu bete pasatxoko saioa izango zela aurreikusten genuen arren, bi ordutara gerturatu zen eta hala ere gutxitxo iruditu zitzaigun. Eskertzekoa da Kikeren gertutasuna. Benetan gustura egon gintzaizkion entzuten eta ondoren izan genuen solasaldian guztiok kezka berak ditugula baieztatu genuen. Batera egin nahi dugu lan, etorkizun hobe, justuago eta euskaldunago baten alde. Kike gure akuilu izan da eta orain guk gure seme-alaba eta ikasleen akuilu izan nahi genuke. Hori dela eta, saio honekin NORMALKUNTZAKO GURASO BATZORDE bat osatzeko aurrerapauso sendo bat eman genuen.
ESKERRIK ASKO, KIKE!!!
FLOREAGA EUSKARAZ, EUSKARAREKIN eta EUSKARAREN ALDE!
Eguzkilore ( Floreagako Normalkuntza Batzordea)