Kostatuta, baina badirudi Udal Gobernuari begiak ireki zaizkiola eta herritarren nahia pixkanaka-pixkanaka betetzen hasi dela. Eskerrak! Inoiz ez omen da berandu izaten lorpena ona denean eta.
Pasatu dira urte batzuk Egoitza Kalera herri mugimendua sortu zenetik. Mugimendu indartsua sortu zen Zaharren Egoitzak kalean egon behar zuela eskatuz eta hango egoiliarrek eta han zeuden beste zerbitzuetako herritarrek –eguneko zentroa eta apartamentu tutelatuak– bizitza duin bat izateko egoitza herrian bertan integratuta egotea ezinbestekoa zela aldarrikatuz.
Udal gobernuaren erantzuna beti ezezkoa izan da, han goian baino leku hoberik ez dagoela esanez eta herrigunean leku egokirik ez dagoela aitzakia bezala ipiniz.
Jasotako erantzun horiek balekoak ez zitzaizkigulako, erre-ke-erre hor jardun dugu, eta nonbait tira-bira horretan Aldundia gauzak aztertzen hasi zenean konturatu ziren ez zutela nahikoa jende ez eguneko zentroan, ezta apartamentuetan ere. Nola ba! Ea zeinek nahi duen han goian herritik aparte bizitzea! Zerbitzu horietarako jendearen eskaerarik ez egoteak zer esan nahi du? Ba negoziorik ez dagoela! Hor dago gakoa, eta hasieran zuten kontrako iritzia aldatzeko arrazoi garrantzitsua.
Dena dela, aurrera pausoa eman dute eta orain sustatzaileek (agintariek) diote "kokapenean egin dutela azpimarra". Izan ere, herrigunetik askoz hurbilago eta irisgarriago dago zentro berria, eta horrek hiri ingurunearekin eta komunitate bizitzarekin lotura izatea erraztu egiten du. Ea ba! Denborarekin hainbestetan aipatu izan dugun egoerarekin jabetzen hasi dira! Norabide horretan beste urrats bat dela, eta adinekoen eta haien senideen ongizatearen mesedetan egindako ahalegin kolektiboa dela diote orain agintariek.
Zeharo ados gaude "ahalegin kolektiboa" izan dela esaten dutenean, baina agintari jaun-andreok onartu beharko duzue herriko jendearen ahalegina izan dela hau dena mugiarazi duena. Hori horrela izan ez balitz ez zenuten ezer egingo, han goian dena oso ongi zegoen-eta Udal Gobernuaren esanetan.
Eta "urrats bat" izan dela ere esan duzue. Bai! Hori horrela da, eta poza ematen du, baina zeuen hitz polit horiek kontuan hartuta eta zeuek sinisten baldin badituzue, azpimarratu behar dugu oraindik ere beste urrats garrantzitsu batzuk emateko dituzuela. Apartamentu tutelatuak eta egoitza bera ere kalera jaistea falta zaizue, "giltzarri" izan behar baitu herritarren beharrak asetzeak, "duintasunez, zentzuz eta konpanian" zahartzea ahalbidetuz. Eta horretarako erakundeen arteko lankidetza beharrezkoa da!
Oraindik dezenteko lana gelditzen zaizue adinekoen bizileku horiek herriko komunitate bizitzarekin bat egiteko, kokapena aldatu eta herrira jaisteko. Aurrera ba!