Hauteskundeak badatoz

Erabiltzailearen aurpegia Egoitza Kalera 2022ko api. 7a, 14:41

Egoitza Kalerak honako gutun hau igorri du San Jose egoitzaren inguruan.

Nabarmena da hauteskundeak arrimatzen ari direla eta zenbait partidu politiko, tartean gure udal gobernukoak beren kanpaina egiten hasi direla. Kasu hauetarako ondo datorkie Egoitza hitza. "Hitza", bai! Horretan gelditzen dira  beren propagandako kontuak. Ekintzak hutsak!

Egoitza kalera jaisteko 2019an sinadura bilketa egin zen, 3224 jaso zirelarik. Ordutik hona zer egin dute Azkoitiko Udal Gobernuak eta Aldundiak San Jose egoitzako egoiliarren egoera hobetzeko? EZER EZ! "Onena" opa omen die egoiliarrei eta horretarako lanean ari omen dira. "Onena" hori zer da egoiliarrentzat? Han goian herritik eta herritarrengandik aparteko mundu batean bizitzea? Horri esaten diote kalitatezko bizitza?

Egoitza kalera jaistea ezin omen da leku eta diru faltagatik. Ulertu ezinekoa da gure udalarekin gertatzen dena. Urrutira joan gabe, aldameneko herrian, Azpeitian, egoitza herri gunean dute, eguneko zentroa ere bai, orain adinekoentzat apartamentuak ere herri erdiko kalean egiten ari dira eta gainera, Aldundiak onartu die herri erdian beste egoitza berri bat egitea behar bereziak dituzten pertsonentzat. Eta hemen herrigunean ezin da horietako ezer egin?

Azken egun hauetan gure udalak pauso bat eman du, bai, baina atzeraka. Bere eskuak libratu eta San Jose egoitza bete-betean Aldundiaren eskuetan utzi du. Hori gauzatzeko, gainera, 67.996,76 euro Azkoitiko herriak jarri behar ditugu. Egin beharreko gauza administratibo hutsa omen da. Badaezpada ere horren publizitate handirik ez dute egin herritarren artean. 

Orain Aldundia datorkigu zahar etxeen eredu berri bat proposatuz. Gipuzkoako 25 zentroetan ezarriko omen dute eredu berri hori, eta tartean, udalak dioenez gure herriko San Jose egoitzan “egokitzapenak” egiteko izango omen da. 

Horretarako, aldundiak COVID-19 funtsetatik ateratako 20 milioi erabiliko omen ditu. Hara non! COVIDari esker dirua zahar etxeetan hobekuntzak egiteko! Birus hau agertu ez bazen, dirurik ere ez?
Orain, San Jose egoitzan "egokitzapenak" egiteko diru kopuru bat jasotzekotan baldin bagara, zergatik ez petatxoetan gastatu beharrean aprobetxatu aukera hori herrian bertan kokatzeko planak egin, pausoak emanez eta herritarren nahiak betetzearekin batera gauzak sustraitik behar bezala egiten hasteko?

Markel Olano eta Maite Peña diputatuek beren agerraldian azaldu zutenez, zaintza ereduak erabateko lehentasuna du eta garrantzitsua da egoiliarrak "etxean" daudela sentitzea, eta ez "ospitalean", eredu berrian INTEGRAZIOAK garrantzi berezia duela esanez.

Gure egoitza zaharkituta dago eta dagoen lekuan egonda, sinistekoa al da San Joseko egoiliarrentzat esaten duten bezala izango denik? Zertan nabarmenduko dute?

Nola dute pentsatuta gure egoitzako jendea herriko bizitzan "integratzea"? Igogailu batekin? Eta hortik herrigunera? Urbanoan igo eta jaitsi ezinik? Garraio baten eta orduaren menpe?

Herritarren parte hartzea ez da botoak eta iritziak jasotzeko bakarrik izaten, baizik eta beren nahiak aintzakotzat hartu eta errespetatzeko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide