Koldo Camposen idatzia irakurri ondoren gure taldean komentario hau egin zen: "Ausarta benetan!". Han bertan bizi izanda, ea zein ausartzen den bere ikuspuntua ematen, jakinda egoitzaren kudeaketa ematen dutenei ez zaiela batere gustatuko. Kexatzea ez da beti doan ateratzen.
Bestalde, haren idatziari Azkoitiko EAJk eman dion erantzunak "harridura" sortu digu. Ez zitzaigun batere arraroa egingo Udalak edo Biharko enpresak –egoitza kudeatzen du– eman izan balio erantzuna, hori ilitzatekeen logikoena, baina alderdi politiko batek? Gaiari erabilera politikoa emanez?
Camposek berak bizi duen errealitate ikuspuntutik azaldu du egoera, beste edozeinek egin zezakeen bezala, eta norberak bere bizipena azaltzea ez zaigu iruditzen gezurretan ibiltzea denik.
Zeinek esan duen kritikatu ordez, ez al da zuzenagoa esan duen hori horrela den ala ez ikertzea? Baina ikerketa sakon batekin, eta ez aurrez aditzera emandako bisitatxo batekin bakarrik.
Egoitza Kalera taldea egoiliarren senideekin osatuta dago erabat, eta EAJren erantzun horretan familia aipatzen denez eta horrek ukitzen gaituenez, esan beharra daukagu egoitzan dagoen edozein bertan egoteko arrazoiak sakonak eta desberdinak direla, eta ez gara hor sartuko. Baina deigarria da bertako langileetako inork ez duela eman bere etxekorik hain ondo dagoen egoitzara. Horrek zerbait esan nahiko du.
Horrez gain, esan senideei ez zaizkiela urtero pasatzen inkestak. Urte eta erdi baino gehiago izango da azkenekoz pasatu zutela. Ez dakiguna da inkesta horiek zeinen eskuetara joaten diren eta zeinek kontrolatzen dituen, enpresak emandako emaitza altu horiek horrela diren ala ez ziurtatzeko... Objektiboa den norbaitek, enpresarekin zer ikusirik ez duen batek kontrolatzea eta emaitzak azaltzea gustatuko litzaiguke.
Egoitza herrira jaisteari buruz, EAJren erantzun horretan zera diote: "Baina gaur-gaurkoz ez dugu alternatibarik". "Ez dugu" zeinek? Udala, guk dakigunez, lau alderdik osatzen dute, eta ez EAJk bakarrik. Herritarren ordezkariak denak dira, nahi eta nahi ez.
Horri lotuta, Egoitza Kalera taldekook badakigu egoitza ezin dela kalera jaitsi egun batetik bestera, eta behin eta berriz esango dugu hori egiteko modu bat baino gehiago daudela (zatika: apartamentuak, eguneko zentroa…), eta alternatiba horiek bilatzen hastea dela guk udalari egiten diogun eskaera. Gurekin egindako bileran, alderdi guztietako ordezkariek konpromisoa hartu zuten lan horiek aurrera eramateko, talde berezi bat antolatuko zutela esanda. Guk eskatzen duguna da egoiliarrak herriko bizitzan integratzea.
Azkenengo udalbatzarrean, egoitza kalera jaistea denen nahia zela aitortu zuten. Bada, alderdien jolasari utzi, denok bat egin eta herritarren nahia aurrera ateratzeko lanean hasi, erabilera politikoan indarrak gastatu ordez. Eskertuko genuke.