Uztaileko udalbatzarrean Azkoitia Baik esandakoak eta bozkatutakoak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Bai 2025ko uzt. 23a, 19:16

Hilero bezala, hemen uzten dizuegu, Azkoitia Bai-k 2025eko uztaileko udalbatzarrean esandakoak eta bozkatutakoak.

1. Aurreko bilkuretako akten onespena, hala badagokio.

Ados.

2. Azkoitiko Udalaren, Zubiaurre-Elkargune Institutuaren eta Azkoitiko Lantzen, S.A.-ren 2024ko Kontu Orokorren onespena.

Guk udaleko dirua beste era batera erabiliko genuela ez dugu inongo zalantzarik. Dena den, kontuak ondo eginda egongo direla ere ez dugu zalantzarik, kontu-hartzailetzako udal teknikariekin konfiantza osoa baitugu. Gure baiezkoa emango diogu.

3. Azkoitiko Udalaren eta Zubiaurre-Elkargune Institutuaren 2024ko Udal Ondasunen eta eskubideen Inbentarioaren onespena.

Hau politikariona baino teknikarien lana da. Dena dela, ikusi dugu udalak azkenaldian bere jabetzako egin dituen lokalak inbentarioan daudela, eta beraz, gure baiezkoa emango diogu.

4. Azkoitiko Udalaren jabetzakoa den Inazio Iriarte 17ko lokalaren (3311 finka) izaera juridikoaren aldaketaren hasierako onespena.

Bebarru horretan igogailua jarri ahal izateko, udalak duen lokalaren zati behar da. Ordea, udalak hura saldu ahal izateko ondasun higiezin izaera hartu behar du lokalak aurrez aurretik, ondasun izaera, eta pauso hori ematearen alde bozkatuko dugu.

5.- Hainbat eraikuntza, instalazio eta obren interes bereziko edo udal onurako adierazpena onestea eta ondorioz zerga horren 22 a) artikuluan xedatzen den %95eko hobaria onartzea.

3.- Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskalaren XI. atalak hobariak arautzen ditu eta 22.a) artikuluak zera dio:

  1. A) %95 arteko hobaria izango dute interes bereziko edo udal-onurako adierazpena jaso duten eraikuntzek, instalazioek eta obrek. Adierazpen hori lortzeko, horiek guztiek hainbat baldintza bete beharko dituzte kultura, historia, arte edo enpleguaren sustapenaren arloetan. Udalbatza osoa izango da adierazpena ematen duena, eta kide guztien gehiengo soilak onartua izango da, betiere subjektu pasiboak aldez aurretik hala eskatzen badu. Kontuan hartuko da beti udalbatza une bakoitzean zer egoera ekonomikotan eta finantzariotan dagoen.

Gure ustez obra batzuk izen dezakete interes berezia edo udal onura, baina ez guztiek. Horregatik, denak batera bozkatu beharrean, banaka bozkatzeko eskaria egin genuen. Onartu ez diguzuenez, azkenean boto orokor bat eman beharko dugu, hori bai, beti bezala gure bozka arrazoituz. Hona hemen obra bakoitzari buruz dugun ikuspuntua:

Ibilgailu elektrikoa kargatzeko puntuaren proiektua: Ekiola

Gure herrian erroldatuta egonez gero, kotxe elektrikoak nahiz hibridoak izateagatik edota kargagailu partikularrak zein eguzki plakak jartzeagatik hobariak ematen ditugu. Urretxuko Ekiolaren helburuekin bat egin dezakegu, baina izenak berak dioen bezala, Urretxuko Ekiola ez da Azkoitiko enpresa bat; etekinak ateratzera bideratutako obra bat da, eta beraz, ez diogu herritarrentzat onura zuzenik ikusten. Beste kontu bat litzateke Urretxuko Ekiolak eta udalak kargagailu horren bidez erabiltzaileentzat eta herritarrentzat abantailaren bat adostu izan balute.

Urola Industrialdea SA: Oinartxoko eraikin komertzialaren estalkia konpontzeko obrak

Hobari hau lortu ahal izateko, zehazten dute enplegu sustatuko dutela eta udala enpresa honen parte dela. Hasteko, esan behar dugu udalak bere partea bere buruari ordaindu beharrik ez duela, horrek ez luke inongo zentzurik izango. Ordea, estalki bat konpontzeak enplegua sustatuko lukeela esatea pintzekin hartuta dagoela iruditzen zaigu. Horrela balitz, herriko enpresa guztiek eska lezakete gauza bera beren obrak egiterakoan. Ez dugu uste hori denik hemen kasua. Pentsa, ibilgailu elektrikoak egiten dituen enpresa bat balitz obra honen eskatzailea, justifikazio bikoitza izango luke. Txantxak aparte utzita, kasu honetan ere ez gaude hobaria ematearen alde.

Azkoitiko Parrokia: teilatua berritzea

Obra horrek herritarrei begira bi onura ahalbidetzen dituela esango genuke: bat, herriko ondarea mantentzea, eta bestea, udalak herrira begira eraikin horretan antolatzen dituen ekintzak antolatzen jarraitu ahal izatea. Beraz, nahiko garbi dugu parrokiari hobari hau tokatzen zaiola.

Kale Nagusiko 43. zenbakiaren, Leturiondo etxearen lur zatiaren itxiera berritzea

Obra honetan ere herri ondarea mantentzea izango litzateke herritarrentzat onura, herri ondarearen kontserbazioa. Ez genuke nahi herri erdian abandonu itxurako beste eraikin bat sortzea, eta hori ekiditeko asmoz, ondo iruditzen zaigu hobari hau ematea.

Aurretik esanda bezala, obra bakoitzari hobaria eman edo ez aparte bozkatzea litzateke guretzat zentzuzkoena, obra batzuek hobaria jasotzeko arrazoi gehiago izan ditzaketelako besteek baino. Ordea, gure eskari hau onartu ez duzuenez, gure azken botoa abstentzioa izango da. Azaldu dugun bezala, hobari batzuk ematearen alde baikaude eta beste batzuk ematearen kontra.

6.- 2024ko Azkoitiko udalaren taldeko erakundeen, askotariko talde eta elkartuen kontu egoera orri integratu eta bateratuak aurkeztea.

7.- 2024 ekitaldiko finantza barne kontroleko urteko kontu-hartzailearen txostenaren berri ematea.

8.- 2024 ekitaldian udal kontu-hartzaileak planteatutako eragozpenen txostenak, txosten teknikoak eta horiek ebazten dituen Alkatearen ebazpenen berri ematea.

9.- Kontu-hartzailearen txostenaren berri ematea, 2024ko likidazioaren aurrekontuaren txostenaren aldaketaren berri ematea, 2024ko gastu araua betetzeari buruzkoa, gastu konputagarriaren birkalkulatzea.

10.- Kontu-hartzailearen txostenaren berri ematea, 2024ko sarrera handiagoak zorra murrizteko erabili behar den obligazioari buruzkoa.

11.- Behin betiko onespenen berri ematea.

12.- Aurrekontuari buruzko informazioa.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide