Azkoitia Baik ekaineko ohiko udalbatzarrean esandakoak eta bozkatutakoak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Bai

Mozioz eta adierazpenez betetako ekaineko udalbatzarrean esandakoak eta bozkatutakoak jaso ditu Azkoitia Baik.

1.- Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.

Ados.

2.- Kreditu gehigarrien bidez kredituak aldatzeko Zubiaurre-Elkargune Institutuaren 1 zenbakidun espedientearen onespena.

Elkargunea zapaltzen dugun denon ahotan dabil noiznahi joaten dela argia. Datuen arabera, egunean 30-40 aldiz. Hori zuzentzeko, Elkarguneko aurrekontuetan jarritako bi partida hartu dituzue: bata, Herriko Plaza aretoaren atontze lanetarako jarritakoa, eta bestea, ustekabeko gastuetarako erabiltzen dena.

Herriko Plaza atontzea azken urteetan egiten ari garen eskarietako bat da, eta nola ez, berriro jartzearen alde gaude; ea egunen batean kontratatzen duzuen. Ustekabeko gastuetarako 20.000 euro jartzea ere egoki ikusten dugu, kreditu globalarekin erabili ohi dugun iritzi berdina dugunez, kantitate egokia dela iruditzen zaigu.  

3.- EAJ-PNV eta PSE-EE udal taldeek aurkeztuko mozioa, Palestinako egoerari buruz.

Badakizue gure taldea ez dela mozioen eta adierazpenen aldekoa, ez baitiogu inongo eraginkortasunik ikusten. Dagokion instituzioari, eta batik bat, gure kasuan, udalari, bere konpromisoak gogoratzeko bide eraginkorragoak badaudela iruditzen zaigu. Guk behintzat hortik joko dugu. Kolektibo horietako kideekin bildu eta haiek dituzten arazoei irtenbide egoki bat ematen saiatuko gara udaletik, orain arte bezala. Dena den, Palestinako genozidioaren aurka antolatzen diren ekitaldietara batzeko gure gonbidapena luzatzen diogu herritar denei.

Beraz, mozioen eta adierazpenen aurka bozkatzen jarraituko dugu, baina ez eskatzen edo aldarrikatzen denaren aurka gaudelako, mozioak eta adierazpenak aurkeztearen aurka gaudelako baizik.  

4.- EAJ-PNV eta PSE-EE udal taldeek aurkeztutako mozioa, etxebizitza-merkatuko tentsio eremu izendatzeko.

Etxebizitzari buruz berriz zer esan; etxe hutsen errekargua, kanona... Aspalditik plenoetara ekarri ditugun gaiak izan dira horiek; gure taldea izan zen 2025eko aurrekontuetan herria tentsio handiko eremu deklaratzeko partida jartzea proposatu zuena. Apirileko plenoan ere aipatu genuen gai hori, eta beraz, gure iritzia nahiko garbi azaldu izan dugu.

Dena den, aurkeztu duzuen mozio honek harrituta utzi gaituela ere esan behar dugu. Lehen ere salatu izan dugu oposizioari onartutako partida asko gauzatu ez izana, baina orain arte ez zaituztegu ikusi zeuen buruari mozio bat jartzen. Mozioek eta adierazpenek eraginkortasunik ez dutela esan izan dugu behin eta berriz, baina alderdi batek bere buruari mozio bat jartzeak zeharo deskolokatu gaitu, zentzugabea dela esango genuke.  

5.- EAJ-PNV eta PSE-EE udal taldeek aurkeztutako adierazpena, LGTBI+ kolektiboaren sexu askapenaren eta harrotasunaren nazioarteko egunekoa.

Igandean hiru urte pasatuko dira diagnostikoa egitea onartu genuela, mozio baten bidez. 2025eko aurrekontuetan partida jarrita dago, Azkoitiko LGTBI+ kolektiboaren diagnostikoa eta plana egiteko; 20.000 euro, hain zuzen. Gu geu ere, nahiz eta aurrekontuen aurka bozkatu, partida hori jartzearen alde azaldu ginen. Beraz, mozioak eta adierazpenak alde batera uztera eta ematen hasi zareten pausoak ematen jarraitzera animatzen zaituztegu. 

6.- Behin betiko onespenen berri ematea. 

7.- Aurrekontuari buruzko informazioa. 

8.- Galde-erreguak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide