Azkoitia Baik udalaren apirileko ohiko udalbatzarrean esandakoak eta bozkatutakoak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Bai 2025ko api. 30a, 18:41

Hilero bezala, Azkoitia Baik gaurko udalbatzarrean esandakoa eta bozkatua doakizue idatziz. Laugarren, bosgarren eta seigarren puntuen informazio gutxi bat ere jarri dugu.

1.- Azkoitiko Udalak, Azkoitia Lantzen SAk eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak 2021ean sinatutako lankidetza hitzarmenaren luzapena, Azkoitiko udalerrian babes publikoko etxebizitzen sustapena ahalbidetzeko.

2020an ezezkoa eman genion hitzarmen honi eta gaur ere bozka berdina aurreikusten dugu. Dagoeneko herria ohartuko zen, Azkoitia Lantzenen kontuetan joaten zaizkigula aurrekontuko inbertsio gehienak, sei milioi gastatuko ditu udalak egin den bidean eta Altamirara begira ezker aldean dagoen 10.1 deituriko eremu hori hiritartzeko,(aurreko plenoan Jaurlaritzari aurreratzea onartu zenituzten 850.000 euroak kontutan hartu gabe) eta oraindik eskuineko alde dena faltako litzateke, 10.2 eremua. Hitzarmen hau luzatzea onartuko bagenu, Jaurlaritzari hirugarren bloke ilara egitea bururatzen zaionean, guk baimena eman beharko genioke eta hiritartze lanak egin noski, berriro ere aurrekontuko kantitate handi bat hor gastatuz. Gu, Azkoitia Lantzenetik kanpo, inbertsioetako beste lehentasun batzuk aztertzeko prest gaituzue, herria 2008tik asko aldatu baita, eta orduan hartutako erabakiak, behar bada, ez direlako gaur egungo herri antolaketarako egokienak izango.

Bigarren hitzartzea: adibide bezala: Herriko erdigunea zaharkitzen ari zaigu, eraikin batzuk erortzeko zorian daude eta ez diogu erantzun egokirik ematen, 2025eko aurrekontuak aztertzen hasi ginen lehen batzordean ekarri genuen Azkoitia tentsio handiko eremu gisa deklaratzeko partida proposamena, onartu, onartu zen, baina ez dugu aurrerapausorik ikusten, herriko elkarteentzat lokal egokiak bideratu beharko genituzke, egoitzan, oraindik psikogeriatriara bideratu ez diren egoiliarrak herri erdira ekarriz, asko hobetuko lukete beraien bizi kalitatea, …. Azkoitia lantzenetik kanpo badagoela hainbat ekimen polit egiteko alegia. Hitzarmen hau sinatzeak berdin jarraitzea dakar. Guretzat, denon artean zer herri mota nahi dugun hausnartu beharko genuke aurretik, herritarren partaidetzarekin noski, eta ondoren hartu, hartu beharreko erabakiak.

2.- Azkoitiko Udalaren 2023-2025 diru laguntzen plan estrategikoa 2025 ekitaldiko bigarren aldaketa.

Diru laguntza berriak jartzen direnean edo daudenak aldatzen badira, plan estrategikoa aldatzera derrigortzen gaitu, beraz baietz bozkatuko dugu.

3.- Azkoitiko hiri lurreko merkataritza lokalak berreskuratzeko programaren oinarri arautzaileen aldaketa.

Gaur egun ekintzailetza sustatzea bestela ere konplikatua da, eta aldaketa honek, beste laguntza batzuetarako, aterik ez ixtea ekarriko duela kontutan hartuta, alde bozkatuko dugu.

4.- Kontu-hartzailearen txostenaren berri ematea: Azkoitia Lantzen S.A. sozietatearen Administrazio Publiko izaeraren ondorioak, 2025/01/01etik aurrera, Ogasun Ministeriotzaren Tokiko Sektore Publikoko erakundeen inbentarioan.

Azkoitia Lantzen SA-ri administrazio publiko izaera eman behar zaiola eta, udaleko kontuak erabat aldatu dizkigu. Joango gara ikusten aldaketa honek zer eragin duen udaleko kontuetan, eta 2025ean nola jokatzea komeni zaigun, dirudienez, datorren urtera begira egin beharko dugun plan ekonomiko finantzario horri begira.

5.- Kontu-hartzailearen txostenaren berri ematea: 2025eko hasierako aurrekontuaren txostenaren aldaketa. Aurrekontu egonkortasunaren eta finantza iraunkortasunaren helburuak eta gastu araua betetzeari buruzkoa.

Azkoitia Lantzeni administrazio publiko izaera eman behar honek, dirudienez, txosten honen arabera, ez digu utziko aurrekontuen egonkortasuna eta gastu araua betetzen.

6.- Kontu-hartzailearen txostenaren berri ematea: kreditu gehigarria 1/2025 espedientearen irizpenaren aldaketa: Aurrekontu Egonkortasunaren eta finantza iraunkortasunaren helburuak eta gastu araua betetzeari buruzkoa.

Azkoitia Lantzenek administrazio publiko izaera hartzeak, aurretik eginiko kreditu gehigarrian eman ziren azalpenak aldatzea eskatzen du, irizpenaren aldaketa.

7.- Behin betiko onespenen berri ematea.

8.- Aurrekontuari buruzko informazioa.

9.- Galde-erreguak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide