1- Aurreko bilkurako akten onespenak, hala badagokio.
Ados.
2- Kreditu gehigarrien bidez kredituak aldatzeko 1 zenbakidun espedientearen onespena.
Partida gehienekin ados gaude, baina diru kantitatearen %75a suposatzen duten, Azkoitia Lantzeneko bi potoloenekin ez. Gaur egungo etxebizitzaren arazoari aurre egiteko, 2008. urtearen bueltan hartutako erabakiekin aurrera jarraitzen duzue etenik gabe, harrezkero herrian sortu diren arazo berriak alde batera utziz, urte haietan hartutako erabakietan gastatuz herriko diru gehienak.
Aurrekontuetan, oposizioko beste alderdiekin lortu zenuten 550.000 euroko kreditu konpromisoa, eta orain, beste 850.000 euroko partida bat dakarkiguzue.
Txalonerrekako eremu horretan etxeak eraikitzen, bai Jaurlaritza eta bai Muno, batera hasiko zirela esan zeniguten hasiera batean. Orain, berriz, Jaurlaritzak dio datorren urteko ekaina baino lehenago ezingo duela hasi. Azkoitiko Udalak bere konpromisoari aurre egin, eta bi eraikinen arteko urbanizazioa egin beharra dauka, Munok etxebizitza berrien giltzak entregatzerakoan, jabe berriek atzeko bidera kotxez sarrera izan dezaten.
Baina, bi eraikinak batera ez badira egiten, urbanizazio hori egin eta Jaurlaritzak berea egiterakoan, aurretik proiektuan azaltzen ez zen horma bat moldatzen ez bada, udalak eginiko urbanizazioa apurtu egingo litzateke, eta azkenean, proiektuan zegoen horma hori aldatu, eta berria egitea erabaki da. Horretarako, orain Azkoitiko Udalak 850.000 euro emango dizkio Azkoitia Lantzeni, eta ondoren, Jaurlaritzak bueltatuko dizkio.
Dena denbora kontua da, obra behar den bezala egiteko ez dago horma berri horren beharrik, baina Muno eta Jaurlaritza ez direlako koordinatzen, azkoitiarrok 850.000 euro aurreratuko ditugu.
Logikoena da, zalantzarik gabe, Jaurlaritza, Muno eta udala denboran koordinatzea, eta obra proiektatuta zegoen bezala egitea. Euskadiko biztanleriak ordaindu beharko lukeen obraren kostua handitu gabe, alegia. Ordea, Jaurlaritzak ezin du obra pentsatuta zuen datetan hasi. Paradoxikoa da, baina burokrazia eta tramite arazoak dituena administrazio publikoa da.
Bestalde, Azkoitiko Udalak egin beharko lukeen urbanizazio zati bat Jaurlaritzak egin eta ordainduko lukeela esan digute; hori gure alde. Baina, kalteren bat ere ekarriko ligukeelakoan gaude. Azkoitia Lantzenen bidez Jaurlaritzari utziko dizkiogun 850.000 euro horiek egun erabilgarri ditugu gure herrian egin beharreko beste edozein ekimenetan erabiltzeko, Alde Zaharrean esaterako, baina operazio honen ondoren ez dakigu Azkoitia Lantzenek noiz bueltatuko dizkigun eta noiz izango dugun diru kopuru hori berriro erabilgarri. Datorren urtean ordainduko baligute, ez genuke erabilgarri izango 2027ko martxoaren aurretik.
Diru hori zertan eta nola erabiliko den azaltzea garrantzitsua iruditzen zitzaigun, udaleko diru kantitate handi bat delako. Herritarrak jakinaren gainean egon daitezen, gero udaletxera beste ekimen interesgarri batekin etortzen direnean, diru hori nora joan den jakitun izan daitezen.
Beraz, beste askotan bezala, gaurkoan ere, desadostasun handienak Azkoitia Lantzeneko kontuekin ditugu. Gainera, ez zaigu ondo iruditzen aurreko udalbatzarrean denon artean onartutako aurrekontu parte hartzaileen partida Azkoitia Lantzeneko kontuekin batera onartu behar izana, gu aurretik aurka agertuko garela jakinda.
Bigarren hitzartzea:
Tren bat martxan aurkitu zenutela esan duzu, baina tren hori martxan zuek jarri zenuten.
Beste partida denak batera bozkatu behar izanak Sanchezen Omnibus dekretua dakarkigu gogora, baina guk ez ditugu marra goriak gaindituko.
Zuek eman zenieten etxebizitza horiek eraikitzeko baimena, eta orain, datekin arazoak sortu dira. Horrek argi eta garbi obra baldintzatzen du. Bestalde, iruditzen zaigu garbi azaldu dugula, horren ondorioz gehiago kostatuko den horma bat egin beharko dela, eta azkoitiarrok erabilgarri genituen 850.000 euro hurrengo bi urtetan ezingo ditugula erabili.
Bestalde, etxebizitzaren gaiak asko arduratzen gaitu.
Etxe hutsen errekargua eskatzen urte asko eman genituen. Azpeitian denak harritu dituen etxe hutsen kanona, guk, udal honetara, 2021ean ekarri genuen. 2025eko aurrekontuak aztertzen hasi ginen lehen batzordean ere guk proposatu genuen herria tentsio handiko eremu gisa deklaratzeko eman beharreko pausoak emateko partida bat jartzea. Beraz, esango genuke ez arduratzeko denbora askotxo galtzen dugula gai horretan. Egia da promozio pribatuetan ez garela gehiegi zentratzen, baina azken urteetan guk oztoporik jarri gabe egin dira batzuk, Burdinoleta kalekoak esaterako, anbulatorio aurrekoak. Dena den, ez dugu inolako zalantzarik promozio pribatuan zuek gu baino gehiago saiatuko zaretela, eta gu, oreka baten bila, beste aldeko kontrapuntua jartzen saiatzen gara.
Garbi dago zuen ereduak eta gureak ezberdintasunak dituela, baina egunen batean, Azkoitia Lantzenetik kanpo, herria beste era batera antolatzea nahiko bazenute, badakizue lanerako prest izango gaituzuela. Bitartean, horrela jarraituz gero, zaila izango duzue gure babesa aurkitzea.
3- Azkoitiko Udala eta Zubiaurre-Elkargune Institutuaren 2024ko Aurrekontuaren likidazioaren kontu hartzailearen txostenen eta Alkatetza Dekretuen berri ematea.
4.- Aurrekontuari buruzko informazioa.
5.- Galde-erreguak.