1- Azkoitiko Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorraren formulazioa onartzea eta herritarrek parte hartzeko programa ezartzea.
Formulazioak etapa jakin batzuk bete beharko ditu. Etapa bakoitzean adostasuna lortzea izango litzateke egokiena, baina baita zailena ere. Herritarren parte hartzeko programari buruz, berriz, egin genituen aldaketak onartu zizkiguten, beraz, alde bozkatuko dugu.
2- Azkoitiko udalerriko kale garbiketa zerbitzuaren esleipen proposamenaren onespena eta esleitu aurretik dokumentazioaren errekerimendua egitea.
Lizitazioa lau urterako izango da, beste urtebete luzatzea egongo delarik. Makineriaren amortizazioa, berriz, zortzi urterako izango zela erabaki zen, eta pleguetan ere horrelaxe txertatu genuen. Kontu hartzailetzan beste irtenbide batzuk aztertzen egon ginen, baina ez genuen legearen barruan hoberik aurkitu. Lizitazioaren prozeduran ez dugu akatsik ikusi, beraz esleipen proposamenaren eta dokumentazioaren errekerimenduaren alde bozkatuko dugu.
3- Azkoitiko udalerrian etxez etxeko laguntza zerbitzua ematea xede duen kontratuaren 1. luzapenaren onespena.
Erabiltzaileek, guri behintzat, ez digute kexarik azaldu, eta horrelakoetan egin ohi dugun bezala, alde bozkatuko dugu.
4- 2025 ekitaldirako Azkoitiko Udala, Zubiaurre-Elkargune Institutua, Azkoitia Lantzen, S.A.-ren aurrekontuak eta Aurrekontu Kontsolidatuaren hasierako onespena.
Azkoitia Bai-ren emendakina:
Emendakin hau zergatik aurkeztu dugun azaltzea garrantzitsua iruditzen zaigu, eta horretan ahaleginduko gara.
Aurreko urteko aurrekontuak kontutan hartuta aurkeztu ditugu aurtengoak, aurreko urtean denon artean adostu genituen partidei lehentasuna emanez, azkoitiarrei emandako hitza betetzeko asmoz. Aurten ere gure ildo nagusienak ez ditugu ahaztu, ingurumenari, euskarari eta herritar guztien parte hartzeari tarte berezia eskainiz, legeak eskatzen dizkigun energia berriztagarriak sortzeko eraikinak bultzatuz, herritarrak euskaraz irakurtzera animatuz, eta nola ez, herritarren parte hartzea sustatuz, etorkizuneko politika aldatzeko asmoz. Erronka handiak dira, baina aurrerapausoak ematea eskatzen dutenak.
Bestalde, aspalditik kezkatu izan gaituen etxebizitzaren arazoa areagotzen ari da, eta gure herriak, tentsio handiko eremu izendatzeko baldintzak betetzen dituela jakinik, ez luke arazoa ekidin behar. Alde Zaharra husten ari zaigu, baina ez dago etxebizitzarik errentan.
Ingurumenean, euskaran, parte hartzean eta etxebizitzan zentratu gara, alegia.
Beste alderdiekin ere bildu gara, eta egin dituzten proposamen batzuk ere interesgarriak iruditu zaizkigu.
Urtero bezala, Udal Gobernuak aurkeztu behar izaten du lehen zirriborroa, eta egingarriak iruditzen zaizkigun proiektu batzuk aurkeztu zizkigun, baina aurreko urtean adostu eta gauzatu ez direnak alde batera utziz, hori zuzentzen saiatu gara.
EH Bilduk ere egin ditu proposamenak, partida berriak non gehituko lituzketen azaldu digu besteoi, baina partida horiek gehitzeko zein partida kendu azaltzea ez dute lortu. Dena den, beraiekin bildu, aurkeztu zizkiguten ekarpenak gure proposamenean txertatu eta aurrekontu orekatu bat aurkeztu genien.
Lehen bileran adostasun osoa lortu genuen, eta alde bietako proposamenekin aurrera egitea erabaki, Udal Gobernuak esaten zuena esan. Bilera horretan alde biok aurkeztu genituen ekarpenak Udal Gobernuak aurrekontu berrian txertatuko ez balitu, alderdi bien ezezko borobila jasoko zuela ziurtatu genuen. Dena den, 24 ordu ere ez zuen iraun alde baten hitzak, hurrengo eguneko batzordean, erabakitako dena hankaz gora jarri baitzuten.
Bai orduan eta bai orain eginiko proposamenak egokiak iruditzen zaizkigu, eta hori defendatzeko asmoa dugu. Guk ez dugu inoren agindurik jasotzen; hori bai, ezin dugu ulertu bilera hartan herritarrentzat onuragarria iruditzen zitzaizuena, zergatik ez den hurrengo egunean garrantzitsua. Azkoitia Bai-rekin zenuten adostasun osoa alde batera utzi, eta zuen esanetan herrirako proposatuko ez zenituzketen aurrekontuak zergatik babesten dituzuen jakin nahi dugu.
Gurekin bildu zinetenean, AEK-ren lokalari etorkizunera begira arazoak ikusten zenizkioten, egoitza urruti dagoela eta herriko eraikinen azterketa egitea ezinbestekoa zen. 2025ean, aurrekontu parte hartzaileen prozesua bukatu ostean, udalean teknikari baten kontratazioa garrantzitsua iruditzen zitzaigun jarraipen egokia emateko; Kontzejupetik aldizkaria udalaren kutsutik at, euskara hutsean zabaltzeko saiakera egitearen alde azaldu zineten; azken urteetan Gabonetako argi gehiago jartzeko azpikontratatzen den enpresari ematen diogun dirua, herriko merkatariekin adostutako ekimenetan gastatzea ondo iruditzen zitzaizuen. Orduan, zer aldatu zen hurrengo egunean? Hori dena ahaztu eta zerk bultzatu zaituzte zuen aurrekontuak izango ez liratekeenak onartzera?
Hauteskundeetan esan genuen ez ginela beste alderdiekin fidatzen. Giltza ginela zioten eta diote oraindik askok. Gure udalean gure giltzak irekiko duen sarrailarik ez dagoela pentsatzen hasiak ginen lehen ere, eta denbora pasa ahala, errealitate bihurtzen ari zaizkigu pentsamolde horiek.
Udal Gobernuak, gehiengorik ez duenez, bai batekin edo bai bestearekin, adostasunak lortzeko ez du oztopo gehiegi jartzen. Horien helburua da Udal Gobernuan jarraitzea, eta horrek dakarren boterea ahal den heinean aprobetxatzea; ikusi besterik ez dago proposamen batetik bestera nola txertatu dituzten 550.000 euro Azkoitia Lantzenera bideratzeko. Pasa den urtean ia 4.000.000 euro jarri zituzten Txalonerrekan, eta badirudi aurrera begira beste 1.500.000 euro inguru jarri beharko direla onartuko duzuela.
Urte askotan izan du EAJk gehiengo osoa, eta bestela, PSE-EEren babesa. Gaur egun ez dago gehiengorik, eta horrek beste era bateko gobernantza eredua martxan jartzea ahalbideratzen duen arren, ez dugu lortzen EAJ eta EH Bildu beraien betiko politiketatik mugiaraztea. Herritarrari azalpen gehiegi eman gabe erabakitzen duzue non gastatu inbertsioetarako erabili daitekeen dirua. Hauteskundeetan denon arteko Udal Gobernu bat proposatzen genuen guk. Badirudi elkarrekin sintonia onean zabiltzatela, pozten gara, baina gure helburua politika aldatzea zen, eta ez berdinean jarraitzea.
Laburbilduz, EAJk EH Bilduren babesarekin berdin jarraitzen du, 2008ko Monopoly jokoan. EH Bilduk, gurekin biltzen denean, dena aldatzeko gogo bizia agertzen du, baina ondoren politika berberak egiteko babesa ematen du; biak ala biak, goitik dituzten ereduei amen eginez.
PSE-EEk, urtero bezala, garrantzia handia eman die zebra bideei, espaloiei eta asfaltoei. Aurreko urtean jarritako partidak ez badira gastatzen, guk ez diogu zentzurik ikusten horretarako diru gehiago ipintzeari, kontutan hartuta, horrelako ekintzak askotan kreditu aldaketa bidez egiten direla. Beste proposamen batzuen aurrean, hala nola ikas materiala erosteko diru laguntza sortzea, karabanak aparkatzeko gune bat egokitzea, liburutegi librea eta txakur parkean jolasak eta iturria jartzea, ez ginateke kontra azalduko beste alderdiekin landu eta adostasuna lortuz gero. Nolanahi ere, beste partida batzuei lehentasun gehiago ematen diogu, eta Ueman jarraitzeko jarri beharreko partida kentzearekin ez gaude inondik inora ados. Gure baiezkoarekin aurreko urtean adostu genuen, era berean, herritarrekin komunikazioa erraztuko lukeen aplikazioa sortzea, beste partida batzuk geuk ere jarriak baikenituen.
Beraz, aurretik esanda bezala, Udal Gobernuak gaur hemen aurkeztu dituen aurrekontuak ez dira oposizioaren gehiengoak adostutakoak. Gure ustez, EH Bilduk eta Azkoitia Bai-k elkarren artean egin genuen bileran lotu genituenak falta dira. Garbi dugu posible dela Azkoitirako aurrekontu hobeak egitea, eta hori emendakin bezala onartzea oraindik posible denez, azken unera arte saiakera egitea erabaki dugu, emendakin partzial hau bozkatzera ekarriz:
Izena |
Udal Gobernua |
Azkoitia Bai |
Partaidetza teknikaria irailetik aurrera |
0,00 euro |
8.000 euro |
AEK: lokalaren egoera etorkizunera begira |
0,00 euro |
7.000 euro |
Egoitza Kalera. Herriko eraikinen azterketa |
0,00 euro |
15.000 euro |
Kontzejupetik udal aldizkaria kentzea |
38.000 euro |
30.000 euro |
Gabonetako argi batzuk kentzea |
27.000 euro |
12.000 euro |
Txakur parkean jolasak eta iturria |
7.000 euro |
0 euro |
72.000,00 € |
72.000,00 € |
Aurrekontu parte hartzaileak bultzatu ditugu, alderdi denon adostasuna lortu dugu, eta garbi dago teknikari bat dagoen udaletxeetan beste indar bat duela parte hartzeak, beste jarraipen bat egiten zaiola. Beraz, teknikari baten beharra ikusten dugu eta urte bukaeran kontratazioa burutzeko 8.000 euro jartzea aurreikusten dugu, udaletxean teknikari baten kontratazioa posible izango ez balitz, programa baten bidez kontratatuz.
AEK-k ere aspaldidanik ditu lokalarekin arazoak, aurten behin behineko irteera bat eman zaio, baina etorkizunera begira, ikusgarritasun gehiagoren bila toki egokiago bat aurkitzeko asmoz, azterketa bat burutzeko, 7.000 euroko partida bat ipintzea proposatzen dugu.
Egoitzan psikogeriatriako gunea berritzen ari dira, baina egoera horretan ez dauden egoiliarrak herriko erdigunean askoz ere hobeto edo alaiago egongo liratekeela ez dugu inongo zalantzarik. Lagunen edota senideen bisita gehiago izango lituzketela iruditzen zaigu, beraz onura gehiagoz gozatzeko aukera. Kokaleku egoki bat aukeratu beharko dugu, eta horretan adituak direnak kokaleku horiek identifikatzen laguntzeko 15.500 euro jarriko genituzke, ondoren gehiago sakontzea erabakiko bagenu, aurrerantzean, ahal izango balitz, denon artean erabaki sendoak hartuz.
Baina diru hori jarri ahal izateko beste nonbaitetik kentzea eskatzen du, aurrekontuen oreka ezinbestekoa baita. EH Bildu alderdiarekin izan genuen bileran, guk kentzeko aurkeztu genizkien bi partidekin ados agertu zitzaizkigun haiek, eta horiek dakarzkigu.
Ingurumenari eta energia trantsizioari eman behar geniokeen garrantzia kontutan hartuz, ezin dugu urtero Gabonetako argi gehiago jartzen jarraitu. Badakigu gastu gehiegi ez dutela argi horiek, baina udalak eredugarri izan behar luke, eta guretzat arduragabekeriak diren ekintza horiek mozteko ordua aspaldi iritsi zela iruditzen zaigu. Gauza bat da Gabonak ospatzea, eta bestea kontsumismoa bultzatzea. Oposiziotik garbi geneukan herriko merkatariei behar bada ez zitzaiela erabaki egokia irudituko, baina diru hori beraien esku uztea proposatu zen bilera hartan, baldin eta beste ekimen batzuetara bideratuko balute. Momentuz, Plazaberri, Balda plaza, herriko plaza eta beste hainbat tokitan jarri ohi diren argiekin nahikoa dela iruditzen zaigu. Soilik azken urteetan azpikontratatutakoak kentzea eskatzen dugu, eta horren kostua 15.000 eurotik gorakoa da.
Bestalde Kontzejupetik udal aldizkaria kentzeko eskariarekin gatoz berriro. Aldizkari hori argitaratzen gastatzen ditugun 8.000 euroak independentzia gehiagorekin eta euskara soilean argitaratuko lukeen elkarte batekin hitzarmen bat sinatzeko ahalegina egitea proposatzen dugu.
Eta azkenik, nahiz eta ekimen polita dela onartu, txakurren parkean jolasak eta iturria jartzeari baino garrantzi gehiago ematen diegunez aurretik aipatutako parte hartzeari, AEKren egoitzari eta adinekoen egoitza herri erdira ekartzeko partidei, aurrekontuan proposatu duzuen txakur parkeko 7.000 euro horiek kentzea, eta Azkoitia Baik proposatzen dituen hiru ekimen horietara bideratzea eskatzen dugu.
Udal aurrekontuei erantzuna:
Gehientsuena aurretik azaldu dugu, beraz ahalik eta erantzunik laburrena emango dugu:
Udaleko aurrekontuan guk proposaturiko ekarpen batzuk sartu dituzue, baina aurretik esan dugun bezala, beste batzuk bidean gelditu dira.
Elkargunean areto nagusia atontzeko konpromisoa eman diguzue, baina momentu honetan Elkarguneko gairik garrantzitsuena bertako kudeaketa da, bertako langileen egoera asko baldintzatu lezakeelako hartzen den erabakiak. Hori horrela, beste urtebeteko tartea ematea onartu dizuegu dagoeneko iraungita dagoen lizitazioa gauzatzeko.
Azkoitia Lantzenek herrian egin genitzakeen inbertsio gehienak jateak ez digu grazia handirik egiten, baina hori da jaso dugun herentzia. Herritarren eskari askori ezetza eman behar izaten diogu oraindik promotoreekin dituzuen loturak zuzendu behar izaten dituzuelako, haien onerako diren erabakiak hartuz, herritarrenak lehenetsi beharrean.
Eta azkenik, lehen ere esan dugun bezala, herritarrentzat aurrekontu hobea posible zela ikusten genuen oposiziotik, eta guk azken unera arte horri eutsi diogu. Dena herritarren onerako izango dela pentsatuz jarraitu dugu lanean. Gu, gaur ere, giltza eskuan dugula etorri gara udalbatzar honetara, baina sarrailarik ezin aurkitu.
Beraz, berriro ere Azkoitia Lantzeneko kontuak medio, eta aurrekontu hobeak posible liratekeela jakinda, ezin dugu baiezkorik eman. Ezetz bozkatuko dugu.
Beste hitzartze batean:
EH Bildurekin izandako bileran:
Zuk diozun bilera paralelo horretan honelakoak esan zenituzten: "Ez badizkigute proposamen denak onartzen ezetz bozkatuko dugu"; "Gehiengorik ez dute, baina berdin gobernatzen ari dira"; "Horrela ez dago jarraitzerik". Horrelakoak entzuten ditugu zuen partetik, baina ondoren atzera egiten duzue. Nola da posible 20:00ak aldera bilera batetik adostasun osoa lortuta irtetea, eta hurrengo egunean badaezpada telefonoz deitu, Donostiara heltzen ari zinela erantzun eta deituko zenidala adieraziz, 13:30-14:00 aldera zeuek deitu, aurreko egunekoa berretsi, eta 16:00etan bi ordu lehenago esandako guztia hankaz gora jartzea?
Esan, esan, gauza bat egiten duzue, baina ondoren beste erabaki batzuk hartzen dituzue, eta gaur ere hori erakusten dute zuen ekintzek.
Beharbada, gogorra egingo zaizue hau dena entzutea, baina guri garrantzitsua iruditzen zaigu herritarrari horrela zergatik jokatzen dugun azaltzea, eta oposiziotik zergatik egiten zaigun ezinezkoa proposamen gehiago bideratzea.
5- 2025 ekitaldirako Azkoitiko Udaleko langileen Plantillaren eta Lanpostu Zerrendaren hasierako onespena.
Gure oniritzia emango diogu, baina urte bukaerarako partaidetza teknikari baten kontratazioa bultzatu nahi genuke, iraila edo urria aldera, aholkularitza zerbitzua bukatu ostean martxan jartzeko. Horrek, datorren urte hasieratik nola gauzatu aztertzea eskatuko luke, eta udalean kontratatu ezingo balitz, programa baten bidez-edo gauzatzea.
6- 2023-2025 Azkoitiko udaleko diru laguntzen Plan Estrategikoa 2025eko aurrekontura egokitzea.
Diru laguntza berriak edo lehendik daudenak aldatu behar badira, Plan Estrategikoan txertatzea eskatzen dute, beraz, ados.