Azkoitia Baik urriko ezohiko udalbatzarrean esandakoak eta bozkatutakoak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Bai 2024ko urr. 11a, 13:50

Horratx Azkoitia Baik urriko ezohiko udalbatzarrean esandako gehientsuenak eta emandako bozkak. Gogoratu GUKAk zuzenean botatzen duela, eta hemen idatziz ez dagoena ondoren ere ikusgai izaten dela.

Gaurkoan behintzat erraza egiten zaigu gure erabakia arrazoitzea. Udal Gobernuak onartu ditu soilik Azkoitia Baik eginiko proposamen denak, eta horren seinale, asteazkenean komunikabideetan argitaratu zen azken orduko akordioa.

Urte askotan defendatu ditugun gaiak badirudi gaur onartuko direla.

Jakin badakigu tasa eta zergak kobratzeak gutxien dutenei laguntzeko ezinbesteko arma dela, baina nola eta zeini kobratu alde handia dagoela ere bai. 2017an herritarren etxeen kontribuzioa izugarri igo zen eta industriarena, berriz, beste herriekin konparatuz gutxiago kobratzera pasa ginen. Harrezkero horrela mantendu da, pasa den urtean industriala batez bestean, median, jartzea lortu genuen arte. Baina azkoitiarren etxeen kontribuzioak oraindik garestiegia izaten jarraitzen du eta igotzen jarraitzea proposatzen zuten beste alderdi denak. Aurtengoa momentu paregabea da igoera hori ez egiteko, zaborraren tasan derrigorrezko ez ohiko igoera aplikatu beharko dugulako, hau da, ezohiko diru bilketa egingo delako, eta horrela adierazi diogu beste alderdiei. Egia da, denontzat zerbitzu egokiak nahi baditugu, gaur egun, zerga bilketa ezinbesteko neurria dela, baina gure ustez orain artekoak ez zuen inongo koherentziarik. Hemendik aurrera  industria guneetan atez ate jasotzen zaien zaborra, herritar denok ordaintzeari utzi eta industria horien jabeek ordaindu beharko dute zerbitzu hori, herri bideak izorratzen dizkiguten egur zaleei, beste herri gehienetan bezala, izorratutako hori beraiek konpondu araztera behartu behar genituzke (gogoratu pasa den urtean, herri bideen gai honi irtenbidea aurten emango zitzaiola idatzita utzi genuela, baina oraindik ez dela ezer aurreratu) , asko kutsatzen duten auto zaharrei hobariak emateak ez zuen zentzurik, pasa den urtean etxe hutsen errekargua onartu ondoren, haratago joango gara, Etxebide bezalako programetara bideratutako etxebizitzei ez zaie kontribuzioa kobratuko, aldiz erabilera gutxi ematen zaien bigarren etxebizitzei bai, guk zerga bilketa hau defendatu izan dugu eta badirudi bere fruituak ematera doala.

1.- 2025erako trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zergaren kuota zehazteko funtsezko elementuak arautzen dituen Ordenantza Fiskalaren aldaketaren hasierako onespena.

1.-EMENDAKIN PARTZIALA

Irizpeneko lehenengo puntuko laugarren atalean Azkoitia Baik aldaketa bat proposatzen du, tipoaren %2,8ko igoeraren ordez %3,2a.

Bazen gehien kutsatzen duten auto zaharrei hobariak kentzeko ordua, besteek bezala ordaintzeko ordua, beste era batera esanda, bazen auto zaharrak eta historikoak ezberdintzeko garaia.

2.- 2025erako ondasun higiezinen gaineko zergaren kuota zehazteko funtsezko elementuak arautzen dituen Ordenantza Fiskalaren aldaketaren hasierako onespena. 

1: %99ko hobaria ASAP programan jartzeagatik etxea. Erabilera gutxi edo erabilerarik ez duten bigarren etxebizitzak merkaturatzea da helburua, eta hobari honek lagunduko duelakoan alde bozkatuko dugu.

2: etxebizitza hutsen errekargua.

2.-EMENDAKIN PARTZIALA

Irizpeneko lehenengo puntuko bigarren atalean Azkoitia Baik aldaketa bat proposatzen du, 5. artikuluko 5.12 eta 5.13 salbuespenak ezabatzea:

5.12.- Denboraldi batean bizitzeko diren etxebizitzak, titularra Azkoititik kanpo bizi bada, Azkoitian erroldaturik ez badago, hain zuzen.

Etxebizitza denboraldi batean bizitzeko erabiltzen dela ulertuko da, egiaztatzen bada urtean gutxienez 230 kwh-ko kontsumo baliokidea dagoela. Hori horrela dela egiaztatu behar da kontsumo elektrikoen fakturak aurkezturik, zergaren sortzapen egunaren aurreko urteari dagozkionak.

Salbuespen hau soilik denboraldi batean bizitzeko etxebizitza bakarrari ezarriko zaio.

5.13.- Aldi baterako bizilekua den etxebizitzetan, honako baldintzak betetzen dituenean:

Lehena.- Familia/Elkarbizitza unitatea erroldatua egotea Azkoitian dagoen etxebizitza batean.

Bigarrena.- Familia /Elkarbizitza unitateko etxebizitza bati salbuetsiko zaio errekargua, eta horretarako, etxebizitza hauen aurreko urte naturaleko argindarraren kontsumoa , bakoitzeko gutxienez, gutxieneko 1.200 kw dela ziurtatu beharko da

Errekargu honen helburua, herrian dauden etxe hutsei eguneroko erabilera ematea da, baina erabilera gutxi duten bigarren etxebizitzek ez dute horretan laguntzen, eta horregatik eskatu dugu bi salbuespen hauek ezabatzea, eta azken unean udal gobernuak onartu dizkigu soilik.

Ulergaitza egiten zaigu, gure herritarrei, hemen bizi ez direnei baino baldintza zorrotzagoak ezartzen dizkiogunean salbuespen hauetan.

3: zerga tipoa %.

3.-EMENDAKIN PARTZIALA

Irizpeneko lehenengo puntuko hirugarren atalean Azkoitia Bai-k aldaketa bat proposatzen du, %2,8ko igoeraren ordez, igoerarik ez aplikatzea, hau da, bizitegi-izaerako hiri-ondasunei 2025ean % 0,2446a aplikatu beharrean, 2024ko % 0,2379a aplikatzen jarraitzea.

Sarreran arrazoitu dugu emendakin hau, eta ez noa errepikatzera. Esan gai honek azken urteetan buruko min asko eman digula, soilik udal gobernuarekin adostea lortu dugula, eta nola ez, gustura emango diogula gure baiezkoa. 

3.- 2025erako hiri lurren balio gehikuntzaren gaineko zergaren kuota zehazteko funtsezko elementuak arautzen dituen Ordenantza Fiskalaren aldaketaren hasierako onespena.

4.-EMENDAKIN PARTZIALA

Irizpeneko lehenengo puntuko hirugarren atalean Azkoitia Baik aldaketa bat proposatzen du, tipoaren %2,8ko igoeraren ordez %3,2a.

Lehenengo puntuan arrazoitu dugu igoera, eta alde bozkatuko dugu, noski. 

4.- 2025erako eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergaren kuota zehazteko funtsezko elementuak arautzen dituen Ordenantza Fiskalaren aldaketaren hasierako onespena.

Autolikidazioa egiteko erraztasunak ematea ondo deritzogu eta obra klandestinoei laguntzarik ez ematea ere bai noski.

Zerga honetan, inguruko ia beste herri denetan bezala, %5a kobratzen jarraituko da, eta alde bozkatuko dugu. 

5.- 2025erako udal jabari publikoa okupatzeagatiko tasa arautzen duen Ordenantza Fiskalaren aldaketaren hasierako onespena.

5.-EMENDAKINA. OSOKO ZUZENKETA:.

Irizpeneko  tipo orokorraren %2,8ko igoeraren ordez %3,2a, 2,8ko igoera ez duten beste tasak onartuz.

Alde. 

6.- 2025erako hondakin solidoak eta geldoak biltzeko, tratatzeko eta aprobetxatzeko edo deuseztatzeko zerbitzuaren tasa arautzen duen Ordenantza Fiskalaren aldaketaren hasierako onespena.

15 bat urte eskatzen aritu ondoren Europatik derrigortu behar izan zaituzte, guk hainbeste urtez esaten genuena onartzeko. Oraindik zaborretan lan asko dugu egiteko, baina pleno honetan urte askoan defendaturiko gaiak onartu izana ospatu beharrean gara. Nola ez, alde bozkatuko dugu. 

7.- 2025erako zerbitzu publikoak eman eta jarduerak egiteagatiko tasa arautzen duen Ordenantza Fiskalaren aldaketaren hasierako onespena.

6.-EMENDAKINA. OSOKO ZUZENKETA

Irizpenean Azkoitia Bai-k aldaketa bat proposatzen du, tipo orokorraren %2,8ko igoeraren ordez %3,2a, 2,8ko igoera ez duten beste tasak onartuz.

Alde. 

8.- 2025erako Zubiaurre-Elkargune Institutuko kultur, kirol eta aisi-ekipamenduan eta Ugarteigaran estali gabeko igerilekuetan eskaintzen diren zerbitzuen izaera publiko ez tributarioko ondare prestazioa arautzen duen udal ordenantzaren I. eranskinaren aldaketaren hasierako onespena.

7.-EMENDAKINA. OSOKO ZUZENKETA

Irizpeneko lehenengo puntuan Azkoitia Bai-k aldaketa bat proposatzen du, tipo orokorraren %2,8ko igoeraren ordez %3,2a, 2,8ko igoera ez duten beste tasak onartuz.

Elkargunearen kudeaketa aldaketa 2024ean egin behar da, baina atzeratu egingo zaizuela dirudi. Beraz, 2025era begira jarri beharko dugu beste aldaketak egiteko. Gaurkoz %3,2ko igoeraren alde. 

9.- Azkoitiko Udalak sustatutako liburu eta bestelako batzuk saltzeagatik prezio publikoa arautzen duen Ordenantza Fiskalaren hasierako onespena.

Beti ere herritarraren intereseko, eta balio ekonomiko txikiko irabazirik gabeko salmentak izango direla kontutan hartuz, baietz bozkatuko dugu. 

10.- 2025erako Taxi tarifen onespena.

Taxi gidariek beraiek planteatzen duten %2,3ko igoerarekin ados.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide