Azkoitia Baik iraileko ohiko udalbatzarrean esandakoak eta bozkatutakoak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Bai 2024ko ira. 25a, 19:57

Hilero bezala, Azkoitia Bai-k iraileko ohiko udalbatzarrean esandako gehientsuenak bildu ditu idatziz. Jakin, gaur egun zuzenean botatzen dela plenoa, eta ondoren ere ikusgai egoten dela. Nahi izanez gero, hor izango zenukete hitz egindako dena entzuteko beta.

1. Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.

Ados.

2. Herritarrak batzordeko EH Bildu udal taldearen kideen aldaketa.

Beti esan izan dugu alderdi bakoitzak erabaki beharko lukeela nola antolatu. Batzordeko lehendakari, zinegotzi delegatu… eta horrelakoak izendatu beharko dira, baina osterantzekoak izendunak izan beharrik ez dugu ikusten, batzorde informatzaileen osaketako kide kopurua mantentzeak nahiko izan beharko luke, hau da, EH Bilduk nahi edo ahal dituen hiru kide izan ditzala batzordean, izendaturiko kide zehatzik izan beharrik gabe. Gaur egungo udal antolaketa aldatzen hasterik ez du mereziko beharbada, baina hurrengo agintaldirako kontuan hartu beharko genukeela iruditzen zaigu, aldaketa egitea posible balitz behintzat.

3. 2024ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin %2ko ordainsarien igoera onartzea.

Udal langileen ordainsariekin ez dugu inoiz arazorik izan, politikoen ordainsariekin ditugu soilik desadostasunak, eta horiek ere hein handi batean zuzentzen doaz. 2023an udala eratu zenean, politikarion soldataren %20 jaistea eskatzen genuen, eta denena jaitsi ez zenez, aurka bozkatu genuen. Gaur, udal langileen ordainsariak onartuko ditugu, eta politikarioi automatikoki igoko zaizkigu Jaurlaritzan igotzen direnean. Guri ez zaigu justua iruditzen, eta herriko politikarien soldata igoerak, udaleko pleno batean bozkatu beharko genituzkeela iruditzen zaigu. Bestela, gure ustez handiak diren soldatek, automatikoki jarraituko dute igotzen. Beraz, gaur udaletxeko langileek igoera hau izatearen alde bozkatuko dugu, baina hurrengorako, udal langileen igoerak eta politikarienak pleno batean aparte bozkatzeko eta erabakitzeko prest zaudeten galdetu nahi genizueke.

4. Azkoitiko Udala eta Ekiola Energia Sustapenak, S.L.-ren arteko lankidetza hitzarmena onartzea.

Uztailak 9an, Krean (Mondragon kooperatibako enpresa) eta Urretxuko alkatearekin izandako bileran pare bat kontutxo argitzeko beta izan genuen:

  • Merkaturatzailea Ekiluz izango zela, Repsol enpresakoa. Merkaturatze bukaeran 5 euroko prezio finko bat kobratzen zutela soilik, prezio baxua, eta bi urte pasa ondoren, aldatu nahi bazen aldatu zitekeela, hori kooperatibak erabaki beharko lukeelarik.
  • Eta bestalde, mantenua, seguruak eta administrazio lanak Kreanek egingo lituzkeela, baina beti ere 29 euro/MWeko argindarraren prezioa barne.

Horiek argitu ondoren ez genion beste eragozpenik ikusten. Ekiola betelan edo zabortegi baten gainean eraikiko dute, ez dute lehen sektorerako lur zoru emankorrik erabiliko (gai horrekin Azpeitian arazoak izan ziren). Herritarren burujabetza sustatzera eramango gaituela esango genuke; kooperatibako kide egiten dena, beharbada gehiago arduratuko da energia gaiez. Beraz, alde bozkatuko dugu. Horrelako gune bat eraikitzearen alde egoteak ez du esan nahi beste ekimen batzuen aurka gaudenik, eta adibidez, teilatuetan jartzea ere aproposa iruditzen zaigu. Zergetan hobariak ematearen alde eta ahal den heinean herritarra informatzen jarraituko dugu.

5. Kreditu gehigarrien bidez kredituak aldatzeko Zubiaurre-Elkargune Institutuko 2 zenbakidun espedientearen onespena.

Ikastetxeetan igeriketa kanpainak egitearen alde azaldu izan gara beti, pasa den urteko ordainketa batzuk aurten fakturatu dira ,eta gastu horiek ordaintzeko diru gehiago jarri beharko da. Kantxa zatitzeko oihala izorratuta badago, berria jarri beharko da. Eta saskibaloiko kantxa luzearekin nahiko ez dela eta, zabalean aurreikusita zeuden bi kantxa ateratzeko ez da nahikoa beste bi saskirekin, lau beharko dira zabalean beste bi jokaleku ateratzeko. Beraz, falta diren beste bi saski jartzearen alde.

6. Azkoitiko udalaren 2023-2025 diru laguntzen Plan Estrategikoaren 2024 ekitaldiko hirugarren aldaketaren onespena.

Kiroletako departamentutik honako diru laguntza lerro berria proposatu ditu:

  • Azkoitia-Azpeitia erronkarako, 1.800 euro.
  • Azkoitri Ironman munduko txapelketarako, 1.500 euro.

Herritarrak batzordean aurkeztu zizkigutenean, biak ala biak ekimen politak iruditu zitzaizkigun, eta diru laguntza horiek plan estrategikoan txertatu behar direnez, gure baiezkoa emango diogu.

7. Kreditu transferentzien bidez kredituak aldatzeko 8 zenbakidun espedientearen onespena.

Aurreko puntuan esanda bezala, biak ala biak ekimen politak iruditzen zaizkigu, Azkoitia-Azpeitia erronkak urte asko daramatza egin gabe. Bestalde, bi herritarrek Ironman munduko txapelketan postua lortu izana handia da, eta dirutza handia ez denez, alde bozkatuko dugu. Zorterik handiena eta ea emaitza onak lortzen dituzten.

8. Behin betiko onespenen berri ematea.

9. Aurrekontuari buruzko informazioa.

10. Galde-erreguak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide