1. Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.
Ados.
2. 10 H.E. Txalonerreka ekialdea esparruko 10.1.C subpartzelaren Xehetasun Azterketaren behin betiko onespena.
Metro koadro berdinetan, bebarru bat gehiago edo bat gutxiago izateari ez diogu eragozpenik ikusten, eta alegaziorik egon ez dela kontutan hartuta, ados.
3. Telelana arautzeko erregelamenduaren hasierako onespena.
Bere osotasunean erregelamendua ondo dagoela iruditu zaigu, langileek ere ez digute apartekorik azaldu, eta beraz, baietz bozkatuko dugu. Baina, hemen azaltzen den gai bat aipatu nahiko genuke: lan arriskuena. Telelanerako eta beste edozein lanetarako, postu bakoitzak izan ditzakeen arriskuez gain, ohikoena da ikastaro bat jasotzea, eta hemendik aurrera, erregelamendu hau aprobetxatuz, gaur egun udalean lanean dauden eta ikastaro hori egin ez dutenei eskaintzea eskatu nahi genizueke.
4. 1/2024 konpromiso kredituen espedientearen onespena.
Kale garbiketa lizitazioa, lau gehi bat. Makineriaren amortizazioa zortzi urte. Lizitazioa zortzi urtera aterako bagenu, prezioetan izan daitezkeen gorabeherak kontutan hartuz, litekeena da inor ez aurkeztea. Prezioen berrikuspenak ere, legeak, hasiera batean behintzat, ez ditu ahalbidetzen. Teknikoekin ere egon gara beste aukera batzuk aztertzen, baina aukera egokiena aurkeztu zaigun hau dela dirudi. Baietz bozkatuko dugu.
5. Azkoitiko udalerriko kale garbiketa zerbitzua kontratatzeko jardunbideari hasiera ematea.
Aurrekoari baietz bozkatuz gero, honi bestelako boto bat emateak ez du zentzurik.
6. 2023ko Azkoitiko Udala, Zubiaurre-Elkargune Institutua, San Jose Egoitza eta Azkoitia Lantzen, S.A.-ren kontu orokorren eta kontu kontsolidatuaren onespena.
Politikoki hartu diren erabakien aurka behin baino gehiagotan azaldu gara, batik bat Azkoitia Lantzeni lotutako gaietan. Baina kontuak kontu-hartzailetzako teknikoek egiten dituzte, eta horiek ondo eginak daudela ez dugu zalantzarik egiten. Dena den, politikoki gure desadostasuna agertzeko besterik ez bada ere, ez diogu baietzik emango; abstenitu egingo gara.
7.- Kreditu gehigarrien bidez kredituak aldatzeko 3 zenbakidun espedientearen onespena.
Azkoitia 700 ongi etorri eskultura ekuazio honetatik ateratzea eskatu genizuen, baina beste alderdien ezezkorik ez duzuela izango dirudi, eta aurrera jarraitzea erabaki duzue. Ez da gure lehentasuna udaletik 40.000 euro gastatzea eta beste 20.000 euro Antonio Oteiza fundaziotik. Aurrera ez jarraitzeko ezetzak bakarrik balioko luke kasu honetan, beraz, horrela bozkatuko dugu.
8.- Kreditu transferentzien bidez kredituak aldatzeko 7 zenbakidun espedientearen onespena.
Herri galdeketa egiteko aurrekontuan jarri ziren 100.000 euroak orain herritarrek erabaki dituzten ekimen horietara bideratzeko partidak jartzea litzateke kreditu transferentzia honen funtsa. Ondoren, herritarren hitzari behar bezalako garrantzia emateko, partida horiek ahalik eta azkarren bideratzea eskatu nahi genizueke.
9.- Azkoitiko udalaren VII. plangintzaldirako euskararen erabilera planaren onespena.
Guk eginiko ekarpenak onartu dira, eta horrela, eskakizuna ere zerbait igo dela esango genuke. Beraz, ados.
10.- Jaietan indarkeria matxista kasuen aurrean erantzun publiko instituzionala emateko jarraibideen onespena.
Gai honi buruz udaletxean egin diren bost saioetan izan gara. Jaietako protokolo horretan eta laster onartuko den protokolo orokorrean lan txukuna egin dela esan genezake. Gai honetan zeresana izan dezaketen aktore denek parte hartu dute: Berdintasun arloak, nola ez, Udaltzaingoak, Ertzaintzak, Hezkuntzako ordezkariak, Osasun Zerbitzuetakoak, politikariok, udaleko beste arloetako teknikoak... Bakoitzak bere ezagutzatik bere iritzia eman du, eta hemen dena ondo islatuta dagoela esango genuke. Beraz, alde bozkatuko dugu.
11.- 2023 ekitaldiko finantza barne kontroleko urteko txostenaren berri ematea.
12.- 2023 ekitaldian udal kontuhartzaileak planteatutako eragozpenen txostenen, txosten teknikoen eta horiek ebazten dituzten alkatearen ebazpenen berri ematea.
13.- Behin betiko onespenen berri ematea.
14.- Aurrekontuari buruzko informazioa.
15.- Galde-erreguak: San Martingo aparkalekuen batzordeak egindako eskaera.
Esan beharra dago, guri kontu hau iritsi zitzaigunerako eraikuntza baimenak emanda zeudela, jendaurrean egona zela, eta beraz, ez genuela denbora gehiegi izan gaia behar bezala lantzeko.
Dena den, auzoko ordezkariekin bildu ondoren, saiatu ginen eskariei nolabaiteko erantzun egoki bat ematen. Hasieran, alokairura bideratutako irtenbideak planteatu genituen, baina udaletik oso konplikatua zela adierazi ziguten, bai teknikariek, bai politikariek. Dena den, guk garbi genuen belardiak ordezkatuko lituzketen hormigoizko aparkalekuak baino nahiago genituela lur azpikoak, eta herritarrei diru laguntza lerroak zabaltzearena izan zen eman nahi izan genuen hurrengo pausoa; dena den, hemen ere ez genuen babes asko jaso. Beste momentu batean, promotoreak berak eginiko eskari bat aprobetxatu nahirik, prozesu dena tentu gehiagoz aztertu asmoz, eskatzen zituzten aldaketei baimena eman aurretik dena berriro bere osotasunean aztertzeko proposamena ere egin genuen udalean; hor ere ez genuen babesik izan.
Beraz, guk garbi dugu, herritarren eskariei irtenbide egoki bat emateko, egin ahal dena egin dugula.