Agintaldiaren lehen urteko balorazioa egin du Azkoitia Bai herri plataformak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Bai 2024ko uzt. 4a, 14:56

Azkoitia Baiko ordezkariak, iazko ekainean egindako batzarrean.

Agintaldi berria hasi zenetik urtea pasatu den honetan, herritarrei lehen urtearen balorazioa egin zien Azkoitia Bai herri plataformak Elkargunean. Besteak beste, gertatu denaren ikuspuntua azaldu zuen herri plataformak, eta etorkizuneko proiektu berriak landu zituzten.

Agintaldiko lehen urtean udalean jorratu dituzten hainbat gairen inguruko azalpenak eman zituen atzo, asteazkena, Azkoitia Bai herri plataformak, Elkargunean. Batetik, herri plataformaren oniritzirik gabeko gobernu eraketa eta horrek ekarri dituen ondorioak aipatu zituzten, eta bestetik, orain urtebete herri plataformak beste alderdiei luzatu zien idatzian garrantzitsutzat markatu zituzten gaiak eta horiek zain duten eboluzioa. Azken gai horiek artean, besteak beste, parte hartzeak (herri galdeketa eta 2025era begira aurrekontu parte hartzaileak), Oletako zentral eolikoak (alegazioak), egoitzak (igogailuaren gelditzeak eta langileekin zein senideekin bilerak), etxe hutsak (errekarguak), euskarak (UEMA), skate parkea (eta harentzat toki egokiaren aukeraketa), berdintasuna (Geure Gelatik ekimena urtero egitea), harrerak (errolda arazoak eta Kafe Mundialak ekimena)...

Herri plataformak adierazi du "poz handia" hartu duela Azkarateko zabortegia bideratu zuen alderdiak azken egunetan Azkoitia Baik orduan esaten zuen berdina esaten entzundakoan (gaur egun Azkoitia Baik proposatutako lekuan ari dira zabor horiek jasotzen, Lapatxen).

Era berean, Azkoitia Baik herritarrei aurrez-aurre azaldu zizkien kontu horien eta beste hainbaten nondik norakoak, haiek zituzten zalantza guztiak argitzeko beta izan zuten eta etorkizunera begirako proiektuez hitz egin zuten, hala nola apartamentu tutelatuak, herri erdiaren oinezkoentzat garatzea, lur-azpiko aparkalekuak egiteko aukerak, jubilatuentzat toki erosoa izan litekeen gunea. Politikoki herritarrari erantzun egoki bat eman ahal izateko herri plataformak ikusten dituen irtenbide egokienak aztertuz egin zuten lanketa, eta zenbait ondorio atera zituzten:

  1. Orain arte bezala jarraitu, nahiz eta lanerako zailtasunak eta aldatuko denaren esperantza gutxi izan.
  2. Herri plataformak dituen dedikazioetan erabakigarritasunik ez duenez, lan horiek egiteari utzi.
  3. Herri plataformak eragin gehiago izan dezakeen gobernu berri bat aztertu.

Herrira begira erabakirik egokiena hartzea da, beraz, herri plataformak egin zuen urteko balorazioan jasotako erronketako bat.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide