1.- Aurreko bilkuretako akten onespena, hala badagokio.
Ados
2.- 2024ko lanpostu zerrendaren 1. aldaketaren hasierako onespena.
Herriko udaltzainak lau taldetan banatuta badaude, eta horietako bakoitzak bere arduraduna, lehen agentea, izateak badu zentzua. Orain, plaza hori dagoeneko herrian agente bezala lanean diharduen batek betetzea izango litzateke egokiena, eta hala izango dela dirudi, barne promozio bitartez egingo baita. Beraz, aldaketa horrek, herriko udaltzainen kudeaketan onura ekarriko duela dirudienez, alde bozkatuko dugu.
3.- Kreditu gehigarrien bidez kredituak aldatzeko 2 zenbakidun espedientearen onespena.
Mankomunitateko gerakinean 190.000 euro genituen erabilgarri.
Kreditu globaleko partidatik, euskara planak egiteko falta ziren diru laguntzak eman dira eta ELoGE zigilua lortzeko jasoko dugun laguntza ere hemendik ordaindu da. Beraz, premiatasunez egin beharreko ordainketak egiteko, partida hau aproposa denez, hustu aurretik, berriro ere 20.000 eurora arteko kopurua ipintzea aurreikusten da.
Hona hemen udalbatzarrean esandakoa:
Mankomunitateko gerakinean diru bat genuela erabilgarri eta, 2024ean bertako gastuak estaltzeko erabiltzea ondo iruditzen zitzaigula esan genizuen 2024ko aurrekontuak aztertzen ari ginela.
Kreditu globala erabili izana eta berriro diru hori jartzea ondo deritzogu, beti ere kopurua 20.000 euroren bueltakoa bada. Bi ekintzetarako erabili da diru hori batik bat, enpresetan euskara planak egiteko batetik, eta laguntza horiek ematearen alde azaldu izan gara beti.
Baina ELoGE zigilua lortzeko ia 8.000 euro nola atera zenituzten ez zitzaigun batere gustatu. Tokiko gobernu bikaintasuna lortzeko zigilu bat dela esan beharra dago, oposizioarekiko harremana eta parte hartzea asko baloratzen dituena. Zuek beste alderdiak aintzat hartu gabe hartutako erabakia izana ez dugu ulertu eta kontraesankorra iruditu zaigu. Kontratu txiki bidez, udal gobernutik, honelako erabakiak hartzea legezkoa dela jakin badakigu, baina gehiengo osoa ez duzuela jakinda, ez genuen espero horrela jokatzea, are gutxiago udala eratzeko orduan alderdi guztiekin akordioak adostera behartuta egongo zinetela esan zenutenean. Jokaera hau ez da gure ustez egokiena, eta gure iritzia garbi utzi nahi genuen. Aurrerantzean horrelako jokaeren aurrean oposizioko beste alderdien babesa izatea gustatuko litzaiguke. Besterik gabe, oraingoan abstenitu egingo garela esanaz bukatuko dugu, horrela jarraituz gero, hurrengoan kontrako bozka izango dela aurreratuz.
4.- Kreditu transferentzia bidez kredituak aldatzeko 6 zenbakidun espedientearen onespena.
Asko poztu gaitu PIPER elkartekoekin pasa den udaran hasi genuen elkarlanak bere fruituak eman dituela jakiteak. Denon artean herritarren arazoei irtenbidea ematen saiatzen garenean, nahiz eta kolore ezberdinetako alderdiak izan, adostasunera iristen gara borondatea jarriz gero. Gipuzkoako Foru Aldundia bera inplikatzea ere lortu dugu, eta horren ondorio, lehen PIPER eta orain ZIZTU izango denari beraiek emango diela diru laguntza handiena; horrenbestez, hemen gordeta genuen dirua beste zerbaitetan erabiltzeko moduan izango gara, adibidez, hurrengo puntuan jasota dagoen zorra ordaintzeko. Beraz, baietz bozkatuko dugu.
5.- Loiola Berrikuntza Fundazioari 2020ko dirulaguntzaren %20ko ordainketari dagokion kredituen judizioz kanpoko aintzatespenaren onespena.
2020an Loiola Berrikuntza fundazioaren jarduera bukatu eta Iraurgi Berritzenetik kudeatuko zela erabaki zenean, urte horretako eginkizunen %20 ordaintzea falta zitzaigun, zuriketak egin ondoren egiten baikenituen ordainketa horiek. Baina aldaketak aldaketa, ordainketa hori ez zen egin, eta orain ohartu gara, fundazioa desegin nahi denean, egin beharra dagoela. Azpeitiak egina zuen ordainketa, dena batera, %100 kolpera ordaintzen baitzuen. Beraz, guk dugun zor hori ordaintzea izango da logikoena, eta alde bozkatuko dugu.
6.- Janire Igoa Merinok, Iraurgi Lantzen, S.A.-ren Administrazio Kontseiluko, Zubiaurre- Elkargune Institutuaren Kontseiluko eta Antonio Oteiza Fundazioko ordezkaria izateko aurkeztutako eskaeraren onespena.
Jaurlaritzako hauteskundeetako zerrendetan izena ematea eta kargu hauetan egotea, biak batera egitea ezinezkoa zela eta, aipaturiko karguak utzi beharra izan zuen Janire Igoak. Orain, aukeratuen artean izan ez denez, utzitako kargu horiek berriro hartzea erabaki du. Guk ez diogu kontrako bozkarik emango.
7.- Behin betiko onespenen berri ematea.
8.- Aurrekontuari buruzko informazioa.
9.- Galde-erreguak.
- Jakinarazi, parte hartze prozesuaren baitan, herri galdeketako bozketa epea hasiko dela zapatuan, eta herriko plazan egotea pentsatu dugula, herritarrei eman beharreko azalpenak emateko. Beraz, zapatuan 11:00tatik 13:00etara plazara etortzeko gonbidapena luzatzen dizuegu denoi.
- Bestalde, Andremarietan, abuztuak 17an, sokamuturra jartzeko eskaria jaso zenutela esan zeniguten batzordean. Gaur eguerdian gure erantzuna eman dizuegu, gu ez ginatekeela alde azalduko, baina udal gobernuaren erantzuna ez zaigu garbi gelditu. Besteok alde egongo bagina, zuek 17an sokamuturra jartzeko arazorik ez zenutela izango aipatu diguzue. Bi posizionamendu daude: alde edo kontra. Herritarrei zuen asmoa zein den argitzea nahi genuke, eta bide batez, beste alderdiok erabakiren bat hartu baduzue ere jakin egin nahiko genuke.