Oletan ere ez

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Bai 2023ko abe. 24a, 10:39

Eguberri eta Gabon zoriontsuak izan ditzazuela denok! Azkoitia Bai herri plataforma Buruzai proiektuaren aurka.

Azkoitia Bai herri plataformak Buruzai proiektuaren aurka dagoela garbi utzi nahi du hasieratik, eta horrela adierazi dugu idatzi/agerraldi publiko denetan.

Maiatzean izan berri ditugun hauteskundeetako programan hau genion: "Erabakiak hartzen hasi behar dugu, gure herrian ditugun baliabideak aztertu ondoren, non, nola eta noiz eraikiko ditugun, behar-beharrezkoak bihurtu zaizkigun energia garbia sortuko duten azpiegiturak, erabaki behar du herriak. Azkoitia Bai herri plataformak, gaur egun, enpresa pribatu batek, negozioa egiteko, gure mendi puntetan 200 metroko errotak jartzea pentsatu duela eta ez dio baietzik emango, alde batetik gure mendiak zeharo eraldatu aurretik badaudelako aztertu beharreko beste hainbat eremu, eta bestetik ez delako guk herri bezala aukeratu duguna". Baina Iritsi da aukeratzeko/erabakitzeko momentua.

Dagoeneko esku artean dugu proiektua, eta 4,5 eta gehiagoko zabalera duten hamar kilometroko errepideak eraikiko direla badakigu, 200.000 metro kubiko lur mugituko direla ere bai, Iruarrietako estazio megalitikoa alderik alde bide horietako batek gurutzatuko duela, eta 200 metroko altuera duten lau aerosorgailu erraldoi kokatzea nahi dituztela gure mendi puntetan, bi Azkoitian eta bana Azpeitia eta Zumarragan, ondoren sortzen den energia, beste azpiegitura baten bitartez  Ezkio-Itsasora eraman beharko delarik, berriro ere gure errekatxo eta ondarea arriskuan jarriz.

Azterketa instituzional asko egiten dira, baita ondorioztatutakoa argitaratu ere: "Energia berriztagarriaren sorrera banatuaren eremuan aurrera egiteko, tokian-tokiko komunitateen autohornidurarako planak onartuko dira. Plan horien muina baliabide hauen ahalmena izango da: biomasa, fotovoltaikoa, intentsitate ertaineko eolikoa, minieolikoa eta geotermia". Zergatik ez ditugu aintzakotzat hartzen denok ordaintzen ditugun adituek egiten dituzten azterketak? Bidea aspalditik dago markatuta.

Energia burujabetza dabilkigu denon ahotan, baina energia enpresa pribatu erraldoiek nekez ziurtatuko digute hori. Energia burujabetza nahi badugu, denok jarri beharko dugu geure aletxoa, denok zerbait sakrifikatzeko borondatea erakutsi beharko dugu, elkarlana funtsezkoa izango da. Ea lau herriok helburu berdina dugun eta denon indarrak batzen ditugun.

Azkoitia Bai taldeak bere prestutasuna agertzen du, beste alderdi, talde, norbanakorekin elkarlanean, proiektu hau gelditu, eta gure herrira/bailarara egokituko liratekeenak aztertzeko.

Hauteskundeetan izan genituen emaitzen ondoren, beste alderdiei dokumentu bat helarazi genien izenburu honekin Talde/alderdien arteko programa akordioa 2023-2027 agintaldirako, eta hirugarren puntuak honela zioen:

  1. OLETAKO ZENTRAL EOLIKOA: Gai hauetan aditua den abokatu bulego bat kontratatu, proiektu hau gelditzeko. 2023 bukaerarako herrian energia berriztagarriak ezartzeko baliabideak aztertu, eta komunitate energetikoak eratzeko prozedura erabaki.

2024ra begira onartu berri ditugun aurrekontuetan, Xabier Munibe ikastolaren teilatuan eguzki plakak jartzeko eta komunitate berriak sustatzeko partidak jarri ditugu, beraz Buruzai/Oletako proiektua gelditzeko abokatua kontratatzea falta zaigu. Ea alkatetza lortzeko gure bozka behar zuten garai haietan bezala, orain ere adostasuna agertzen duten. Gu ez gara aldatu, orduan esan eta idatzitakoa, gaur egun ere %100ean betetzea nahi genuke.

Energia berriztagarrien aldekoak garela ere behin baino gehiagotan errepikatu dugu. "Energia berriztagarrien alde gaude, eguzkiaren energia, energia hidrologikoa, haizeak erroten bidez emango ligukeena, aerotermia, geotermia, … baina baita mendien alde ere".

Ozenago esatea egongo da, baina garbiago nekez.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide